2019-12-31

GABONETAKO APAINGARRIAK PRESTATZEN

Urteari agur esateko tailer dibertigarria antolatu zuten Galdakaoko gurasolagunek joan den ostiralean. Oporretan egon arren, atsedenik ez hartzea erabaki zuten familiek, eta umeek ze ondo pasatu zuten ikusita, bistan da erabaki ona hartu zutela. AEKn elkartu ziren animatu ziren zazpi familiak, eta gabonetako izei polit bana egin zuten, senideak bisitan doazenean, etxean dotore-dotore luzitzeko.



Izeia izan zen protagonista nagusia, baina eskulana hasi aurretik, Olentzeroren irudi bat margotzen ere aritu ziren gure txikiak. Birziklapenaren balioa nabarmentzen saiatzen gara beti, eta hilabete honetan, komuneko paperaren tutua erabili dugu enborra egiteko. Kartulina berde zati txiki bat eta purpurinaz jositako papera izan dira nahikoak arbolari eta zintzilik jarritako bolei forma emateko.


Sorpresa bi izan genituen lehengoan. Alde batetik, Euskara Zerbitzuak meriendarako poltsa bana oparitu zien umeei. Barruan, margo eta karamelu batzuk sartu zizkien, eta umeak poz-pozik joan ziren etxera. Bestetik, Susanak etxetik ekarritako "Elur malutak" eta "Olentzero eta astoa" gabon-kantak abestu genituen.Eskolan landu zuten umeek koreografia, eta ikasitakoa praktikan jarri zuten, helduon gozamenerako.

Txalo bero bat Itxaso eta Norari, ostiraleko tailerra gidatu zuten artistak!!!
Hurrengo hitzordua urtarrilaren 24an izango da. Animatuko zara?

2019-12-17

BASAURIKO GURASOLAGUNAK PINGUINOAK EGITEN


Kosta zaigu elkartzea, baina azkenean lortu dugu 2019/2020 ikasturteko lehen  Gurasolagun tailerra egitea Basaurin. Guraso eta seme-alaba berriek izena eman dute, eta guztientzako egun aproposa topatzea izan da zailena, baina itxaroteak merezi izan du.
Goiko argazkian ikusten den legez, negua gainean dugunez pinguino barregarriak egitea izan genuen helburu, baita lortu ere! Esan beharra dago ideia Galdakaoko Gurasolagunei hartu diegula, beraz, ezer baino lehen, eskerrak ematea dagokigu!


Tailerrari dagokionez, egiteko erraza eta dibertigarria izan zela aitortu behar dugu; gainera, familia bakoitzaren irudimenari bide eman zion, norberak pinguinoei apaingarri bereziak jarri zizkion eta. Hasteko, familia bakoitzak etxetik 2 ur botila txiki ekarri zituen, pinguinoen gorputzak izango zirenak. Ondoren, umeak hasi ziren gorputz hori kotoiz betetzen: poliki-poliki baina gelditu gabe. Bitartean, gurasoak fieltro eta gomaeva beltza mozten hasi ziren, pinguinoen "jantzia" izango zena, noski, "animaliaren" gorputzaren tamaina kontuan hartuz. "Jantzia" botilara itsasteko silikonazko pistolak erabili genituen, eta egia esan oso ongi funtzionatu zuten: azkar eta egoki itsatsi ziren.
Behin gorputza beteta eta jantzia jarrita, familia bakoitzak osagarri ezberdinak gehitu zizkion norbere gustu eta irudimenaren arabera: mokoa eta oinak egiteko gomaeva laranja, kartulina marroiarekin kapela, artilearekin tapauka, ohial zatiekin gerrikoa...

Lehen aipatu bezala, familia bakoitzak bi botila ekarri zituen, hortaz, lehen pinguinoa amaitzean bigarrena egiteari ekin zioten, oraingo honetan azkarrago, mekanismoa barneratuta baitzeukaten dagoeneko. Aitortu behar dut azken emaitzak uste baino ederragoak izan zirela, material gutxi erabiliz eta sinple-sinple emaitza txundigarriak lortu daitezkeen seinale!!

Poz-pozik amaitu zuten gure familiek, eta Gabonak pasa ostean berriro elkartuko garela promestu genion elkarri. Zein izango ote da hurrengo eskulan edo tailerra? Gurekin parte hartu nahi duzu? Bada adi ibili eta segi ezazu gure bloga, bertan iragarriko baitugu! Ordurarte, ongi pasa Gabonetako oporrak eta asko jolastu euskaraz!

PRAKTIKATU ETA BIZI!

BASKOT GAUA



Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunek eta Aek-ko ikasleek gauza bi baino ez dituzte buruan: bata, Baskot Gaua, eta bestea, argi dago: KAPELA!! kar, kar, kar

Helburua jai parte hartzailea egitea izaten da, eta horretarako partaideek taldeka kapela bat egin behar dute festara eramateko. Aurtengo gaia "URTAROAK" izan da, eta horren inguruko kapela desberdin ugari ikusi genituen pasa den ostiralean: udazkena irudikatzen, lau urtaroak...buruari eragin zioten behintzat!!

Hasteko, Basauriko kaleetatik poteoa  egin genuen, motorrak berotu eta giroa animatzeko ( bide batez, basauriarrek ikus gintzaten). Pote bi hartu ostean, San Jose ikastetxera abiatu ginen, festaren mamia bertan baikeneukan prest.

