2018-11-24

GURASOLAGUNAK ERE EUSKARALDIAREN ALDE


Atzo, Euskaraldiaren ekimenarekin batera, hasiera eman genion Gurasolagun ikasturteari. Iazko familiei beste bat batu zitzaion, eta abenduaren 10eko aurkezpenaren ostean, gehiago izatea espero dugu.

Aurpegiak margotzen eta txapak egiten ibili ziren gure txikiak. Abenduko tailerrean beste zereginen bat emango diegu eta ziur atzo bezain ondo pasatuko dutela

2018-11-22

GALDAKAOKO AURKEZPEN JAIA

Urtero bezala, egundoko jaiaz gozatu dute Berbalagunek eta euskaltegietatik etorritako ikasleek gaurkoan.
Hitzordua 19:00etan jarrita zegoen arren, tantaka etorri zaizkigu, baina orotara 50 lagun inguruk hartu dute parte. Bejondeigula!
Partaide gehienak berbatalde edo euskaltegiko kideekin sartu dira, eta lehen ordu laurdena aprobetxatu dute lagunekin hitz egin eta menuko ze ekintzatan parte hartuko luketen adierazteko


Jolasekin hasi baino lehen, Ganguren tabernako langileek prestatutako pintxo gozoak dastatu ditugu, hastear ziren probetan barruko onena emateko. Tortilla, urdaiazpikoa, gazta eta kroketa goxo-goxoek eman digute beharrezko indarra, lotsa alde batera utzi eta umeen antzera jolasteko. Eta pintxoek zerbait izango zuten, izan ere, lehian gazteak zein edadekoak hustu egin direla aitortu behar dugu.


Berehala nahastu ditugu ezagutzen ez zuten jendearekin, horixe baita jai honen helburuetako bat, hau da, euskaraz praktikatzeko lagun berriak egitea. Eta lagunak diren 20 marrazki bizidunekin bikoteak egin behar izan dituzte hasieran. Ondoren, bikote bakoitzak falta zuen esaera zahar baten erdia osatu du, eta lauko taldeak eratu ditugu. Eta askotan pailazoarena egiten dugunez, kapitanak identifikatzeko, pailazo sudurra!

 Telebistan ezaguna den "Ahora caigo" saioaren euskarazko bertsioa erabili dugu, berbalagunek 15 panel asmatzeko. Eta jolastu direla aipatu arren, tentsio handia izan dute epai-mahaikoek, galerak erantzuteko, momentuz, pultsadore automatikorik ez dugulako. Hori da lehiakortasuna hori! Eskerrak saririk ez zegoela tartean...kar, kar, kar! Mikrofonoa eskuan duen Mikelek asmatu ditu erantzun gehien, baina denok egin dugu barre gogotik.

Eta zer izango litzateke gure jai bat musikarik gabe? Imajinatzen duzue? Neuk ere ez. Euskal abesti mitikoez osatutako zerrenda asmatu behar izan dute, baina zailtasun batekin: abestiak 5 segunduz jarri eta kendu egiten genuen. Ariketa honetan, Asun ibili da trebeen, baina partaide gutxi izan dira mikrofonoa hartu eta azkenean abestu ez dutenak. Eta seinale bat balitz  bezala, "Agur Xiberua" kantarekin eman diogu amaiera egunari; ikasturteak, ordea, zita asko ditu.

Beraz, hurrengoa ondo apuntatu: abenduaren 3an, 10:00etan, urtero bezala mintzodromoaren 5.edizioa antolatuko dugu Torrezabal Kultur Etxean. Oraindik garaiz zaudete izena emateko. Zeren zain zaudete?

Animatu

2018-11-20

GALDAKAOKO V.MINTZODROMOA


BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA

Ederki pasatu genuen ( betiko lez), aurreko ostiralean Bonboi tabernan ospatu genuen aurkezpen jaian. 50 lagun inguru elkartu ginen eta hasteko, Euskaraldiarekin bat egin genuen, goiko argazkian ikus daitekeen bezala.

Ondoren, jolasei ekin genien: lehenbizi, taldeak sortzeko jolas sinplea egin genuen. herrialde desberdinetako irudi esanguratsuak banatu genizkien, eta partaideek, logika bilatuz, euren taldea batu behar zuten. Horren ostean, tartetxoa eman genien elkar ezagutu eta hitz egiteko.

Pintxoak jateko atsedenaldia eta gero, asmakizunen jolasekin segitu genuen. Lehengo taldeak mantenduz, geuk asmakizuna irakurri, eta talde bakoitzak erantzuna mimikaz egin behar zuen; asmatuko zenuten bezala, izugarrizko barreak egin genituen Berbalagunen "okurrentziekin"!!

