2011-11-22

Lagun asko elkartu gara, baina gehiago nahi ditugu.

Aspaldiko berbalagun!

Taldeak urriaren hasieran geratzen hasi arren, hau da aspaldian idatzitako lehen kronika.

Iraila eta urria oso hilabete neketsuak izan dira, ahalik eta lagun gehien biltzen saiatu garelako. Egindako lanaren emaitza oso positiboa da. Izan ere, iaz baino 35 berbalagun gehiago animatu dira aurten gurekin batera euskararen aldeko bide hau egitera. Talde kopuruak ere, normala denez, gora egin du: iaz baino hiru talde gehiago ditugu.

Ikastaroei dagokienez jakin beharrekoak:

- Dantza taldea
Iazko dantza taldeko irakasleak oraingoz ezin du klaserik eman, baina beste irakasle bat topatzen saiatuko dela esan digu. Espero dugu berak besteko pazientzia izatea… Jakinaren gainean izango zaituztet.

- Jostunen tailerra
Aurten ere asteazkenetan AEK-n izango da. Ordutegia 19:00etan.

- Mendi taldea
Mendizale asko dugunez inguruan mendi taldea ere sortu dugu.
Hilabetean behin-edo txango bat egingo dugu mendituan aditua den berbalagun jator batek gidatuta. Ibilbide atseginak izango dira, ez pentsa Himalaiara igoko garenik.
Hilabetero egingo ditugun ibilbide guztien berri emango dizuet, bai blog-ean, bai facebook-eko web orrian.

- Kantugintza ikastaroa
Iazko kantugintza saioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten urtean zehar hiru saio egitea pentsatu dugu. Gabonetako, aste santuko eta udako oporren aurretik geratuko gara AEK euskaltegiko terraza erraldoian. Beraz, nahi beste lagun sartuko garenez, anima zaitezte eta anima itzazue zuen lagunak, ederto batean pasatuko dugu eta.

- Bertsolaritza ezagutu:
Iazko arrakasta eskasa ikusita (lagun bat baino ez zen animatu), aurten izena aldatzea pentsatu dugu. Ez da bertso estoka bat izango, bertsoaren mundura hurbiltzeko tailerra baizik.
Animatzen direnek erabaki dezatela zenbatero geratu:Astero, hilabetean behin, urtean hirutan edo nahi dutena.

Berbataldeetan zein ikastaroetan, astero-astero zein ahal duzuen guztietan, baina…
ANIMA ZAITEZTE GUREKIN ETORTZERA!!!