2021-09-20

KOKUZBURU, GANGUREN ETA OTALARRA TONTORRAK

(egindako ibilbidearen bideoa argazkiz lagundua)

 Ikasturteari hasiera emateko Galdakaoztarrentzat hain berezia den Ganguren mendia igotzea erabaki genuen Hego Uribeko Berbalagunok, Artxandatik ibilbidea eginez. Halere, azken momentuko ustekabe pozgarria izan, eta ondorioz, ibilbide borobila egin genuen, beste bi tontor bisitatuz: Kokuzburu eta Otalarra.

Bada, goizeko 9:00etan geratu ginen Galdakaoko udaletxearen parean, eta jada denok geundenean iritsi zen lehen aipatutako ustekabe pozgarria: Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeko presidentea, Pedro Aizarna, agertu zen geuregana, eta horri esker, mendi-gida ezin hobea eduki genuen!

Kontuak kontu, mendian gora martxan jarri ginen, Ganguren Mendi Taldeak kolorez markatutako ibilbideari segika (lan bikaina egin dute hainbat ibilbide sortuz), eta konturatzerako Artxandako golf zelaiaren parera iritsi ginen, harizti ederrak gurutzatu ostean. Handik Kokuzburu tontorrera di-da batean heldu ginen.

(Kokuzburu tontorra, bunker baten sarreraren gainean)

Argazkia egin eta zerbait jan ostean, martxari ekin genion, Ganguren tontorra helburu. Gailur batetik  besterako tarte hau bereziki polita da: eskuinaldean Txorierri harana, ezkerrean Pagasarri eta Ganekogorta eta aurrez aurre itsasoa eta Bilboko portua. Konturatzerako Ganguren tontorrean geunden, ibilbideko punturik altuenean (477 metro).


(Ganguren eta bere postontzi ezaguna)
 
Indarrak berritu eta argazkiak egin ondoren, Galdakaora itzultzea besterik ez zitzaigun geratzen, baina ez genuen egindako bidea errepikatu eta beste leku batetik bueltatu ginen, Arantxille urtegitik hain zuzen ere, ibilbide zirkularra itxiz. Halere, urtegira iritsi aurretik gure artzain-gida bikainak beste tontor batera bideratu gintuen, basoan ezkutatuta dagoen Otalarra gailurrera, alegia.
 
Bukatzeko, Galdakaora iristean derrigorrezko zuritoa edan genuen, goiz ederrari amaiera dotorea emateko! Mila esker bihotzez Pedrori, hain ibilbide polit, ezezagun eta erakargarria ezagutarazteagatik! Bejondeizula!

Jada ari gara hurrengo irteera prestatzen, beraz, adi sare sozialei, bertan iragarriko baitugu noiz eta nora joango garen!

PRAKTIKATU ETA BIZI!



2021-09-15

GANGUREN ETA ARTXANDAKO LUBAKIAK


 Aupa Berbalagun/euskaltzale! Ikasturteari hasiera emateko Galdakaoko mendi mitikoa igoko dugu: Ganguren. Ikuspegi ederrak izateaz gain, historikoki ere balio handia duen mendia da, inguruan baitaude Gerra Zibilean Bilbo defendatzeko eraiki ziren burdin-hesi eta lubakiak. Bada, horiek ere bisitatuko ditugu zapatuko ibilbidean. Animatu zaitez gurekin!

Etortzekoa bazara bidali whatssapp-a 645 715 621 telefonora edo idatzi mezua hegouribe@aek.eus helbide elektronikora.


PRAKTIKATU ETA BIZI!

2021-09-07

HEGO URIBEKO SELFIE LEHIAKETA

 

Hego Uribeko Berbalagunek urrian emango dio hasiera ikasturte berriari, eta euskararen aldeko mezuak zabaldu nahi ditugu nonahi, eta horretarako "selfie lehiaketa" egitea pentsatu dugu!

Parte hartzea oso erraza izango da: bidali udan egindako selfie bat euskararen aldeko mezuarekin hegouribe@aek.eus helbidera, eta jasotako bi argazki original, umoretsu, berritzaileenek... kartelean agertzen den opari sorta jasoko dute!

Erraza, ezta? Halere, ideia bat izan dezazuen hemen duzue bi dinamizatzaileek egindako adibidea....kar, kar, kar



Bada, irailaren 30a bitarte duzue zuen argazki-moldatu bidali eta euskararen aldeko mezua lau haizetara zabaltzeko!! Anima zaitezte!


