2019-10-16

BASAURIKO BERBALAGUN TALDE BEREZIAK

Aupa, Berbalagun zein euskaltzale!!
Kartel honen bidez Basaurin dauden Berbalagun talde berezien informazioa plazaratu nahi dugu. Momentuz 3 talde martxan ditugu aurreko urteetatik: txalaparta taldea, asteazkenetan 20etan elkartzen da Gaztetxean; dantza talde 2 ditugu; maila baxua dutenak eta arituak. Lehena ostiraletan 18etan elkartzen da Pozokoetxeko kultur etxean; bigarrena, egun eta leku berean 19etan. Eta martxan dagoen hirugarren taldea mendi taldea da; hilean behin mendi irteera bat egiten saiatzen gara, larunbat edo igandeetan.

Martxan daudenez gain, aurten irakurketa taldea sortu nahi dugu, taldean ipuin errazak irakurri eta horien gaineko hausnarketa, iritziak...emateko helburua izango duena.

Hortaz, halako talde batean parte hartu nahi baduzu, edo informazio osagarria jaso nahi baduzu, jarri kontaktuan gurekin telefono, Facebook edo e-posta bidez, eta gustura asko azalduko dizugu funtzionamendua!! Eta nola ez, proposamen eta ideia berriak egiteko aukera duzue, guretzat lagungarri izango dira gainera.

Animatu zure gustuko ekintzak euskaraz egitera eta hurbildu Berbalagun proiektura, ez zara damutuko eta!! Euskaraz eta euskararekin gozatzea posible baita!!
Praktikatu eta bizi!!

BASAURIKO BERBALAGUNEN TOPAKETA

Aupa, Berbalagun!!
Ikasturte berria dagoeneko martxan da, eta Basaurin urriaren 20an egingo den bertso-saioa baliatuz, Basauriko Berbalagunen Topaketa egitea proposatzen dugu.

Bertso-saioa Basauriko jaien egitarauaren barruan sartuta dago, eta urriaren 20an,igandean, arratsaldeko 18:00etan ospatuko da. Hori dela eta, aukera ona dela uste dugu talde ezberdinetako Berbalagunek elkar ezagutu, udari buruz hitz egin, ikasturterako nahiak eta ideiak adierazi, eta nola ez, familia argazki polita egiteko, Basaurin euskaltzaleok bagarela erakusteko!!

Beraz, gonbita luzatzen dizuegu bertso-saioa elkarrekin ikusi, komentatu eta pare bat  trago hartzeko. Opariak eta sorpresak ere egongo dira...ez pentsatu birritan eta pasa zaitez Solobarria plazatik!!
Praktikatu eta bizi!!

2019-10-06

GALDAKAOKO OSTEGUNEKO BERBALAGUNAK "APIRILEKO AZOKAN"

Ikasturte hasiera guztietan bezala, ostegun gaueko taldeak afari ederra antolatu zuen atzo, kurtsoa behar den moduan hasteko asmoz.
Beste batzuetan, kide berriei ongi etorria emateren aitzakian egin izan dute, baina aurten beste arrazoi bitxi bat egon da tartean. Izan ere, Aurreko ikasturtearen azken egunean, urdaiazpiko bat tokatu zitzaien taberna batean, eta uda osoa ondo gordeta izan dute, oporren bueltan jateko



Ez dakigu nongoa zen urdaiazpikoaren jatorria, baina seguru ez zela Andaluziatik urrun egongo. Zerbait barregarria prestatu nahi eta, "Apirileko azoka" bitxia ospatu zuten, urriaren hasieran, irabazitako pernila eta bestelako produktu gozo batzuk txokoan bertan prestatu eta gero.




Mantzanillarik ez zen egon, baina ez zen garagardoa eta ardorik falta. Jateko, ordea, denetarik egon zen: patata tortilla, odolostea, saltxitxak, otarrainxka opilak eta postrerako izozkia eta pastela. Horrek guztiak osatu zuen denon artean osatutako menua. Gainera, espero ez genuen laguntzailea izan genuen jo eta ke lanean. Ander txikia ibili zen zerbitzari lanetan, eta, egia esan, primeran moldatu zen jendeak eskatutakoa zerbitzatzen
Afaria amaitu eta batzuek etxerako bidea egin zuten. Beste batzuk, berriz, afaria bera bezain errotuta dagoen afalosteko mahai-jolasetan aritu ziren gauerdira arte. Bilboko jaietako Monopolia estrenatu zuten Asierren aginduetara eta oso ondo pasatzeaz gain, ziur zerbait ikasi zutela, jokoa irabazteko gure kulturarekin erlazionatutako hainbat probari egin behar izan baitzioten aurre.



Eta zu zer? Zeren zain zaude horrelako jende jatorra ezagutzeko?
Eman izena galdakao_berba@aek.eus e-postan eta berehala bilatuko dizugu zuretzako egokia den taldea