2016-12-19
BASKOT GAUA!
Hemen dituzue pasa den ostiralean Hego Uribeko Berbalagunek antolatutako festako argazki batzuk.
Dakizuen moduan, urtero bezala, Gabonak iristen direnean , Hego Uribeko Berbalagun eta euskara ikasleek festa berezi bat antolatzen dute, Baskot Gaua izenekoa. Jaiaren funtsa kapela batekin joatea da, eta festa giroan euskarari bultzada ematea; jana eta edana, ikasle abeslariak, bakarrizketa...sorpresa asko izan genituen!
Festa Basaurin izan zen eta arrastiko 20etan hasi ginen poteoan Urduña tabernan. 60 lagun-edo elkartu ginen eta 21ak arte ibili ginen tabernaz taberna giroa berotzen, eta bidez batez argi erakusten euskararen alde jende asko dagoela Hego Uriben!
Ondoren, San Jose ikastetxera abiatu ginen denok, bertan jana eta edana prest baitzeuden festarekin segitzeko. Urdaila bete eta pilak birkargatu ostean, Barry Manley-ren bakarrizketa umoretsua izan genuen; eskerrik asko Barry hainbeste barre eragiteagatik!!
Eta bukatzeko, AEK-ko ikasle zein irakasle eta Basauri eta Galdakaoko Berbalagunek, abesti bana abestu eta dantzatu zuten, baina ez edozein abesti, gazteleratik euskaratutako hainbat abesti barregarri baizik: "nire gurdia", "traktore horia", "asereje"...
Laburbilduz, sekulako giroa egon zen, euskararen alde modu alai batez jokatzea posible dela beste behin ere erakutsi genuen! Hurrengo urtean ere arituko gara!!! Denon artean praktikatuz eta biziz!!
Eskerrik asko etorri zineten guztioi, eta bereziki San Jose ikastetxeari (kapera uzteagatik) eta Barry Manley-ri, momentu hain entretenigarria pasarazteagatik!!! Hurrengo arte!
2016-12-03
GALDAKAOKO III.MINTZODROMOA
Orain arteko Galdakaoko Mintzodromorik jendetsuena antolatu dugu aurten, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia txiki geratu da, AEK, udal euskaltegi, Eguzkibegi, Elexalde eta Bengoetxe institutuetako 80 ikasle inguruk, goizeko berbatalde guztietako 20 kiderekin bat egin baitute urtero ospatzen dugun ekitaldi honetan parte hartzeko.
Goizeko hotzari aurre egiteko txokolate beroak martxan jarri ditu solaskideak, eta konturatu orduko bukatzeko ordua heldu da. Labur, berbetan aritu diren 45 minutuak oso labur egin zaizkiela esan dute partaide askok; seinale ona!
"Ikasketen ostean, zer?", "Txakurrekin bizitzeko prestatuta gaude?" eta "Gazteak eta alkohola" izan dira mahaietako dinamizatzaileen laguntzaz jorratu ditzuten hiru gaiak. Guztira 120 lagun euskararen alde!
Langa oso goian jarri dugun arren, markak hausteko gogotsu itzuliko gara 2017an.
Bien bitartean, gogoratu euskarak 365 egun dituela. Barkatu, aurten 366!
Subscribe to:
Posts (Atom)