2020-03-29

KORONABIRUSARI AURRE EGITEN: BERTSO ERRONKA

Aurreko astean hasi ginen "koronabirusari aurre egiten" atalarekin, eta bertan Hego Uribeko Berbalagunak animatu genituen etxean egiten zuten jarduera fisikoa grabatzera. Harrera oso ona eduki zuen ekimenak, hortaz, aste honetan beste erronka bat proposatu genien; bertso erronka, hain zuzen ere. Beste behin ere, gure Berbalagunek erakutsi digute mundialak direla!!


Lehen bideo honetan Galdakaoko Aniceto daukagu. Nabaritzen da ez dela "atzo goizean" hasi bertsotan, ezta? Asko dugu berarengandik ikasteko; bertsotan aritzea da horietako bat!

Hurrengo bideoan eskualdeko Mendi taldeko Juan agertzen da. Hori inbidia eman ziguna!! Egoera latz honi errazago aurre egin dakioke halako parajez inguratuta egonda!!

Bideo honetan Basauriko Leire daukagu eta egun ona izan dezagun opa digu! Eskerrik asko Leire! 

Eta bukatzeko, Galdakaoko Arkaitz. Egia da irakurtzen ari dela ematen duela, baina garrantzitsuena parte hartzea da!! Kar, kar, kar.

Hurrengo astean ere erronka berri bat proposatuko dugu: "Sarri sarri" abestiarekin bideoklip bat egitea proposatuko zaie Berbalagunei! Parte hartu nahi? Bada, jarri kontaktuan gurekin eta ipini zure aletxoa! Ondo pasatzeko, barre egiteko eta deskonektatzeko aukera eskainiko digu erronka berri honek, eta zure laguntzarekin errazagoa izango da!! Animo guztioi eta eutsi goiari!!

PRAKTIKATU ETA BIZI! ETA ERRONKEKIN HASI!

KORONABIRUSAK EZ GAITU MUTUTUKO: BIDEODEIAK


Denok dakigu egoera berezi honek hainbat arazo sortu dituela, baina euskaldunok aspaldidanik gara trebeak eguraldi txarrari irribarre batez aurre egiten. Mugikortasunean jarri dizkiguten mugek ekintza asko bertan behera uztera behartu gaituzte, baina Hego Uribeko Berbataldeek aurrera jarraitzen dute, Koronabirusak ez baititu mututu. Euskara praktikatzeko moduak eskaintzen dizkigute teknologia berriek, eta tabernetan elkartu ezin garenez, "bideodeien" bidez ari gara!!



Lehen irudi honetan, egoera honi aurre egiteko espresuki sortu den taldeko partaideak ditugu: bideolagun izena jarri diogu taldeari, kar, kar, kar.


Beste honetan Galdakaoko talde bat dugu, Asier dinamizatzailea (goian eskuinean) bidelagun lanean ari delarik.

Eta azken argazki honetan Basauriko bariku arrastiko taldeko bi partaide Ioritz dinamizatzailearekin batera!!

Ikusten duzuenez, Hego Uribeko Berbalagunok martxan jarraitzen dugu, arazoak arazo eta oztopoak oztopo! Egoera txarretan ere gogotsu segitzen baitugu, eta lehen esan bezala, birusak ez gaituelako mututuko!

PRAKTIKATU ETA BIZI!!


2020-03-19

HEGO URIBEKO BERBALAGUNAK KORONABIRUSARI AURRE EGITEN

Koronabirusa dela eta, gutako asko etxean itxita, "gatibu", gaude. Hala ere, Hego Uribeko Berbalagunek ez dute sasoia galdu nahi, horregatik, egoerari umorez aurre egiteko modua bururatu zaie: kirola egiten etxean grabatutako bideoak bidaltzea eguna alaitzeko!


Agerikoa denez, bakarrik zein umeekin grabatu ditzakezue  bideoak, ariketa desberdinak eginez...sormena lantzeko ere aproposa!