Eta bukatzeko, 3 Korrika kanta hutsunedun bete behar izan zituzten taldeka, eta gero abestia entzutean, hutsuneetan hitz egokiak nork jarri zituen ikusi genuen. Motibatuta zeudenez, karaoke labur batekin jarraitu genuen, pintxo eta zuritoek emandako indarra baliatuz. Azkenean, puntu gehien lortu zuen taldeak oparitxo batzuk jaso zituen, baita txalo zaparrada ere!
Eskerrak eman nahi dizkiogu hurbildu zen jendeari, eta bereziki Bonboi tabernako Liberi, "Txanpion Ligue"-ko pintxoak egiteaz gain, ederki tratatu baikintuen, sekulako giro polita sortuz!!




2018-11-14

BASAURIKO BERBALAGUNAK ERE EUSKARALDIAREKIN BAT!!

https://www.facebook.com/hego.uribekoberbalagunak

Lotura honetan duzue Basauriko Berbalagun bik egindako bideoa! Motibagarria izatea espero dugu! Ez galdu denborarik eta emazu izena!
Zer izango zara, ahobizi edo belarriprest?
Praktikatu eta bizi ezazu Euskaraldia!!

2018-11-13

GALDAKAOKO BERBALAGUNAK ERE EUSKARALDIAREN ALDE


Euskaraldiaren aldeko hamaikakoa osatzeko 11 pertsona behar genituela esan eta horra erantzuna: bi hamaikako ere egin genezakeen, kar, kar, kar


Kopurua baino garrantzitsuagoa da, ordea, egitasmoan dugun aniztasuna; eta argazkiari erreparatzen badiogu, argi dago mota guztietako jendeak daukala lekua gurean: emakumezkoek zein gizonezkoek; gazteek zein adinean gorakoek; ama hizkuntza euskara dutenek zein etxetik kanpo ikasi dutenek; bertan jaio direnek zein kanpotik etorritakoek...euskaraz bizi ahal izatea da denon nahia, eta xede horren alde gero eta jende gehiago garela esango nuke, bai horixe!

Batzuk ahobizi; beste batzuk, ordea, belarriprest, baina guztiek eman dute pausua dagoeneko. Eta zu, zeren zain zaude?

Eman izena Euskaraldian

https://izenematea.euskaraldia.eus/

2018-11-12

BARIKU HONETAN, HILAK 16, BERBALAGUN JAIA BASAURIN, BONBOI TABERNAN


OSTEGUNEKO BERBALAGUNEN ONGI ETORRI AFARIA


Urtero bezala, ostegun arratsaldeko Oñarteko berbalagunek afari bat antolatu zuten joan den ostiralean, kide berriei ongi etorria emateko.

Ikasturte honetako aurpegi berri bakarra Andonirena da, baina ostiralean Barrengorri txokoan izan zen giro itzela jendearen belarrietara heltzen bada, seguru "fitxaje" gehiago batuko zaizkiola talde beterano honi.





Izan ere, afaria 22:00ak aldera hasi zen arren, taldeko zahar zein berriek ordu bi lehenago ekin zioten Roberrek prestatutako gutiziak probatzeari. Tira, odoloste eta saltxitxei gutizia deitzea, agian, gehiegi izan daiteke, baina ez ziren denbora luzez barran egon; beraz, primeran egon ziren seinale, dudarik gabe.








Tertulia gozoan trago batzuk edaten egon eta gero iritsi zen ohitura bihurtu den menua ahoratzeko momentua. Urtero komentatzen dute beste zerbait egin daitekeela, baina saiheskia patata erre eta saltsa berezi horrekin hain gozo egonda, zertarako aldatu denen gustukoa dena?

Afalosteko giro paregabea da aldatzen ez den beste gauza bat. Aurten ere goizeko ordu txikiak arte egon dira mahai baten bueltan, dinamizatzaileak eramandako mahai-jokoen aitzakian. Kili-Kolorekin hasi eta telebistako Ahora caigo eta Scattergories-en euskarazko bertsioekin eman zioten amaiera gau borobil honi. Datorren urtean beste norbait animatzen bada, badaki zein den plana, lekua eta menua

2018-11-05

TOLOGORRIRA IRTEERA

Oraingo honetan Urduñaldera hurbilduko gara Hego Uribeko mendi taldekoak, bertako gailur enblematikoenetako bat igotzera. Ez da igoera zaila teknikoki, hortaz, edonor etor daiteke, nahiz eta mendian ibiltzeko ohitura handirik ez izan.
Goizeko 8etan geratuko gara, Basauriko udaletxean eta kotxez joango gara Urduñara. Espero dugu, bazkalordurako bueltan izatea.
Ez ahaztu oinetako eta mendiko arropa egokia eramatea, azken finean 1000metrotik gorako mendia baita!
Praktikatu eta bizi