2020-01-26

GATZATUEN POTEAK MARGOTZEN


Beste batzuetan baino familia gutxiago elkartu ginen joan den ostiralean, baina umeek zein gurasoek, beti bezain ondo pasatu zuten. Urreta ikastetxean elkartu ziren, gatzatuen poteak koloreztatu eta luzaroan iraungo dien landare bat landatzeko. Materiala Sergiok eta Nirak eraman zuten, eta primeran eman zizkiguten argibideak, gure lagun berriek hemendik 10 urtera bizirik jarrai dezaten.


 Birziklapenaren garrantzia ikasi dugu, berriz ere, ikastaro polit honetan, zaborrera botatzekoak ziren poteei bigarren erabilera eman baitiete gure txikiek. Eramandako akuarelei esker, estilo askotako lorontziak margotu zituzten: abstraktuak, izendunak, mendia edota animaliak agertzen zirenak...Hori bai, den-denak oso koloretsuak eta zein baino zein politagoa!



10 kolore izan zuten aukeratzeko, baina koloreak nahastuz, beste gama batzuk sor daitezkeela ere gogoratu genuen. Gorria eta berdea, marroia; Gorria eta horia, laranja...Haurtzarora bueltatu ziren guraso batzuk!
Poteak ez ezik, orri zurietan ere gauza  politak sortu zituzten umeek. Gaur egungo artea modernoa ezagututa, batek daki, agian etorkizunean Guggenhein museoan ikusiko dugu baten bat. Beraz, badaezpada, ez bota!


Poteen margoa sikatu behar zen, eta denok dakigu txikiek pazientzia gutxi daukatela. Bada, pinturatik antzerkira egin zuten salto, inork ezer esan barik. Izan ere, eskolako areto-nagusiak daukan antzeztokira igo eta gortinen atzean buruari ez eragitea ez da batere erreza izango. Agian, poteekin baino hobeto pasatu zuten aktorearena egiten. Batean zein bestean, argi geratu zen sormen handiko harrobia dagoela herrian.


Txalo bero bat Nira eta Sergiori, zuek ere artista hutsak zarete!

No comments:

Post a Comment