2015-12-28
2015-12-22
URTEARI AGUR ESATEKO ZENBAIT MODU
Usansoloko berbalagunak dituzue ezkerreko argazkian, martxa honetan ohitura bihurtuko duten txokoko askari-afarian. Gabon zaharra baino aste bi lehenago elkartu ziren eta 12 mahatsen ordez, 12 mokadu jan zituzten hauek, ardo apur batez lagunduta. Ba al dago mahai baten bueltan elkartzea baino ohitura euskaldunagorik?
Ostegun arratsaldeko azken taldekoak Basaurin antolatu genuen "Baskot gaua" festara animatu ziren. 12 kongito jan genituzten mahatsen ordez. Eskuz egindako kapela jantzi eta primeran pasatu zuten bertako berbalagun eta ikasleekin. Ez zuten kapela onenaren saria irabazi, baina irabazi izan balute bezala ospatu zuten.
Astelehen eguerdiko berbalagunek urte amaieraz gain, bazuten beste motibo ederra. Izan ere, Susanak eta Leticiak 2.hizkuntza eskakizuna gainditu zuten joan den astean. Fernandok jarritako kandelak izango ziren? Batek daki...
Dakigun gauza bakarra da erabiltzea dela euskara ikasteko eta batez ere barneratzeko modu bakarra.
Bejondeizuela guztioi!
ZORIONAK ETA URTE BERRI ON BERBALAGUN GUZTIOIN PARTEZ!
2015-12-15
BASKOT GAUA !!! Badator gure Gabonetako Jaia!!!
Ostiral honetan, abenduak 18, Baskot Gaua ospatuko dugu, eta noski, gure buruak kapela zoragarriez atonduko ditugu horretarako. Oraingoan kapelak tuneatzeko gaia "ANIMALIAK" izango da; beraz, eragin buruari eta ea kapelarik orijinalena edota politena egiteko gai zareten!!
19.30ean elkartuko gara Urduña tabernan, kantu poteotxoa egiteko (euskaldunok kantatzea oso gustuko dugu eta). Poteoa Naia Lua teterian bukatuko dugu 21:00ak aldera, eta bertan askaritxo xumetxoaz gain, EZ3 taldearen kontzertua disfrutatzeko aukera izango dugu. Eta hori guzti hori gutxi balitz, karaokean aritzeko aukera ere izango dugu. Behin hau amaituta 00:00etan Urduña tabernan, abiapuntu izan dugun horretan, gure urte amaiera berezia ospatuko dugu.
Hau guztia galtzeko asmoa ez duzu izango, ezta? Animatu eta etorri gurekin! Ederto ibiliko gara eta!!!
2015-12-11
BERBALAGUNEN BE BAGARELAKO
Aurreko azaroaren 29an BASAURIN BE BAGARA eguna ospatu zen Basaurin, eta, noski, BERBALAGUNAK be bertan izan ginen, GEU BE BAGARELAKO!!!
Aurtengo kanpainako logoa oinarri hartuta, lotsak alde batera utzi eta geu be oholtza gainera igo ginen euskaren alde geuk ere zer edo zer egin nahi genuelako. Ederto pasa ere!!! Entsegu pare bat egin ostean, bertan aritu ginen, mozorroa jantzita, kopla politak kantatzen.
Hurrengo bideon ikus dezakezue egun horretako gure koplez gain, hainbat irudi.
2015-12-05
GALDAKAOKO II.MINTZODROMOA
Mintzodromoaren lehen edizioaren arrakasta ikusita, erraza izan zen bigarrena egiteko erabakia hartzea.
Aurten, Torrezabal Kultur Etxeko zinema aretoan egin dugu. Leku egokiagoa eta dotore-dotorea, gure parte hartzaileak bezalakoa.
Hori bai, hitz egiten hasi aurretik, txokolate beroa hartu genuen, kaletik ekarri zuten abenduko hotzari aurre egiteko. Zintzo-zintzo itxaron genuen txanda, edalontzia betetzeko. Uuuuum...ze ondo sartu zen, mahaiko pastekin batera
Mintzodromoan, egunerokoan bezala, euskara herritarrok elkarrekin komunikatzeko dugun altxorra da. Adina, sexua, jatorria...ez da inoiz muga izan behar, euskara denona baita.
Erabiltzea da orain arte bezain ondo gordetzeko sekretu bakarra. Euskararen nazioarteko egunean eta gainontzeko 364 egunetan ere bai.
2016ko abenduaren 3ko hitzordua jarrita dago.
Subscribe to:
Posts (Atom)