2021-03-18

KOSMETIKO NATURALEN LEHEN SAIOA


 Metik proiektu ekofeminista bat da, maila pertsonalean zein kolektiboan osasunaren autogestioa bultzatzen duena, batez ere emakumeen osasuna. Praktika indibidualistak eta kapitalistak desegitea da haien apustua, batez ere gure gorputzen,  baita gizartearen eta gainerako pertsonen trataeran ere.

 

Azalpen txiki horrek laburbiltzen du ikastaroaren ardatz nagusia: hau da, osasunaren autogestioa helburu, kosmetiko naturalak guk geuk egitea. Horretarako, lehen saioak zati teoriko nahiko handia izan zuen: ekofeminismoari buruz hausnarketa kolektiboa egin genuen eta hainbat datu interesgarri eman zizkigun Rakelek (Metik kooperatibako kideak). Ondoren, sendabelarrei buruz aritu ginen: zeintzuk ezagutzen genituen, zein propietate edo onura daukan belar bakoitzak, zelan beratu...


 Ikastaroa Nai Lua teterian egin genuen martxoaren 13an, zapatuan, goizeko 11.00etatik 13:00ak arte, eta 4 pertsonako hiru talde batu ziren (distantzia eta aforoa errespetatuz). Aurretik aipatutako teoriaren eta hausnarketaren ostean 2. saiorako etxerako lanak jarri zizkigun Rakelek: partaide bakoitzak sendabelar zehatz bat bildu behar du eta etxean beratu, eman zizkigun jarraibideekin. Horrela, apirilaren 24an egingo dugun bigarren saioan, bakoitzak bildutako eta beratutako sendabelarrekin kosmetikoak egingo ditugu denon artean, baita sendabelar bakoitzaren onurak partekatu ere.


Hauek dira partaideek batu eta beratuko dituzten sendabelar batzuk: "Salvia", "Milenrama", izpikuliua, azeri buztana, arnika, kalendula (basailena), erramua, asunak, menda... Hortaz, hurrengo saiorako sendabelar-saltsa ederra edukiko dugu!!

Esan beharrik ez dago partaideek gustura baino gusturago bukatu zutela lehen zati hau, eta bigarrenari ekiteko gogoz daude dagoeneko, sendabelar horiek mendian biltzeko leku aproposak bilatzen.


Mila esker Rakeli eta Metik kooperatibari, halako ikastaro interesgarria gauzatzeagatik, mundu hobea lortzeko asko baitaukagu aldatzeke, eta pauso txiki bat izan arren, ezinbesteko pausoa dela uste dugu!! Apirilaren 24an egongo gara berriro ere!

PRAKTIKATU ETA BIZI!



FISIO TAILERRAREN KRONIKA


 Martxoaren 12an egin genuen fisioterapia ikastaroa aurreratua ederki atera zen. Pozokoetxeko kultur-etxean gauzatu zen, eta jarri ziguten jende kopuruaren muga errespetatuta 8 lagun elkartu ginen ikasteko eta sufritzeko (kar, kar, kar) asmoz.


Azaroan egin genuen lehen tailerraren jarraipena izan zela esan daiteke, baina oraingo honetan, Iraide irakasleak ( Nare fisioterapia zentroko jabeak) luzaketetan oinarritu zuen ikastaroa. Esan zigun moduan, gorputza ondo luzatzeak, behar bezalako ariketak egiteak... estresa kentzen laguntzen du, eta egunari indar handiagoz aurre egiteko guztiz baliagarria da.

 

Azalpen batzuen ondoren ariketekin hasi ginen: hasieran zutik iskiotibialak luzatzeko, betiere arnasari erreparatuz (arnas hartu, eta bota bitartean luzaketa gauzatu). Jarraitzeko, "sentadilla" moduko batzuk lunbarrak lantzeko, ondoren etzanda egon ginen hankak, besoak eta bizkarra luzatzen...



 
 
Oso saio interesgarria eta baliagarria izan zen partaideontzat, baina neka-neka eginda bukatu genuela aitortu behar dut: ohitura falta argia! Hemendik aurrera egunero egin ahal izateko ariketa gomendagarri mordoa badugu, beraz, ez daukagu aitzakiarik zurrun-zurrun gaudela esateko!
 
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Iraideri, erabat profesionala delako, ikastaroa ederki eman eta azaldu zigulako eta gurekin pazientzia itzela eduki zuelako!! Mila esker benetan! Izugarri merezi izan du!

PRAKTIKATU ETA BIZI!
 