PRAKTIKATU ETA BIZI!

2021-06-25

ALTXORRAREN BILA ARITU GINEN ATZO, GOIZ ETA ARRATSALDEZ

 

Amaiera ederra eman genion atzo ikasturteari. Gynkana dibertigarria antolatu genuen kurtso berezi hau behar bezala agurtzeko, eta ekintzara animatu ziren berbalagun eta AEK-ko ikasleek ederto pasatu zuten. Izan ere, ordubete inguru ibili ziren bidean utzitako pistak aurkitzen eta pisten barruko asmakizunak askatzen, Pepeton gordeta zegoen altxorra non zegoen jakiteko. 



 

Kurtzeko plazan batu ginen 10:00etan, eta talde bi egin genituen, erronkak emozio handiagoa izateko. Taldeek ibilbide bera egin zuten, baina altxorra aurkitzeko pistak leku ezberdinetan zeuden, eta hori pizgarri berezia izan zen taldeentzat, partaideek uneoro ikusten baitzuten beste taldea aurretik edo atzetik zegoen.



 Jokoaren xedea altxorra aurkitzea zen, baina horretarako, bildutako pistetan aurkituko zuten logika jolas bat planteatu genien. Arrasto bakoitzak altxorretik hurbilago eraman zituen gure lagunak, baina jokoa osorik osatu arte ez genien eman altxor preziatuaren kokapena. Eta ez, umeentzat pentsatutako kontua dela eman arren, gogotik bota zuten izerdia, ezkutatutako paperak non zeuden eta jokoa nola ebatzi behar zen asmatzeko!


Arratsaldean eguzkia atera zen laino artetik, eta behin betiko uxatu genuen aurreikusita zegoen euriaren beldurra.  18:00etan hasi ginen, eta bigarren txandako parte hartzaileak ere ederto batean moldatu ziren. Goizekoak bezala, arrasto bakoitzaren atzetik ibili ziren, Pepetora heldu ziren arte. Bertan, azken argibidea zuten zain, eta tentsio uneak bizi izan genituen, talde biak oso parekatuta egon zirelako azken txanpan.



Altxorra Belategi auzoko Baserri baten ondoan ezkutatu genuen, San Juan gauak utzitako errautsa batzuen ondoan. Bertan, Karmele Arrieta zain genuen, gau magiko honek euskaldunontzat historian izan duen garrantziaren zergatia kontatzeko. Oso kontu, kanta eta ohitura interesgarriak aipatu zizkigun Belategiko berbalagunak, eta adi-adi entzun genion denok, altxorraz gozatzen genuen bitartean.




Altxorra gozokiz betetako kutxa zen, baina barruan zegoen mezuak ondotxo azaltzen zuen altxorra ahoz aho darabilgun hizkuntza dela eta euskarak, gozokiek ez bezala, zenbat eta gehiago dastatu, orduan eta iraupen handiagoa daukala. Beraz, kantak dioen bezala, "maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago"

Orain udako berbalagunen txanda da! Besteok urrian ikusiko dugu elkar!

Ondo pasa uda!


2021-06-12

TXOTXONGILOAK SORTZEN ARITU DIRA GURASOLAGUNAK

Arratsalde ederra pasatu dute gaurkoan ere Gurasolagun egitasmoaren ume eta gurasoek. Aurreko saioan itzalekin jolasten ibili ziren gure txikiak, Urtxintxako begiraleak ekarritako antzeztoki txiki batean, eta ideiari jarraitu nahi izan diogu, hariz lotutako txotxongilo ederrak sortuz. Emaitza polit-polita izan da, baina hori baino garrantzitsuagoa den beste gauza bat ere ikasi dute, edozein material berrerabil daitekeela.


Komuneko paperaren tutuak, tapoiak, eta kortxoak ekarri dituzte familiek etxetik, umeek aukeratutako animaliari gorputz-atalei forma emateko. Zoologikoa izan dugu: elefantea, lehoia, hartza, pantera, otsoa, azeria, igela...denetarik! Kolore egokiko kartulina aukeratu eta aurpegiak margotzen hasi dira umeak poz-pozik, gurasoak silikona eta bestelako material arriskutsuagoa lantzen aritu diren bitartean.


Gaur ezin izan dira etorri gurasolagun beterano asko, baina familia berri bi hurbildu zaizkigu, eta besoak zabalik hartu ditugu. Horrek erakusten du proiektua gero eta jende gehiagorengana heltzen zaiola, eta hori ikustea oso pozgarria da, gure sarea gero eta handiagoa izatea nahi dugu eta. Lehen tailerra izan zuten, baina primeran moldatu ziren. Bistan da etxean ere eskulan asko egindakoak direla!