San Jose ikastetxe barruan jatekoa eta edatekoa zuten prest Berbalagun eta ikasleek. 45 minutuz jaten, edaten, hitz egiten...egon ostean,benetako jaiari hasiera eman genion: Taupaka sortzaileen elkartearen partez etorritako Txikik egindako bakarrizketa eta ikasle eta berbalagunek prestatutako koreografia mundialak!!

(bakarrizketa hasi aurretik)


Argazki honetan ikus daiteke Txiki, bakarrizketa egin zuen artista, zentzu on guztietan, jaialdia bideratzen, gu guztiok barre algaraka aritu ginen bitartean. Oso originala eta dibertigarria izan zen, eta hasiera mailan dauden ikasleentzako oso aproposa, hizkera behe urratsetara moldatzeaz gain, gure belaunaldiko kontuen inguruan aritu baitzen, denok identifikatuta sentituz!
Ordubete pasatxo barrez lehertzen aritu eta gero, koreografien ordua iritsi zen. Taldeka atera ziren gure partaide animosoak, eta ordura arte nahikoa barre egin bagenuen ere, hortik aurrerakoa izugarria izan zen! Basaurin euskara eta umorea badabiltza!! Eta lotsa gutxi...kar,kar,kar
Bukatzeko, kapela onena eta koreografia onena saritu ondoren, koreografia irabazlea denon artean dantzatu genuen festari amaiera emateko. Hurrengo urtean itzuliko gara euskaraz gozatzeko asmoz!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!

2019-12-04

GALDAKAOKO 6.MINTZODROMOA ETA EUSKARAREN EGUNA

Egun markatua dugu abenduaren 3a. Atzo, beste behin ere, lepo egon zen Torrezabaleko areto nagusia, goizean antolatu genuen mintzodromoari esker. AEK, Udal Euskaltegi, Eguzkibegi eta institutuetako ikasleak ez ezik, berbalagunak eta euskaltzale ugari ere elkartu ziren kultur etxean,guztira 125. Bertan, Black Friday, Durangoko Azoka eta gaur egun kirolak duen garrantzitsua izan genuen hizpide, eta atseden gabe eragin genion mingainari




Euskara da ekitaldiaren protagonista nagusia, baina mintzodromoa oso anitza da; izan ere, bertan, adin, sexu, jatorri eta errespetuan eraikitako iritzi guztiek dute lekua. Ezin aipatu gabe utzi aniztasun horren isla diren herriko elkarte laguntzaileak: Zizpa, Bagabiz, Patakon, Bertso-eskola, Orreaga eta Erabide. Eta elkarteez gain, Manu Etxebarria, Miren Elorriaga eta Berbalaguneko bidelaguneko Pili Gonzalez bidelaguna




Arratsaldean, Udalak eta herriko zenbait taldek antolatutako mosaiko argitsuan hartu genuen parte, euskara (ber)pizteko asmoz. Kalean hotz handia zegoenez, dantza apur bat ere egin behar izan genuen, kandela bana lurrean kokatu eta denon artean "Piztu euskara" leloa eratu genuen arte. Azkenik, argazki ederra atera ziguten bertaratu ginen berbalagun, euskara ikasle eta bestelako euskaltzaleoi.




Kandelak lurrean utzi eta euskaltegira bueltatu ziren AEK-ko B2 eta C1eko ikasleak, arratsalderako prestatuta zegoen mintzodromo txikiari ekiteko. Ikasleak 3 gelatan banatu genituen, eta goizeko saiokoek bezala, txokolate beroa eta pastez gozatu zuten, kalean pasatutako hotzari aurre egiteko. Gure Esku Dago-ko Nekane Larrea etorri zitzaigun dinamizazioan laguntzera, eta berak ere ederto pasatu zuen.


Eguna borobiltzeko, Usansoloko lehen mintzodromoa antolatu zuten Usansolon Euskaraz taldeak eta    AEK-k, elkarlanean. Txapelenan ere ez zen pasta eta txokolaterik falta, eta argazkian guztiak agertu ez arren, 18 lagun batu ziren bertan.





Zorionak eta eskerrik asko atzoko ekitaldi guztiak aurrera ateratzen lagundu zenuten erakunde, talde eta norbanako guztioi!

2019-12-03

BASKOT GAUA


 Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunen eta euskara ikasleen jai ospetsua ospatzen dugu: Baskot Gaua.
Dakizuen moduan, urteari bukaera alaia emateko antolatzen dugun festa da, euskara ikasleek eta berbalagunek parte har dezaten. Bi baldintza soilik bete behar dira: kapela buruan duzuela etortzea eta euskal abesti baten koreografia prestatzea; biak taldeka.
Aurten kapelaren gaia "URTAROAK" da, eta horren inguruko kapela sortu beharko du talde bakoitzak; gainera, prestatutako koreografia eszenatoki gainean aurkeztuko dugu, partaideen gozamenerako!!
Hortaz, anima zaitez giro ederra egongo baita: 20etan geratuko gara Bananas tabernan poteoarekin hasteko. 20:30ean San Jose ikastetxera joango gara, eta bertan edari eta pintxoak izango ditugu zain. Pilak kargatu ostean, ustekabeko ikuskizun dibertigarria izango dugu animatzaile, eta bukatzeko, ikasle, berbalagun eta irakasleen koreografiak!!
 Galduko duzu?? Ez, ezta? Hortaz, hasi kapela eta koreografia prestatzen eta arrasti hori libre eskatu etxean, ederki pasatuko dugu eta!!
EGUNA: ABENDUAREN 13a
ORDUA: 20:00etatik aurrera
LEKUA: Poteoa Bananas tabernan,eta jaia San Jose ikastetxean( azken momentuko aldaketarik balego, abisatuko genuke)
Praktikatu eta bizi!!!