2017-12-19

BASKOT GAUA BASAURIN

Urtero bezala ederki pasa genuen Baskot Gau honetan, eta ikasle eta berbalagunek pozik amaitu zutela baieztatu dezakegu!

Hasteko, 20:30etan geratu ginen Bananas tabernan, motorrak ( eta barrena) pixka bat berotzeko asmoz, eta 21ak inguruan San Jose ikastetxera sartu ginen. Bertan, ikasle eta berbalagunek edari eta janaria zuten prest, aurrerago etorriko zenarentzat indarra hartzeko. Eta momentu horretan hasi zen Asier Kidam magoaren ikuskizuna, hurbileko magia eginez.

20 minutuz jaten eta edaten egon ostean, Asierrek bere ikuskizuna oholtzatik jarraitu zuen eta gure ikusleak adi-adi eduki zituen beste 40 minutuz; txundituta utzi gintuen magia erakustaldiak...bejondeizula Asier!!

Eta magoaren ikuskizuna amaitu ondoren irakasle, ikasle eta berbalagunen txanda iritsi zen, hots, benetako protagonisten txanda! Ikasle talde bakoitzak kapela eta abesti bat zeukan prestatuta, baina eredu izateko, lehenbizi irakasleok aritu ginen Zirkorrikaren abestiaren parodia egiten.
J
Jarraian, ikasle eta berbalagunak aritu ziren  eszenatokian eta konturatzerako denok geunden abesten eta dantzatzen!! 3 sari banatu genituen : kapela onena, letra onena eta "performance" onena. Hementxe dituzue irabazleak:
( letra onena)
(performance onena)

Eskerrak eman nahi dizkiogu San Jose ikastetxeari aretoa uzteagatik, baita Asier Kidam magoari ere, ikuskizun harrigarri eta eramangarria egiteagatik! Eta noski, benetako protagonistei: Basauri eta Galdakaoko berbalagunei eta AEK-ko ikasleei, jai eder hau aurrera ateratzeko ezinbesteko aktore/aktoresei!! Segi euskaraz bizitzen eta segi euskarari hauspoa ematen!! Praktikatu eta bizi!!
 


2017-12-14

YOGA IKASTAROA


Astelehenean 18etan geneukan hitzordua Bolintxu euskaltegian, eta bertan agertu ziren gure berbalagunak "esterilla" eskuetan zutela. Lortu ez zutenentzat guk batzuk bagenituen, hortaz, behin denok geure "esterilla" edukita, saioari hasiera eman genion.
Hasteko, beroketa ariketa batzuk eginarazi zizkigun Maite irakasleak, poliki-poliki martxan hasteko: arnasketa ariketak, luzaketa sinpleak... Eta hortik aurrera "master class"- a hasi zen. Egia esan uste baino zailagoa iruditu zitzaigun, baina oso gorputzaldi onarekin amaitu genuen lehen saioa.
Asteazkenean, aurreko eguneko pausuak errepikatu genituen, baina oraingo honetan ariketa eta "postura" landuagoekin. Labur geratu zitzaiela aipatu zuten partaideek eta hori beti gustura egon diren seinale da,beraz, errepikatzeko moduko ekintza dela esan behar!!
Milesker Maiteri, hain ikastaro atsegina egiteagatik eta yoga munduan pixka bat sakontzen irakasteagatik!!
Praktikatu eta bizi!!

2017-12-05

BASKOT GAUA BASAURIN

Gabonetako jai ospetsua hemen dugu!! Urtero bezala aukera paregabea izango duzue euskaraz gozatu eta ondo pasatzeko: janaria, edaria, mago euskalduna, abestiak, koreografiak...eta nola ez, KAPELAK!! Azken horiek baitira festa honen protagonista nagusiak, berbalagun, euskaltzale eta ikasleez aparte, noski!!
Aurtengo gaia MUSIKA da, hortaz, egizue musikarekin zerikusia duen kapela bat eta etorri gurekin gozatzera!! Anima zaitezte ederki pasatuko dugu eta!!
Praktikatu eta bizi!!

YOGA IKASTAROA

Yoga egitea gustuko duzula eta euskaraz egiteko zailtasunak topatzen dituzula? Bada, hementxe duzu aukera bikaina zure gustuko ekintza hau euskaraz egiteko! Abenduaren 11 eta 13an egingo dugu, arrastiko 18etatik 20etara, Bolintxu euskaltegian. Lekuak mugatuak dira, beraz, izena eman lehenbailehen!! Izena emateko jarri kontaktuan gurekin bai telefonoz, bai emailez.
Praktikatu eta bizi!!

2017-12-04

GALDAKAOKO IV.MINTZODROMOA


Galdakaoko Mintzodromoaren 4.edizioa antolatu dugu gaur, Euskararen Nazioarteko Egunaren ondorengo egunean. Urtero esaten dugu jendetza biltzen dugula ekitaldi honetan, eta aurten ere halaxe izan da. Izan ere, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasle, Eguzkibegi, Elexalde eta Bengoetxeko ikasle, eta berbalagunen artean 120 lagun aritu dira ordu eta erdiz euskaraz hitz egiten, mahaiak dinamizatu dituzten laguntzaileen esanetara.



Laguntzaileena izan da, zalantza barik, aurten nabarmendu beharreko beste
puntu bat, AEK, Udal Euskaltegi, institutuetako irakasle eta euskara zerbitzuko kideez gain, Orreaga, Patakon, Bertso-eskola eta Gure Esku Dago taldeetako ordezkari bana ere bertan izan direlako laguntzen.


Turismoaren gorakadaren ondorioez hitz egin dugu lehenbizi. Gero, herri txiki batean eta hirian bizitzearen alde onak eta txarrak aztertu ditugu; eta azkenik, gaur egungo gizartean dugun estresa izan dugu hizpide.
Aparteko zailtasunik ez daukaten gaiak dira, baina buruari eragiteko tartetxo bat eskatzen dutenak.






Txokolate beroak kaleko hotzari aurre egiten lagundu digu eta hamaiketakoa pastekin borobildu dugu, gozo-gozo berriketan aritzen ginen bitartean. Euskaraz hitz egitea da ekitaldi arrakastatsu honen helburua, baina , batez ere, euskaraz hitzegiteko prest dagoen herriko jendea ezagutzea, bihar ere euskararen eguna izango delako ataritik ateratzen garenean.


Helburua beteta, talde-argazki erraldoia atera dugu, herriko jendearekin osatutako euskararen aldeko bideo bat ikusi ondoren. Zer gehiago eska dakioke Mintzodromoari? Bihar ere ehunka mintzodromo txiki egiteko balio dezala gaurkoak.