2019-11-30

GALDAKAOKO GURASOLAGUNEN LEHEN TAILERRA: HUESITO GOXOAK!!!


Kuadrilla ederra elkartu zen atzo Galdakaoko Gurasolagunen ikasturteko lehen tailerrean. Guztira 9 familia,28 lagun, sartu ziren Asier dinamizatzailearen Berezioetxeko txokoan. Ume eta ez hain ume direnei horrenbeste gustatzen zaizkien huesitoak egin genituen, Tere eta Josuren argibideei jarraituz. Emaitza? dendan erositakoak goxo badaude, imaginatu etxean egindakoak...itzelak!



Umeak primeran moldatu ziren txokolatea barkilloetan zabaltzen, eta gurasoen laguntzari esker moztu eta bata bestearen gainean jarri zituzten. Lehenago esan bezala, Tere arduratu zen atzoko tailerra gidatzeaz, baina guraso guztiak egoten dira beti laguntzeko prest, eta horra elkarlanaren adibide bat: batzuk harrikoa egiten, beste batzuk txokolatea urtzen, mahaiak garbitzen...Eta gainontzekoak?


Besteak, txokolatea urtu bitartean, umeekin jolasten. Izan ere, ez da erraza 16 ume 30 metro karratuko lokal batean gobernatzea. Beraz, zoritxarrez, gaur egun gero eta gutxiago ikusten den egoera bat bizi izan genuen atzokoan: umeak kalean,  soka saltoan jolasten. Zeinen gustura aritu ziren! Ideia bikaina, Sergio!




Eguna borobiltzeko, Euskaraldiaren harira Bagabiz Euskara Elkarteak antolatutako bertso-bingora joan ziren familia batzuk, eta han ere ederto pasatu zuten. Bitxia da, iaz ere Euskaraldiaren ekitaldian elkartu ginen lehenengoz. Ea iazkoa bezain emankorra den 2019-20 ikasturtea! Atzokoa ikusita, behintzat, seguru!!!
j
Eskerrik asko, Tere eta Josu, atzo lan ederra egin zenuten eta!




2019-11-27

BASAURIKO GURASOLAGUNAK PINGUINOEKIN JOLASEAN

Ikasturte honetako lehen Gurasolagun saioa bertan da!! Parte hartu nahi?? Gurekin kontaktuan jarri edo bestela, egun eta ordu zehatze horretan Bolintxu euskaltegira etorri.
Oraingo honetan, negua hurbil dugunez, "pinguino jostagarriak" egingo ditugu. Horretarako, etxetik 2 plastikozko botila eta kotoi pixka bat ekarri behar dute partaideek. Gainerako materiala guk jarriko dugu.
Hortaz, ez egin zalantzarik eta etorri gurekin gozatzera!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!

2019-11-26

HEGO URIBEKO MENDILAGUNAK BAKIO INGURUAN


Ikasturte honetako lehen irteera izan zen aurreko igandean egin genuena, eta eguraldi kaxkarra zela eta, zortzi ausart besterik ez ginen animatu Bakio eta Matxitxako lurmuturraren arteko ibilbidea egitera. Hala ere, igande goiz aparta pasatu genuen!

Goizeko 8:30ean genuen hitzordua Basauriko udaletxe aurreko markesinan. Handik bi kotxetan joan ginen Bakiora, eta bertan kafetxoa hartu eta gero ibilbideari ekin genion. Ikus dezakezuen lehen argazkia Bakiotik Eneperi jatetxera dagoen begiratoki  batean ateratakoa da.

Argazki honetan ikusten denez, euria izan genuen tarteka, baina Berbalagunek adoretsu jarraitu zuten aurrera; euritakoa lagun, zira lagun...irribarrea ahoan. Euskal Herriak halako egunak gehiago ditu eguzkitsuak baino, eta xarma berezia eman zion txangoari. Gainera, badakizue: gogoko tokian aldaparik ez!

Tipi-tapa tipi-tapa Gaztelugatxe ondotik pasatu ginen, eta 2 orduren buruan Matxitxakoko itsasargian geunden. Bertan banana, sagarra eta mandarinak jan, eta itzulerako bideari ekin genion, eguerdian etxean bazkaltzeko egon nahi genuen eta.
( Gaztelugatxe urrunean)
Bukatzeko, Bakion bertan zurito eta pintxoa hartu ondoren, eguerdiko 15etarako Basaurin ginen berriro, hurrengo irteera egiteko ideiak buruan genituela. Goiz polita igaro genuen eta dagoeneko errepikatzeko gogoz gaude. Eta zu? Animatuko zara hurrengoan? Adi egon gure blog eta facebook-ean ezagutaraziko baitugu datorren irteeraren data eta lekua!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!! 



2019-11-21

GALDAKAOKO JOSTUNAK PULTSERA ETA LEPOKO DOTOREAK EGITEN


Talde beteranoa dugu jostunena. Txaroren gidaritzapean daramatzate fin-fin 10 urte inguru, eta gauza ikaragarri politak egin dituzte urte hauetan guztietan. Aurten, gainera, lagun gehiago gehitu zaizkio taldeari eta inoiz baino biziago dago jostundegia. Horren adibide dira Sorkunde kide berriaren azalpenei esker egiten ikasi duten pultsera eta lepoko sorta. 





Hari berezi bat eta hainbat apaingarriz hornitzen dituzte eskumuturretako eta lepokoak. Kolore, lodiera eta marrazki ezberdinak dituzte denek; zein baino zein politagoa! Eskulan hauek gustuko dituenak prezio ezin hobean erosteko aukera ere badauka; beraz, taldean parte hartzeko astirik ez daukanak erostea dauka!


  

















Horrelako eskulan politak egiten ikasi nahi badituzu,zatoz asteazkenetan, 18:00etan, AEKn batzen diren berbalagun jator hauekin.