Familien arteko giro ona, eguraldia eta AEKren terraza zabala izan ziren atzoko tailerraren emaitzaren gakoa; hori eta umeen ilusioa, jakina! 

                                     Hurrengora arte, lagunok!


2021-06-03

PULTSERAK EGITEN IKASTEN

Pultserak egiten irakatsi ziguten atzo arratsaldean Berbalaguneko jostunek. Talde beterano honetako kideak asteazkenero elkartzen dira AEKn, eta atzo bertako ikasleekin elkartu ziren, apaingarri polit hau nola egiten duten azaltzeko. Pandemiaren arriskua saihesteko, terrazara irten ginen, eta eguraldia lagun, ederto batean pasatu genuen arratsaldea.

Jostunek urteak daramatzate jostorratzari eragiten, baina duela bi urte Sorkunde batu zen taldera, eta pultserak egiteko zaletasuna piztu zien beste taldekideei. Ederto aritzen ziren guztiak, baina eskulan horretan bera da ondoen moldatzen dena, eta atzo hainbat eredu ekarri zituen, ikasleek gustukoen zuten hori aukera zezaten.
Sorkunde artista hutsa da horretan, baina beste taldekideek ere ederto egiten dute, eta hasi berriei laguntzen ibili ziren, denok ez baikara haiek bezain iaioak. Eredu bi egin genituen: errazena eta abilezia handiagoa eskatzen zuen beste bat, eta, egia esan, oso lan politak egin zituzten guztiek.
Arratsaldea biribiltzeko, eredu bezala izandako pultsera bana eraman zuten ikasleek, eskumuturra dotore-dotore janzteko. Eskerrik asko Maribel, Azu, Sorkunde eta etortzerik izan ez zuten Miren eta Txaro jostun apartari!!!



2021-06-01

UDABERRIKO OTORDU OSASUNTSUAK BASAURIN

 

Aupa euskaltzaleokok! 

Larunbaterako plan ederra proposatuko dizuet: UDABERRIKO OTORDU OSASUNTSU TAILERRA. Oraingoan aukera edukiko dugu udaberriak Euskal Herrian berezko dituen elikagaiak erabiliz otordu osasungarriak egiteko, gorputza biziberritzeko udaberrian ingurumenak egiten duen bezala!
 

Izena lehenbailehen eman 645 715 621 telefonora deituz/mezua bidaliz, bestela hegouribe@aek.eus helbidera idatzita. Lekuak mugatuak izango dira, beraz, ez utzi azken momenturako eta jarri kontaktuan gurekin!


PRAKTIKATU ETA BIZI!

2021-05-28

BASAURIKO VI. MINTZODROMOA

 

 

Aurten Basauriko VI. Mintzodromoa ospatu da, eta azpimarratu nahi dugu aurten ere, pandemiaren egoera kontuan hartuta, nahiko arrakastatsua izan dela! Apurka-apurka baina lortzen ari gara Basauri gero eta euskaldunago eta euskaltzaleago egitea!

Basaurin ohitura den bezala, bi saio antolatu genituen; bata goizeko 10:30etatik 12etara, eta bestea, arrastiko 18:30etatik 20etara, Solobarria plazan. Egoera berezia dela eta, 4 partaide egon ziren mahaiko (beheko argazkian ikus daitekeenez), eta ez beste urte batzuetan bezala 6. Neurri horri Covid-ak bere barne hartzen dituen besteak gehitu genizkion segurtasuna erabat bermatzeko: musukoa etengabe jarrita, distantzia, sarreran gel hidro-alkoholikoa, kafe eta pastarik ez...

 


 Lehen aipatu bezala, goizeko saioari hasiera 10:30etan eman genion eta aurtengo berritasun nagusia azaldu genien: mahai aldaketarik ez genuen egingo. Horren ostean, ordubete inguru eman zuten aurten proposatutako gaien inguruan euren iritziak plazaratzen: "Euskaraldia eta euskara", " Covid 19-a" eta "Uda eta turismoa" izan zen bukaera eman zion gaia. Gaiak aproposak iruditu zitzaizkien eta horren seinale da, goizean hurbildu ziren 40 bat lagunei labur egin zitzaiela saioa!