 

 

MAKRAME TAILERRA 2.0


 Aupa, Berbalagunok! Oraingo honetan beste ikastaro erakargarri batekin gatozkizue: makrame 2.0 tailerra! Oraingo honetan pultsera/eskumuturreko bat egiten ikasi eta egin ere egingo dugu. Ez da beharrezkoa oso trebea izatea, edonork egin ahal izateko tailerra baita.


Ikastaroa martxoaren 27an, zapatuan, goizeko 11:00etatik 12:30etara gauzatuko da Nai Lua teterian, eta leku mugatuak izango direnez (15-20 lagun), izena lehenbailehen ematea gomendatzen dugu.

Izena emateko idatzi hegouribe@aek.eus helbidera zure datuak emanez, edo zuzenean whatsapp-a 645 715 621 telefonora. Izena emateko azken eguna martxoaren 25a izango da.

 PRAKTIKATU ETA BIZI!

2021-03-02

KOSMETIKO NATURALAK: ekofeminismotik osasunaren autogestiorantz


Aupa, Berbalagun! Oraingo honetan ikastaro bikoitz batekin gatozkizue: 2 saio egingo ditugu; lehena martxoan eta bigarrena apirilean. Ikastaroa METIK KOSMETIKA kooperatibako kideek eskainiko digute. Hau lehena da: bertan kosmetiko naturalak egiteko teoria jaso eta ekofeminismoari buruzko debatea egingo dugu. Horrez gain, landareak bildu eta kontserbatzeko aholkuak emango dizkigute. 

Ondoren, landareak guk bildu eta etxean mazeratu ostean, bigarren saioan, apirilean, landare horiekin kosmetikoak egingo ditugu.


Interesgarria, ezta? Bada eman izena azkar, 25 leku besterik ez dago eta!

 

PRAKTIKATU ETA BIZI

"TXIRIBUELTA" hitzaldia egin da Basaurin


 Pasa den asteazkenean etorri zen Asier Arroita gure lankidea bere bidaia frustratuari buruzko hitzaldia ematera. Aitortu behar da ikusmin handia sortu zuela, eta genituen sarrera guztiak agortu zirela (Ibaigane kultur-etxean 40 lagunen langa ezarri ziguten), eta 40 lagun elkartu ginen.






Berbalagunez gain AEK-ko ikasle batzuk ere hurbildu ziren, eta gustura asko egon ziren Asierrek emandako azalpenei adi-adi. Hitzaldia bideo eta argazkiz lagundu zuen, ondorioz, oso eramangarria izan zen, baita interesgarriagoa ere, aipatzen zituen lekuen irudiak ikusteak herrialde horietan murgiltzen lagundu baitzigun.


Asierren jardunak ordu eta laurden iraun zuen gutxi gorabehera, eta ondoren, bertaratutakoen galdera-txanda iritsi zen: hor ikusi ahal izan genuen jendearengan sortutako interesa, hainbat galdera egin baitzizkioten Asierri, guztiak jator-jator erantzunda. Beraz, emanaldi arrakastatsua izan zela azpimarratu nahi dugu.




Bukatzeko, Asierri eskerrak ematea dagokigu, hain arrasti interesgarri eta aberasgarria eskaintzeagatik; izan ere, hitzaldi honek zerbait badauka, aberasgarria dela da, Asierrek egin zuen bidaia bezainbeste! Mila esker!

 

PRAKTIKATU ETA BIZI!



FISIOTERAPIA IKASTARO AURRERATUA BASAURIN


 Kaixo, Berbalagun! Bizkarreko mina izan ohi duzula? Ez duzula jarrera ona edukitzen eserita zaudenean? Gorputza uzkurtuta sentitzen duzula? Bada, aukera paregabea izango da Fisioterapia ikastaro aurreratu hau egitea!

Ikastaroan luzaketa aproposak egiten ikasiko dugu, esertzen garenean jarrera ona aukeratzen trebatuko gara, eta oro har, gorputza zaintzeko eta osasuntsuago mantentzeko trikimailuak ezagutuko ditugu.

Beraz, ez egin zalantzarik eta eman ezazu izena lehenbailehen, lekuak mugatuak izango baitira: 10 lagun gehi irakaslea.

Ikastaroa martxoaren 12an gauzatuko da, ostiralean, arrastiko 17:00etatik 18:00ak arte gutxi gorabehera, eta Pozokoetxe kultur-etxean izango da. 


PRAKTIKATU ETA BIZI