2020-01-31

TUPPER SEX BASAURIN

2020 urteari hasiera emateko, Hego Uribeko Berbalagunok lehen ekintza osagarria antolatu genuen: hitzaldi afektibo-sexuala edota tupper sex-a!
Esan behar da partaideek eskatutako ekintza zela, eta horrez gain, euskaltegietako ikasle asko ere hurbildu zela hitzaldira; horrek guztiak 50 lagun baino gehiago elkartzea ahalbidetu zuen!
Hitzaldia urtarrilaren 23an izan zen, ostegunez, Basauriko Pozokoetxe kultur-etxean, arratsaldeko 18etan. Iritsi ginenerako Ane bertan zegoen, hitzaldia emango zuen sexologo alai eta naturala, bera jostailu eta guzti! (goiko argazkian ikus daitekeenez).
Aulkiekin borobil handi bat egin genuen, partaideok aurpegiak elkar ikus genitzan, eta azalpenak ematen hasi zen, baita jostailu eta gelak aurkezten ere. Harrituta geratu ginen merkatuan dagoen "produktu" kantitatearekin, eta Aneren azalpen zehatzek erabilera ulertzen lagundu ziguten, betiere aholku eta gomendioez lagunduta.
Hitzaldiak ordu eta erdi iraun zuen, eta partaideek lotsa galdu ahala, galderak eta zalantzak jaurti zizkioten sexologoari, berak naturaltasun osoz argitu zituenak. Eskertzekoa izan zen bere jarrera, heziketa sexualari buruz naturaltasun osoz hitz egiteaz gain, jendea eroso sentiarazi baitzuen. Gainera, gauza berri asko ikasi genituen sexuari, gure gorputzari...buruz, eta dena konfiantzazko giro batean!!
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Alborabide elkarteari, euren bitartez antolatu baikenuen hitzaldia; eta nola ez, Ane gure sexologo alaiari, hitzaldi hain erakargarri eta entretenigarria egiteagatik!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!



No comments:

Post a Comment