2018-02-05

ZEATARA (BEDIA) MENDI BUELTA ETA KANPORAMARTXO


Kuadrilla ederra batu ginen atzo, Bediako Zeata mendira igotzeko. Eguraldiaren aurreikuspenak ez ziren batere onak, baina argi geratu da ,beste behin ere, jendea gogotsu dagoenean, edozein oztopori egin dakiokeela aurre. Horixe dio esaerak: "Gogoko tokian, aldaparik ez"






Eta aldapa egon bazegoen. Izan ere, jende gutxik ezagutzen duen Zeata mendia oso garaia izan ez arren, igoera maldatsua dauka. Bai horixe! Tontorrera heldu, talde argazkia egin eta inguruko paisaiaz gozatzeko tartetxo bat hartu genuen, bueltako bideari ekin aurretik.Upo eta Mandoia hurbiletik, baina baita Gorbeialdeko mendirik altuenak ikus zitezkeen laino artean.




Atzokoa ez zen ohiko irteera izan. Usansoloko Burtotza Mendi Taldeak eta Apario Euskera Elkarteak kanporamartxoren aitzakian antolatutako ekintza izan zen. Eta mendiaren edertasunaz gozatzeaz gain, hainbat azalpen eman ziguten inguruko baserriei buruz, eta, batez ere, kanporamartxo egunari buruz.

Asto honek ere zerbait esan nahi zigun, baina ez genion oso ondo ulertzen!





Ibilbidea amaitu baino lehen, euskera taldeko kide baten baserrian egin genuen geldialdi bat, txorizoa, hirugiharra, gazta eta baserriko beste gutizia batzuk jateko. Eta horrelako eguraldi kaskarra izanda, egia esan, ez zait hamaiketako hoberik bururatzen, mendian utzitako indarra berreskuratzeko.Zoragarria!!!





Aspaldiko ohitura da kanporamartxo; atzo, gainera, Agate deuna bezperarekin bat egin zuen. Guk espero dugu ohitura bihurtzea atzo bezalako irteerak egitea, Usansoloko kuadrillarekin edonora joan daiteke eta. Badakizue, "Lagun onekin, orduak labur"

No comments:

Post a Comment