 


Arrastian ere, koadrila polita elkartu zen Solobarria plazan, egoera aintzat hartuta noski, 55 bat lagun, eta goizeko dinamika berberean aritu ginen...ederki egon ziren bertara hurbildu ziren ikasle, berbalagun eta euskaltzaleak! 


Datorren urterako lanean gaude dagoeneko! Milesker parte hartu duzuen guztioi, zuek gabe horrelako ekintza egitea ezinezkoa bailitzateke!!

Praktikatu eta bizi!! 

2021-05-27

"HITANOAREN BALIOA" HITZALDIA

Hitanoaren garrantziaz mintzatu zitzaigun atzo Manu Etxebarria, Torrezabalen eskainitako hitzaldi interesgarrian. Bertan, 40 lagun inguru elkartu ginen, eta adi-adi entzun genituen Zeberion jaiotako galdakoztar honek emandako datu, aholku, kontakizun eta bestelako bitxikeria guztiak.


Esan bezala, saioak denetarik izan zuen. Euskal matriarkalismoaren kutsuarekin hasi zen, hitanoaren morfema femeninoa eta maskulinoa azpimarratzeko. Seguru bertaratu zen entzuleren batek ez zekiela etxean katua beharrean, katarra duela.


Euskararen lagunarteko erregistro honek urteetan izan duen desprestigioaz ere aritu zen Manu, eta horretarako, hainbat adibide jarri zituen. Esaterako, Arrazolan, ume batek hitanoa erabili izana aitortu zion herrira heldu berri zen abadeari, hitz egiteko modu hori bekatua balitz bezala. Publikoa parte hartzeko gogotsu egon zen, eta emakume batek gaineratu zuen bere herriko jendeak nobiotan bai, baina behin ezkonduta, ezin zuela erabili. 


Abadeari hika egiten zion Arratiako mutiko baten pasadizo barregarri bat ere kontatu zigun hizlariak, eta hitzaldiari amaiera emateko, bertso eder bi bota zituen, gure inguruan gero eta gutxiago entzuten den hitz egiteko modu hurbil honen alde. 

Hitanoa jorratzen jarraitzeko gogoa erakutsi zuen atzo kultur etxera joandako batek baino gehiagok, eta Berbalagunek bide eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera. Hortaz, horrelako mintzatalde batean aritzeko interesa baduzu, bidali mezua galdakao_berba@aek.eus helbidera.

Solasaldian erakutsi zigun bezala, 1571an, Leizarragak Jainkoari hika egiten bazion, hitz horietan ez dago errespetu faltarik. Beraz, aditz sinpleekin bada ere, gure artean hitanoa erabiltzen saiatuko gaituk edo ahaleginduko gozak, Manu. Orioketa!

2021-05-07

AHOZKO AZTERKERAKO JARIOTASUNA LORTU NAHI?


 


 


 

 

Kaixo Hego Uribeko euskaltzale guztioi!! Hementxe dugu Basaurin ospatuko dugun 6. Mintzodromoa eta espero dugu ahalik eta jende gehien etortzea, segurtasun neurri guztiak errespetatuko baititugu, noski!. Aurreko ekitaldiak bezala, Solobarria plazan ospatuko dugu: bi saio izango dira, goizez zein arratsaldez, eta euskara kalera atera eta solasaldi jatorra izan nahi duen ororentzat aukera paregabea izango da. Zuen zain gaude!! Gogoratu, izena emateko azken eguna maiatzaren 20a dela! Ezinbestekoa musukoa jantzita edukitzea!
 

Praktikatu eta bizi

2021-05-03

KOSMETIKO NATURALEN BIGARREN SAIOA

 

Apirilaren 24an, larunbatez, egin genuen bigarren saio edo saio praktiko hau, Basauriko Nai Lua Tetegian, berriro ere. Hilabete lehenago egindako saio teorikoaren jarraipena izan zen, eta normala denez, lehen ikastaroan parte hartu zutenak izan ziren bertaratutakoak.

Helburua argia zen: etxean hilabetez beratzen utzitako sendabelarrekin ukendu eta kosmetikoak egitea. Horretarako, partaide bakoitzak sendabelar bat beratu eta saiora ekarri zuen, belar horrek zituen propietate eta abantailak guztiokin partekatuz. Belar horietako batzuk hauek izan ziren: salbia, erromero, kalamua, asunak...

