2019-01-24

KORTXOZKO BARKUEKIN JOLASTEN

Urtarrilaren 14an izan zen Basauriko lehen Gurasolagun saioa, eta argazkian dauden lau familiak izan ziren parte hartzaileak. Aurpegietan ikus daiteke ondo pasa zutela, bai umeek, baita gurasoek ere.
Barku hauek egiteko beharrezko materiala prest zuten iritsi zirenerako: kortxoak, tamaina desberdinetako zotzak, "gomaeva" belak egiteko, kortxoak lotzeko gomatxoak, artaziak eta kola zuria. Ondo pasatzeko gutxi nahikoa dela argi ikusi genuen.
Hasteko, kortxoak gomatxoen bidez lotu zituzten; ondoren, "gomaeva" moztu zuten euren gustuko belak sortuz; jarraian, zotza belan sartu zuten eta amaitzeko, zotza kortxoetako batean sartuz barkua bukatu zuten.
Mekanismo erraza zenez, familia bakoitzak bi barku egin zituen, tamaina, kolore eta apaingarri desberdinez osatua. Bigarren barkua bukatzean, intxaur-barkua egiteari ekin zioten: intxaurra aizto batez zabaldu zuten, poliki-poliki, oskola apurtu ez zedin. Gero, oskolaren barnealdean plastilina zati bat jarri zioten, bertan zotza txertatzeko. Eta bela egiteko, lehen egindako prozedura errepikatu zuten.
Azkenik, barkuak ondo egin genituen baieztatzeko, uretan sartu genituen eta esan beharra dago fin  ibili zirela, denek flotatzen baitzuten!! Lana ondo egin zuten seinale, dudarik gabe.
Saioari amaiera emateko, lastotxo batekin  barkuei putz eta putz aritu ziren umeak, barku bizkorrena zeinek egin zuen erabakitzeko!!
Lehen saioa izateko ederki pasatu genuen, eta hemendik aurrera familia gehiago animatzea espero dugu, guraso eta haurren artean ordubete alaia igarotzeko plan ezin hobea baita, eta gainera, euskaraz!!
Praktikatu eta bizi!!



No comments:

Post a Comment