AURKEZPEN JAIA BASAURIN


Ederki pasatu genuen ( betiko lez), aurreko ostiralean Bonboi tabernan ospatu genuen aurkezpen jaian. 40 lagun inguru elkartu ginen eta hasteko, familia argazkia egin genuen, goiko argazkian ikus daitekeen bezala.

Ondoren, jolasei ekin genien: lehenbizi, taldeak sortzeko jolas sinplea egin genuen: irudi ezberdinak banatu genizkien bekokian jartzeko, eta partaideek, logika bilatuz, euren taldea batu behar zuten. Horren ostean, tartetxoa eman genien elkar ezagutu eta hitz egiteko.

Pintxoak jateko atsedenaldia eta gero, asmakizunen jolasekin segitu genuen. Lehengo taldeak mantenduz, bakoitzak bere zutabean, orrietan jarrita, Basauriko lekuak zituzten, baina hizkiak desordenatuta. Taldeka, hizkiak ordenatu eta Basauriko zein toki zen asmatu behar izan zuten.
Jolasa amaitu ostean, beste geldialdi bat pintxoak jan (sekulakoak!!) eta elkar ezagutzeko edota zigarro bat erretzeko. Pintxo aukera zabala izan zuten gure Berbalagunek!

Ondoren, "1x2" jolasa egin genuen: 3 multzo zituzten, esaterako "Athletic/Erreala/Osasuna", eta guk datu batzuk eman eta gero, haiek zegokien multzoarekin lotu behar zuten.
Eta bukatzeko, musika denetarako lagungarri denez, abestien jolasa: taldeka beti ere, abesti baten letrako hutsuneak bete behar zituzten, guk emandako aukerekin. Ondoren, abestia entzun/dantzatu/abestu bitartean jarritako hitzak begiratu genituen, asmatu zuten ala ez ikusteko. Jaiari bukaera erritmotsu eta alaia eman genion horrela!!
Bukatzeko, irabazleak egon ziren, txapelketa guztietan bezala, eta Berbalagunen partez opari batzuk jaso zituzten! Begira zein dotore agertzen diren gure txapeldunak!! Kar, kar, kar!
Amaitu baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiot Liberi, Bonboi tabernako jabeari, pintxo biziki gozoak prestatu baitzituen, eta sekulako pazientzia eduki baitzuen gurekin!! Hurrengoan, noski, errepikatuko dugu!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!





2019-11-13

MARTXAN DA GALDAKAOKO PASEO TALDEA


11 urte dira Galdakaon paseatzeko berbatalderik ez zegoela.Atzo, eguraldi kaskarrari aurre eginez, bost berbalagunek jarri zuten martxan aspaldiko talde berezi hori. Gainera, Praktikatu zerbitzutik bidalitako material berria estreinatu zuten: euritako eta motxila dotore bana!

Hemendik aurrerako hitzorduak jarrita daude: asteartero, 17:00etan, anbulatorio parean. Ordubeteko ibilbidetxo lasaia izango da

Zeu ere animatzen bazara, deitu 607 146 855 zenbakira edo bidali mezu bat galdakao_berba@aek.eus helbidera

Zure zain gaude ;)

2019-11-11

GALDAKAOKO AURKEZPEN JAIA

Arratsalde ederra Galdakaoko berbalagunek AEK-ko ikasle eta irakasleekin batera lehengoan bizi zutena. Urtero bezala, Someran elkartzen diren talde bien hitzorduak aprobetxatuz, ostegunez ospatu dugu festa polit hau, berbalagunak eta ikasleak elkar ezagutu dezaten. Bada, bistan da helburua lortu dugula, osteguneko partaideak ez ezik ia talde guztietako kideak ere agertu baitziren.



Zer demontre egin zuten Topa tabernan Beatles eta Abba taldeek, Ninja dortokek, 4 fantastikoek, "Urrezko emakumeek", Harriketarrek, Scooby Doo-ren lagunek, Trotamusikoek, Sheldon Cooper-en kuadrillak eta A-taldeak? Modu bitxia lauko taldeak egin eta ezagutzen ez dituzun beste hiru pertsonarekin euskaraz aritzeko, ezta?



Horrelako jaietan, ordea, hitz egitea baino gehiago eskatzen diogu jendeari. Jolasean eman genuen arratsaldea, azken finean, euskaraz ere primeran pasa daitekeela erakutsi nahi izaten dugu urtero. Eta honetan ere bete-betean asmatu genuela esango nuke, "Ahora caigo" telebista saioko hiru proba dibertigarrirekin ederto batean pasatu genuen eta.




Eguna ondo hasi eta hobeto amaitu zen. Izan ere, bihar hasiko den paseo taldeak partaideak behar zituen, eta hiru pertsona gehiago animatu ziren festa amaitu zenean. Eta zu, zeren zain zaude gero eta handiagoa den proiektu honetan parte hartu eta gurekin osteguneko festan bezain ondo pasatzeko?

2019-11-06

AZAROAK 15, BASAURIKO AURKEZPEN JAIA BONBOI TABERNAN

Datorren ostiralean, azaroaren 15ean, Basauriko Berbalagunen "Aurkezpen Jaia" ospatuko dugu. Urtero bezala, ikasturteari hasiera emateko, Berbalagun ezberdinek elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko baliatuko dugu jai hau. Eta urtero bezala, noski, pikoteoa, edaria, jolasak eta sorpresak izango ditugu! Beti ere musikaz lagunduta!
Beraz, ez egin zalantzarik eta hurbildu zaitez Berbalagun dinamika bertatik bertara ikustera! Ederki pasatuko dugu eta euskaraz gozatzea oso posiblea dela ikusiko dugu!! Anima zaitez!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!