2019-12-17

BASAURIKO GURASOLAGUNAK PINGUINOAK EGITEN


Kosta zaigu elkartzea, baina azkenean lortu dugu 2019/2020 ikasturteko lehen  Gurasolagun tailerra egitea Basaurin. Guraso eta seme-alaba berriek izena eman dute, eta guztientzako egun aproposa topatzea izan da zailena, baina itxaroteak merezi izan du.
Goiko argazkian ikusten den legez, negua gainean dugunez pinguino barregarriak egitea izan genuen helburu, baita lortu ere! Esan beharra dago ideia Galdakaoko Gurasolagunei hartu diegula, beraz, ezer baino lehen, eskerrak ematea dagokigu!


Tailerrari dagokionez, egiteko erraza eta dibertigarria izan zela aitortu behar dugu; gainera, familia bakoitzaren irudimenari bide eman zion, norberak pinguinoei apaingarri bereziak jarri zizkion eta. Hasteko, familia bakoitzak etxetik 2 ur botila txiki ekarri zituen, pinguinoen gorputzak izango zirenak. Ondoren, umeak hasi ziren gorputz hori kotoiz betetzen: poliki-poliki baina gelditu gabe. Bitartean, gurasoak fieltro eta gomaeva beltza mozten hasi ziren, pinguinoen "jantzia" izango zena, noski, "animaliaren" gorputzaren tamaina kontuan hartuz. "Jantzia" botilara itsasteko silikonazko pistolak erabili genituen, eta egia esan oso ongi funtzionatu zuten: azkar eta egoki itsatsi ziren.
Behin gorputza beteta eta jantzia jarrita, familia bakoitzak osagarri ezberdinak gehitu zizkion norbere gustu eta irudimenaren arabera: mokoa eta oinak egiteko gomaeva laranja, kartulina marroiarekin kapela, artilearekin tapauka, ohial zatiekin gerrikoa...

Lehen aipatu bezala, familia bakoitzak bi botila ekarri zituen, hortaz, lehen pinguinoa amaitzean bigarrena egiteari ekin zioten, oraingo honetan azkarrago, mekanismoa barneratuta baitzeukaten dagoeneko. Aitortu behar dut azken emaitzak uste baino ederragoak izan zirela, material gutxi erabiliz eta sinple-sinple emaitza txundigarriak lortu daitezkeen seinale!!

Poz-pozik amaitu zuten gure familiek, eta Gabonak pasa ostean berriro elkartuko garela promestu genion elkarri. Zein izango ote da hurrengo eskulan edo tailerra? Gurekin parte hartu nahi duzu? Bada adi ibili eta segi ezazu gure bloga, bertan iragarriko baitugu! Ordurarte, ongi pasa Gabonetako oporrak eta asko jolastu euskaraz!

PRAKTIKATU ETA BIZI!

No comments:

Post a Comment