Azkenean, bakoitzak ekarritako "ur-beratu" guztiak nahastea erabaki genuen, sendabelar guztien "popurri" antzeko bat egiteko. Goiko argazkian kozinatzen agertzen dira gure partaideak, beratutako ur hori ondoren kozinatu behar baita!Horrekin guztiarekin ukendu potentea egin genuen.

(ukendua eta krema egiteko jarraitu beharreko pausoak)

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu METIK KOOPERATIBARI, eta bereziki ikastaroa gidatu zuen Rakeli, tailer hauei esker asko ikasi baitugu ekofeminismoaz eta osasunaren autogestioaz, eta hori guztia euskaraz gozatuz! Eskerrik asko bihotzez!

PRAKTIKATU ETA BIZI!



2021-04-30

GURASOLAGUN TAILERRAK, URTXINTXAREN ESKUTIK

 

Gogotik bota dugu izerdia gaur Urtxintxarekin batera antolatutako Gurasolagun saio bietan. Pandemia dela eta, aspalditik ezin izan gara elkartu, eta bagenuen gogoa elkarrekin egon eta, beti bezala, primeran pasatzeko. Jende askok eman du izena, eta, segurtasun neurria betetzeko, bitan banatu ditugu parte hartzaileak. Lehenengoan, umerik nagusienak, aurreko urteetan ibilitakoak. 

 

 

Begira ze ondo moldatu diren Twister-ean gure break dance dantzari txikiak!


Bigarren saiokoek ez zuten elkar ezagutzen, baina berehala utzi dute albo batera lotsa, eta hauek ere, txikiagoak izan arren, primeran moldatu dira. Lehen jolasa egin ostean, sei laguneko talde bi egin ditugu, eta igelak bezain trebe aritu dira saltoka, proba batetik bestera: igarotzeko ezinbesteko eginkizuna. Haineste prosarekin El Conquis reality-rako prestatzen ari ginela zirudien!




Hainbesteko indarra gastatuta, saioaren amaiera lasaiagoa izan da. Argiak amatatu eta itzal txinatarrak egiten irakatsi digu Irantzuk: Txakurra, Untxia, usoa, armiarma, barraskiloa...Minutu gutxian, zoologiko erdia AEK euskaltegian! Umeak ere saiatu dira irudiak sortzen, eta horretan ere ez dira batere txarto moldatu, ez horixe!


 Eta eskuak ez ezik, itzalekin jolasteko, paperez egindako txotxongiloak ere erabil daitezkeela ikasi dugu. Denon eskura dauden kartoia, papera, zotz luze bat bezalako material sinplea nahikoa da umeentzako antzezlan polita irudikatzeko. Hurrengo hitzorduan geure eskuekin sortzeko moduko tailer polita, inondik ere!

2021-03-18

KOSMETIKO NATURALEN LEHEN SAIOA


 Metik proiektu ekofeminista bat da, maila pertsonalean zein kolektiboan osasunaren autogestioa bultzatzen duena, batez ere emakumeen osasuna. Praktika indibidualistak eta kapitalistak desegitea da haien apustua, batez ere gure gorputzen,  baita gizartearen eta gainerako pertsonen trataeran ere.

 

Azalpen txiki horrek laburbiltzen du ikastaroaren ardatz nagusia: hau da, osasunaren autogestioa helburu, kosmetiko naturalak guk geuk egitea. Horretarako, lehen saioak zati teoriko nahiko handia izan zuen: ekofeminismoari buruz hausnarketa kolektiboa egin genuen eta hainbat datu interesgarri eman zizkigun Rakelek (Metik kooperatibako kideak). Ondoren, sendabelarrei buruz aritu ginen: zeintzuk ezagutzen genituen, zein propietate edo onura daukan belar bakoitzak, zelan beratu...


 Ikastaroa Nai Lua teterian egin genuen martxoaren 13an, zapatuan, goizeko 11.00etatik 13:00ak arte, eta 4 pertsonako hiru talde batu ziren (distantzia eta aforoa errespetatuz). Aurretik aipatutako teoriaren eta hausnarketaren ostean 2. saiorako etxerako lanak jarri zizkigun Rakelek: partaide bakoitzak sendabelar zehatz bat bildu behar du eta etxean beratu, eman zizkigun jarraibideekin. Horrela, apirilaren 24an egingo dugun bigarren saioan, bakoitzak bildutako eta beratutako sendabelarrekin kosmetikoak egingo ditugu denon artean, baita sendabelar bakoitzaren onurak partekatu ere.


