2019-12-04

GALDAKAOKO 6.MINTZODROMOA ETA EUSKARAREN EGUNA

Egun markatua dugu abenduaren 3a. Atzo, beste behin ere, lepo egon zen Torrezabaleko areto nagusia, goizean antolatu genuen mintzodromoari esker. AEK, Udal Euskaltegi, Eguzkibegi eta institutuetako ikasleak ez ezik, berbalagunak eta euskaltzale ugari ere elkartu ziren kultur etxean,guztira 125. Bertan, Black Friday, Durangoko Azoka eta gaur egun kirolak duen garrantzitsua izan genuen hizpide, eta atseden gabe eragin genion mingainari




Euskara da ekitaldiaren protagonista nagusia, baina mintzodromoa oso anitza da; izan ere, bertan, adin, sexu, jatorri eta errespetuan eraikitako iritzi guztiek dute lekua. Ezin aipatu gabe utzi aniztasun horren isla diren herriko elkarte laguntzaileak: Zizpa, Bagabiz, Patakon, Bertso-eskola, Orreaga eta Erabide. Eta elkarteez gain, Manu Etxebarria, Miren Elorriaga eta Berbalaguneko bidelaguneko Pili Gonzalez bidelaguna




Arratsaldean, Udalak eta herriko zenbait taldek antolatutako mosaiko argitsuan hartu genuen parte, euskara (ber)pizteko asmoz. Kalean hotz handia zegoenez, dantza apur bat ere egin behar izan genuen, kandela bana lurrean kokatu eta denon artean "Piztu euskara" leloa eratu genuen arte. Azkenik, argazki ederra atera ziguten bertaratu ginen berbalagun, euskara ikasle eta bestelako euskaltzaleoi.




Kandelak lurrean utzi eta euskaltegira bueltatu ziren AEK-ko B2 eta C1eko ikasleak, arratsalderako prestatuta zegoen mintzodromo txikiari ekiteko. Ikasleak 3 gelatan banatu genituen, eta goizeko saiokoek bezala, txokolate beroa eta pastez gozatu zuten, kalean pasatutako hotzari aurre egiteko. Gure Esku Dago-ko Nekane Larrea etorri zitzaigun dinamizazioan laguntzera, eta berak ere ederto pasatu zuen.


Eguna borobiltzeko, Usansoloko lehen mintzodromoa antolatu zuten Usansolon Euskaraz taldeak eta    AEK-k, elkarlanean. Txapelenan ere ez zen pasta eta txokolaterik falta, eta argazkian guztiak agertu ez arren, 18 lagun batu ziren bertan.





Zorionak eta eskerrik asko atzoko ekitaldi guztiak aurrera ateratzen lagundu zenuten erakunde, talde eta norbanako guztioi!

2019-12-03

BASKOT GAUA


 Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunen eta euskara ikasleen jai ospetsua ospatzen dugu: Baskot Gaua.
Dakizuen moduan, urteari bukaera alaia emateko antolatzen dugun festa da, euskara ikasleek eta berbalagunek parte har dezaten. Bi baldintza soilik bete behar dira: kapela buruan duzuela etortzea eta euskal abesti baten koreografia prestatzea; biak taldeka.
Aurten kapelaren gaia "URTAROAK" da, eta horren inguruko kapela sortu beharko du talde bakoitzak; gainera, prestatutako koreografia eszenatoki gainean aurkeztuko dugu, partaideen gozamenerako!!
Hortaz, anima zaitez giro ederra egongo baita: 20etan geratuko gara Bananas tabernan poteoarekin hasteko. 20:30ean San Jose ikastetxera joango gara, eta bertan edari eta pintxoak izango ditugu zain. Pilak kargatu ostean, ustekabeko ikuskizun dibertigarria izango dugu animatzaile, eta bukatzeko, ikasle, berbalagun eta irakasleen koreografiak!!
 Galduko duzu?? Ez, ezta? Hortaz, hasi kapela eta koreografia prestatzen eta arrasti hori libre eskatu etxean, ederki pasatuko dugu eta!!
EGUNA: ABENDUAREN 13a
ORDUA: 20:00etatik aurrera
LEKUA: Poteoa Bananas tabernan,eta jaia San Jose ikastetxean( azken momentuko aldaketarik balego, abisatuko genuke)
Praktikatu eta bizi!!!

2019-11-30

GALDAKAOKO GURASOLAGUNEN LEHEN TAILERRA: HUESITO GOXOAK!!!


Kuadrilla ederra elkartu zen atzo Galdakaoko Gurasolagunen ikasturteko lehen tailerrean. Guztira 9 familia,28 lagun, sartu ziren Asier dinamizatzailearen Berezioetxeko txokoan. Ume eta ez hain ume direnei horrenbeste gustatzen zaizkien huesitoak egin genituen, Tere eta Josuren argibideei jarraituz. Emaitza? dendan erositakoak goxo badaude, imaginatu etxean egindakoak...itzelak!



Umeak primeran moldatu ziren txokolatea barkilloetan zabaltzen, eta gurasoen laguntzari esker moztu eta bata bestearen gainean jarri zituzten. Lehenago esan bezala, Tere arduratu zen atzoko tailerra gidatzeaz, baina guraso guztiak egoten dira beti laguntzeko prest, eta horra elkarlanaren adibide bat: batzuk harrikoa egiten, beste batzuk txokolatea urtzen, mahaiak garbitzen...Eta gainontzekoak?


Besteak, txokolatea urtu bitartean, umeekin jolasten. Izan ere, ez da erraza 16 ume 30 metro karratuko lokal batean gobernatzea. Beraz, zoritxarrez, gaur egun gero eta gutxiago ikusten den egoera bat bizi izan genuen atzokoan: umeak kalean,  soka saltoan jolasten. Zeinen gustura aritu ziren! Ideia bikaina, Sergio!




Eguna borobiltzeko, Euskaraldiaren harira Bagabiz Euskara Elkarteak antolatutako bertso-bingora joan ziren familia batzuk, eta han ere ederto pasatu zuten. Bitxia da, iaz ere Euskaraldiaren ekitaldian elkartu ginen lehenengoz. Ea iazkoa bezain emankorra den 2019-20 ikasturtea! Atzokoa ikusita, behintzat, seguru!!!
j
Eskerrik asko, Tere eta Josu, atzo lan ederra egin zenuten eta!