2019-12-17

BASKOT GAUA



Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunek eta Aek-ko ikasleek gauza bi baino ez dituzte buruan: bata, Baskot Gaua, eta bestea, argi dago: KAPELA!! kar, kar, kar

Helburua jai parte hartzailea egitea izaten da, eta horretarako partaideek taldeka kapela bat egin behar dute festara eramateko. Aurtengo gaia "URTAROAK" izan da, eta horren inguruko kapela desberdin ugari ikusi genituen pasa den ostiralean: udazkena irudikatzen, lau urtaroak...buruari eragin zioten behintzat!!

Hasteko, Basauriko kaleetatik poteoa  egin genuen, motorrak berotu eta giroa animatzeko ( bide batez, basauriarrek ikus gintzaten). Pote bi hartu ostean, San Jose ikastetxera abiatu ginen, festaren mamia bertan baikeneukan prest.

San Jose ikastetxe barruan jatekoa eta edatekoa zuten prest Berbalagun eta ikasleek. 45 minutuz jaten, edaten, hitz egiten...egon ostean,benetako jaiari hasiera eman genion: Taupaka sortzaileen elkartearen partez etorritako Txikik egindako bakarrizketa eta ikasle eta berbalagunek prestatutako koreografia mundialak!!

(bakarrizketa hasi aurretik)


Argazki honetan ikus daiteke Txiki, bakarrizketa egin zuen artista, zentzu on guztietan, jaialdia bideratzen, gu guztiok barre algaraka aritu ginen bitartean. Oso originala eta dibertigarria izan zen, eta hasiera mailan dauden ikasleentzako oso aproposa, hizkera behe urratsetara moldatzeaz gain, gure belaunaldiko kontuen inguruan aritu baitzen, denok identifikatuta sentituz!
Ordubete pasatxo barrez lehertzen aritu eta gero, koreografien ordua iritsi zen. Taldeka atera ziren gure partaide animosoak, eta ordura arte nahikoa barre egin bagenuen ere, hortik aurrerakoa izugarria izan zen! Basaurin euskara eta umorea badabiltza!! Eta lotsa gutxi...kar,kar,kar
Bukatzeko, kapela onena eta koreografia onena saritu ondoren, koreografia irabazlea denon artean dantzatu genuen festari amaiera emateko. Hurrengo urtean itzuliko gara euskaraz gozatzeko asmoz!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!

No comments:

Post a Comment