2018-06-14

BOGA GARAGARDO DASTAKETA BASAURIN

Arratsalde interesgarri bezain freskagarria izan zen aurreko ostegunean Bolintxu euskaltegian pasa genuena. Edonori gomendatzeko modukoa baita guk geuk errepikatzekoa ere.

Tailerrari hasiera 18etan eman genion, eta argazkian ikus daitekeen bezala, lehendabizi Boga-ko Enekok euren garagardoaren ekoizpenean ematen dituzten pausuak azaldu zizkigun bideo batzuen laguntzaz: garagar alea zelan zatitu, nahasketa nola egin, tenperaturarekin zelan jokatu...

Horren ostean, garagardoa egiteko erabiltzen dituzten lehengaiak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki genuen; garagar mota desberdinak eta lupuloa ( garagardoa egiteko ezinbestekoa) ekarri zituen Enekok, eta mota bakoitzarekin zein garagardo ekoizten duten ederki azaldu zigun.
Eta bukatzeko, denok itxoiten ari ginen momentua iritsi zen: garagardo desberdinak dastatzeko unea, hain zuzen ere. Izan ere, bost garagardo mota desberdin ekarri zituen dastatzeko, eta banan-banan probatu genituen, garagardo bakoitzaren zapore, usain, kolore...diferenteak identifikatuz. Garagardoarekin, koloreekin bezala, norberak bere gustukoena du eta argi ikusi genuen aurrekoan ; batzuek argia nahiago; besteek beltza; beste batzuek gorria edo "afrutatua"...hori bai, guzti-guztiak modu artisanalean eginak eta bertako produktuekin. Horrek guztiak balio erantsia ematen dio Boga garagardoari, artisau eran produzitzeaz gain, Euskal Herriko produktuak erabiltzen dituztelako, horrek dakarren onura ekonomiko, sozial eta natural guztiekin.

Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren 28 lagunei, eta nola ez, Enekori, hain azalpen zehatz, ulerterraz eta argiak emateagatik. Munduko zorte onena opa diogu Boga kooperatibari eta espero dugu etorkizunean gure bideak berriro elkartzea!
Praktikatu eta bizi!!


No comments:

Post a Comment