Hauek dira partaideek batu eta beratuko dituzten sendabelar batzuk: "Salvia", "Milenrama", izpikuliua, azeri buztana, arnika, kalendula (basailena), erramua, asunak, menda... Hortaz, hurrengo saiorako sendabelar-saltsa ederra edukiko dugu!!

Esan beharrik ez dago partaideek gustura baino gusturago bukatu zutela lehen zati hau, eta bigarrenari ekiteko gogoz daude dagoeneko, sendabelar horiek mendian biltzeko leku aproposak bilatzen.


Mila esker Rakeli eta Metik kooperatibari, halako ikastaro interesgarria gauzatzeagatik, mundu hobea lortzeko asko baitaukagu aldatzeke, eta pauso txiki bat izan arren, ezinbesteko pausoa dela uste dugu!! Apirilaren 24an egongo gara berriro ere!

PRAKTIKATU ETA BIZI!



FISIO TAILERRAREN KRONIKA


 Martxoaren 12an egin genuen fisioterapia ikastaroa aurreratua ederki atera zen. Pozokoetxeko kultur-etxean gauzatu zen, eta jarri ziguten jende kopuruaren muga errespetatuta 8 lagun elkartu ginen ikasteko eta sufritzeko (kar, kar, kar) asmoz.


Azaroan egin genuen lehen tailerraren jarraipena izan zela esan daiteke, baina oraingo honetan, Iraide irakasleak ( Nare fisioterapia zentroko jabeak) luzaketetan oinarritu zuen ikastaroa. Esan zigun moduan, gorputza ondo luzatzeak, behar bezalako ariketak egiteak... estresa kentzen laguntzen du, eta egunari indar handiagoz aurre egiteko guztiz baliagarria da.

 

Azalpen batzuen ondoren ariketekin hasi ginen: hasieran zutik iskiotibialak luzatzeko, betiere arnasari erreparatuz (arnas hartu, eta bota bitartean luzaketa gauzatu). Jarraitzeko, "sentadilla" moduko batzuk lunbarrak lantzeko, ondoren etzanda egon ginen hankak, besoak eta bizkarra luzatzen...



 
 
Oso saio interesgarria eta baliagarria izan zen partaideontzat, baina neka-neka eginda bukatu genuela aitortu behar dut: ohitura falta argia! Hemendik aurrera egunero egin ahal izateko ariketa gomendagarri mordoa badugu, beraz, ez daukagu aitzakiarik zurrun-zurrun gaudela esateko!
 
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Iraideri, erabat profesionala delako, ikastaroa ederki eman eta azaldu zigulako eta gurekin pazientzia itzela eduki zuelako!! Mila esker benetan! Izugarri merezi izan du!

PRAKTIKATU ETA BIZI!
 

 

 

MAKRAME TAILERRA 2.0


 Aupa, Berbalagunok! Oraingo honetan beste ikastaro erakargarri batekin gatozkizue: makrame 2.0 tailerra! Oraingo honetan pultsera/eskumuturreko bat egiten ikasi eta egin ere egingo dugu. Ez da beharrezkoa oso trebea izatea, edonork egin ahal izateko tailerra baita.


Ikastaroa martxoaren 27an, zapatuan, goizeko 11:00etatik 12:30etara gauzatuko da Nai Lua teterian, eta leku mugatuak izango direnez (15-20 lagun), izena lehenbailehen ematea gomendatzen dugu.

Izena emateko idatzi hegouribe@aek.eus helbidera zure datuak emanez, edo zuzenean whatsapp-a 645 715 621 telefonora. Izena emateko azken eguna martxoaren 25a izango da.

 PRAKTIKATU ETA BIZI!

2021-03-02

KOSMETIKO NATURALAK: ekofeminismotik osasunaren autogestiorantz


Aupa, Berbalagun! Oraingo honetan ikastaro bikoitz batekin gatozkizue: 2 saio egingo ditugu; lehena martxoan eta bigarrena apirilean. Ikastaroa METIK KOSMETIKA kooperatibako kideek eskainiko digute. Hau lehena da: bertan kosmetiko naturalak egiteko teoria jaso eta ekofeminismoari buruzko debatea egingo dugu. Horrez gain, landareak bildu eta kontserbatzeko aholkuak emango dizkigute. 

Ondoren, landareak guk bildu eta etxean mazeratu ostean, bigarren saioan, apirilean, landare horiekin kosmetikoak egingo ditugu.


Interesgarria, ezta? Bada eman izena azkar, 25 leku besterik ez dago eta!

 

PRAKTIKATU ETA BIZI