2018-11-12

OSTEGUNEKO BERBALAGUNEN ONGI ETORRI AFARIA


Urtero bezala, ostegun arratsaldeko Oñarteko berbalagunek afari bat antolatu zuten joan den ostiralean, kide berriei ongi etorria emateko.

Ikasturte honetako aurpegi berri bakarra Andonirena da, baina ostiralean Barrengorri txokoan izan zen giro itzela jendearen belarrietara heltzen bada, seguru "fitxaje" gehiago batuko zaizkiola talde beterano honi.





Izan ere, afaria 22:00ak aldera hasi zen arren, taldeko zahar zein berriek ordu bi lehenago ekin zioten Roberrek prestatutako gutiziak probatzeari. Tira, odoloste eta saltxitxei gutizia deitzea, agian, gehiegi izan daiteke, baina ez ziren denbora luzez barran egon; beraz, primeran egon ziren seinale, dudarik gabe.








Tertulia gozoan trago batzuk edaten egon eta gero iritsi zen ohitura bihurtu den menua ahoratzeko momentua. Urtero komentatzen dute beste zerbait egin daitekeela, baina saiheskia patata erre eta saltsa berezi horrekin hain gozo egonda, zertarako aldatu denen gustukoa dena?

Afalosteko giro paregabea da aldatzen ez den beste gauza bat. Aurten ere goizeko ordu txikiak arte egon dira mahai baten bueltan, dinamizatzaileak eramandako mahai-jokoen aitzakian. Kili-Kolorekin hasi eta telebistako Ahora caigo eta Scattergories-en euskarazko bertsioekin eman zioten amaiera gau borobil honi. Datorren urtean beste norbait animatzen bada, badaki zein den plana, lekua eta menua

No comments:

Post a Comment