Azken honek, ikusiko duzuenez, abesti bat ere eskaintzen digu!! Aupa Leire!! Kar, kar, kar.


Orain zuon txanda da!! Anima zaitezte eta bidali bideoak! Astero bidaltzen diren bideoen artean zozketa egingo da hoberena/barregarriena/originalena aukeratzeko, eta sariren bat irabazteko aukera ere edukiko duzue!! Gainera, bide batez, egoera larri hau jasangarriago egiten lagunduko digu!


O.H.: Bideoa  607146 855 telefonora, hegouribe@aek.eus helbidera edo zuen dinamizatzaileari bidali.


 

2020-03-18

MINTZAPRAKTIKA TALDEAK ONLINE

Adi, euskaltzale!!

Etxean egotea gogaikarri egiten ari zaigunez askori, laguntza ematera gatozkizue: mintzapraktika euskaraz online egiteko modua duzue!
Modua erraz-erraza da: euskaldunak bazarete eta etxean bazaudete, zer egin jakin gabe, whatsapp-a erabiliz deskonektatzeko aukera eskaintzen dizuegu. Lau pertsonako taldeak egingo genituzke, eta aplikazioa erabiliz mintzasaioak egiteko erabiliko genuke.

Eguna, ordua eta iraupena nahi duzuena izan daiteke: astean behin 45 minutu; bi egunean behin 30 minutu; egunero 15 minutu... Aukera ugari ematen dizkigute teknologia berriek, bada erabil ditzagun euskaldun sarea egonkortu eta hedatzeko!

Horrez gain, kultura eta barre egiteko bideoak, lehiaketak eta bideoklip bat egiteko ideia ere badugu (proposamenik baduzue, zerbait egiteko prest bazaudete...), beraz, bertan parte hartzeko aukera ere izango duzue!

Beno bada, interesatuta bazaudete jarri kontaktuan gurekin martxoaren 22a baino lehen, taldeak martxan jarri ahal izateko!

Animatuko??



2020-03-06

MINTZODROMOA MOMOAK TALDE FEMINISTAREKIN


Herriko elkarteekin lanean aritzea beti da aberasgarria. Atzo, abenduan bezala, mintzodromoa antolatu genuen, baina ez urtero egiten dugun modukoa. Martxoaren 8aren aitzakian, feminismoa izan genuen hizpide, Momoak talde feministak prestatu zituen gaiekin. AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleak eta zenbait berbalagun batu ziren goizean eta arratsaldean antolatutako mahai-inguruei kolorea emateko.


Beste ezberdintasun bat gai kopurua izan zen. Sei gaik osatu zuten esku-orria: soldata-arrakala, zaintza lanak, emakumeak eta kirola, emakumeak jendaurrean, emakumeak eta zientzia eta hizkuntza inklusiboa. Atzo Torrezabaleko erakusketa-gelan batu ziren 100 partaideak ederto moldatu ziren, eta seguru gaude gizon eta emakumezkoen artean, zoritxarrez, gizartean oraindik dagoen diferentziari aurre egiteko baliagarria izan zela




Eskerri asko Momoak taldeari eta baita atzo parte hartu zenuten guztioi ere!

2020-03-04

Slime edo gorila mukia Basauriko Gurasolagunek

Hementxe aurkezten dizuegu Basauriko Gurasolagunek martxoan egingo duten tailerra: slime edo gorila mukia deritzona. Tailer guztiz artisaua izango da, eta ume zein gurasoek ederki pasatzeko aukera izango dute. Hori bai, zikintzeko prest etorri beharko zarete, kar, kar, kar.
Beharrezko materiala Berbalagunek jarriko du eskuragarri, hortaz, ekarri behar duzuen gauza bakarra amantala da, eta euskaraz gozatzeko gogoa, noski!
Izena emateko azken eguna martxoaren 11 izango da. Animatuko?

PRAKTIKATU ETA BIZI!