2018-11-22

GALDAKAOKO AURKEZPEN JAIA

Urtero bezala, egundoko jaiaz gozatu dute Berbalagunek eta euskaltegietatik etorritako ikasleek gaurkoan.
Hitzordua 19:00etan jarrita zegoen arren, tantaka etorri zaizkigu, baina orotara 50 lagun inguruk hartu dute parte. Bejondeigula!
Partaide gehienak berbatalde edo euskaltegiko kideekin sartu dira, eta lehen ordu laurdena aprobetxatu dute lagunekin hitz egin eta menuko ze ekintzatan parte hartuko luketen adierazteko


Jolasekin hasi baino lehen, Ganguren tabernako langileek prestatutako pintxo gozoak dastatu ditugu, hastear ziren probetan barruko onena emateko. Tortilla, urdaiazpikoa, gazta eta kroketa goxo-goxoek eman digute beharrezko indarra, lotsa alde batera utzi eta umeen antzera jolasteko. Eta pintxoek zerbait izango zuten, izan ere, lehian gazteak zein edadekoak hustu egin direla aitortu behar dugu.


Berehala nahastu ditugu ezagutzen ez zuten jendearekin, horixe baita jai honen helburuetako bat, hau da, euskaraz praktikatzeko lagun berriak egitea. Eta lagunak diren 20 marrazki bizidunekin bikoteak egin behar izan dituzte hasieran. Ondoren, bikote bakoitzak falta zuen esaera zahar baten erdia osatu du, eta lauko taldeak eratu ditugu. Eta askotan pailazoarena egiten dugunez, kapitanak identifikatzeko, pailazo sudurra!

 Telebistan ezaguna den "Ahora caigo" saioaren euskarazko bertsioa erabili dugu, berbalagunek 15 panel asmatzeko. Eta jolastu direla aipatu arren, tentsio handia izan dute epai-mahaikoek, galerak erantzuteko, momentuz, pultsadore automatikorik ez dugulako. Hori da lehiakortasuna hori! Eskerrak saririk ez zegoela tartean...kar, kar, kar! Mikrofonoa eskuan duen Mikelek asmatu ditu erantzun gehien, baina denok egin dugu barre gogotik.

Eta zer izango litzateke gure jai bat musikarik gabe? Imajinatzen duzue? Neuk ere ez. Euskal abesti mitikoez osatutako zerrenda asmatu behar izan dute, baina zailtasun batekin: abestiak 5 segunduz jarri eta kendu egiten genuen. Ariketa honetan, Asun ibili da trebeen, baina partaide gutxi izan dira mikrofonoa hartu eta azkenean abestu ez dutenak. Eta seinale bat balitz  bezala, "Agur Xiberua" kantarekin eman diogu amaiera egunari; ikasturteak, ordea, zita asko ditu.

Beraz, hurrengoa ondo apuntatu: abenduaren 3an, 10:00etan, urtero bezala mintzodromoaren 5.edizioa antolatuko dugu Torrezabal Kultur Etxean. Oraindik garaiz zaudete izena emateko. Zeren zain zaudete?

Animatu

No comments:

Post a Comment