2019-09-20

GALDAKAOKO JAIETAKO TOPAKETA


Hasi da Berbalagun proiektuan izena emateko kanpaina, eta urtero bezala herriko jaietan geratu dira talde ezberdinetako Galdakaoko berbalagunak, oporren bueltan elkar ikusi eta kanpaina egiteko.

Eguraldia ezin hobea zen, eta mugitu ere ez ziren egin txosnagunetik, urteari horrelako arratsalde gutxi geratzen zaizkiola jabetuta.

Hitzordura berbalagunak eta gurasolagunak hurbildu ziren; gazteak eta ez hain gazteak, emakumezkoak zein gizonezkoak; euskaraz ondo moldatzen direnak eta laguntza apur bat behar dutenak...Azken finean, gurean kolore guztietako pertsonak ditugu eta izango ditugu beti.



Arratsaldea ederto joan zen, eta pote batzuk hartu eta gero, etxerako bidea hartu zuten, urriko lehen hitzordua noiz iritsiko zain.

Atzo, gainera, Berbalaguneko I.asistentzia saria banatu genion aspaldiko kide bati. AEKren Aizu! aldizkariaren harpidetza bat oparitu genion bere taldean 5 urte fin-fin daramatzan Virginia Blascori. Atzo, ezer jakin barik, muleta eta guzti etorri zen topaketari, norbera gogotsu dagoenean oztoporik ez dagoela erakutsiz.

Zorionak, Virginia! Segi orain arte bezain gogotsu eta gozatu opariaz





Eta zu? zeren zain zaude Berbalagunen parte hartzeko? 

Hurbildu zaitez AEK, Udal Euskaltegi edo Euskara Zerbitzura eta eman izena, euskara hobetzeaz gain, lagun berri asko egingo dituzu eta!

galdakao_berba@aek.eus helbidera ere bidal dezakezu mezua edo deitu
607 146 855 zenbakira (WhatsApp bidez ere egin dezakezu eskaera)