2019-06-24

EUSKAL TRIBIALA

Nai Lua teterian izan zen hitzordua, ekainaren 14an, arratsaldeko 20etatik aurrera. Basaurin "Tribial" jolasa euskaraz egiteko lehen saiakera zen eta ez genekien ziur jendeak erantzungo ote zuen. Baina 20 Berbalagun agertu ziren jolasteko eta ondo pasatzeko asmoz, eta sentsazio oso positiboa utzi zigun saiakerak.

Agertutako partaideak 5 taldetan banatu genituen eta jolasa azaldu genien: proiektorean ikusiko zituzten galderak eta gero erantzunak denon artean ikusiko genituen proiektorean, tranparik egon ez zela ziurtatzeko. Galderak 3 multzotan banatu genituen, eta multzoko 10 galdera izan ziren: aktualitatea, kultura orokorra eta ikus-entzunezkoak (bideoak, abestiak...).

Dinamizatzaileak galderak ozen irakurtzen zituen proiektorean agertzen ziren une berean, eta minutu/ minutu eta erdiko tartea zuten taldeek erantzuna paperean idazteko. Horrela lehen galdera sorta bukatu arte. Ondoren, denon artean erantzunak ikusi genituen eta talde bakoitzaren puntuazioa apuntatu genuen.
Lehen bi multzoak osatu ostean, atsedenaldia egin genuen nahi zuenak zigarroa erre zezan, edo hankak luzatu zitzan. Eta azken multzoari ekin genion, interesgarriena iruditu zitzaiena: bideoak, abesti zatiak, filma batzuen elkarrizketa zatiak...izan zituzten ikusgai eta entzungai, eta horiek baliatuz proposatuta galderak erantzun zituzten.  Amaieran, talde irabazle eta galtzaile bana egon zen, eta sari eta zigorra, noski: irabazleek Praktikatu zerbitzuko poltsa ekologikoak eraman zituzten, galtzaileek, berriz, karaokea egin behar izan zuten.

Harrera ona ikusita, uda ostean hilean behin egitea aurreikusi dugu ea horrela Basauriko euskaltzaleen artean erreferente izatea lortzen dugun, eta hala, euskaraz gozatzeko beste aukera bat eskaintzen dugun. Urrian gehiago!!
Praktikatu eta bizi!

No comments:

Post a Comment