2012-11-26

BERBALAGUNON JAIA


2011n Berbalagun egitasmoa abian jarri genuen Basaurin. Eta denbora honetan beste eragile askoren laguntzaz, euskaraz hitz egiteko espazio berriak sortu ditugu eta nola ez, norekin hitz egin ez zutenei mintzapraktika egiteko aukera eskaini diegu.

Basaurin Berbalagunok euskararen alde gure ekarpen txikia egiten ari gara, orain Basauriko gainontzeko euskaldun guztiokin ospatu nahi dugu.

Azaroaren 30ean Berbalagunon jaia Basaurin. 

Egitaraua:
       19:00etan Berbalagunon topaketa, elkar ezagutzeko jokoak, pintxo dastaketa, zozketak... Zehatza tabernan.
       20:30etik aurrera Basaurin Kantuka Urduña tabernan hasita, kantu kalejira erdiguneko tabernetan zehar Bentazaharreko mutiko alaiak taldeak girotuta.

ZATOZ GUREKIN ! Ederto pasatuko dugu eta!

2012-11-15

BILBOKO ITSAS-MUSEORA BISITA


Geratzeko lekua: Galdakaoko udaletxe aurreko autobus geltokian

Eguna: Azaroaren 21ean

Ordua: 16:00etan

Sarrera: 12€




Informazioa gehiago nahi izanez gero, 675 717 530 telefonora deitu.

ANIMA ZAITEZ!!!

Abenduaren 1ean EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA aldarrikatzera goaz



Euskaldunen komunitatea indartzera eta "Euskaraz bizi nahi dugu" lemapean abenduaren 1ean burutuko den manifestazioan parte hartzera dei egin du Kontseiluak gaur (urriak 30). Miramar Jauregian egin dute agerraldia eta AEK-k bat egin du deialdiarekin, Kontseiluko hainbat bazkiderekin batera (Ikastolen Elkartea, Berria, EHE, Topagunea, EIZIE, Elkar, Bertsozale elkartea...).  Zeuk ere zure atxikimendua eman dezakezu HEMEN.

Manifestua:

Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait.
Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.

Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza-komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea.  Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubidea izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea.

Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada.

Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu.  Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea

2012-11-12

BASAURIN BE BAGARA

Abenduaren 2a, Basauriko euskaldunek auzolanean sortu, antolatu, parte hartu eta gozatzeko ospakizun eguna:
Euskaldunon komunitatearen topagune eta bizipoz sortzaile

Basaurin Be Bagara lelopean abenduaren 2an ospatuko da jaia. Jaiaren berri emango dugu, baina joan zaitezte zuon agendetan egun hori betetzen!!! 12 ordu kalean eta euskaraz emango ditugu eta!!! Eta ez soilik 12! Bizitza euskaraz eman nahi dugu! Horretarako izango da jaia hau euskaraz bizi nahi eta ahal dugulako argi uzteko.

Gogoratu egun horretan bazkaria izango dugula eta aurretiaz tiketak erosi beharko ditugula. Menua honakoa da: Sarrerako mokadua, indaba-jana, postrea, kafea eta likorea. Dagoeneko tiketak honako lekuetan daude salgai.
  • Arizen: Beitia Zaharra
  • Erdialdean: Urduña
  • Bidebietan: Paulino
  • Kareagan: Kareaga auzo elkartearen taberna
  • San Migelen: Tximintxe

Prezioa:
  • Helduek 10€
  • Haurrek 5€

Informazio gehiago izateko egin klik hemen.
 
Hementxe ikusgai egun horretarako Dangiliske taldeak egindako kanta.


Animo, denon artean lortuko dugu BASAURIN BE BAGARELAKO!

BIZKAIKO BERTSO TXAPELKETA


Bizkaiko bertso txapelketaren finala abenduan izango da, baina bien bitartean finalaurrekoak ere ikusi beharko ditugu, ezta? Eta hara! Lehenengo finalaurrekoa non eta gure herrian ospatuko da, Basaurin. Azaroaren 18an, igandea, bertsoekin gozatu ahal izango dugu arratsaldea 17:30ean hasita, Basauriko kiroldegian. Animatu eta ez zaitez sarrerarik gabe geratu!!!

Lehenengo finalaurrekoa
Datorren azaroaren 18an, 17:30ean, Basauriko Kiroldegian jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Kantauko daben bertsolariak: Eneko Abasolo, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra, Gorka Lazkano eta Iñaki Iturriotz.
Bigarren finalaurrekoa: Azaroarenaren 25ean, Durangoko Landakon. Bertsolariak: Arrate Illaro, Etxahun lekue, Fredi Paia, Jone Uria, Igor Elortza eta Gorka Ostolaza.
Hirugarren finalaurrekoa:
Abenduaren 2an, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Bertsolariak: Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Joseba Artza, Miren Amuriza eta Peio Ormazabal

Finala
Abenduaren 15ean,  larunbata, arratsaldeko 17:30ean, Bilboko Miribillan.

"BOLIBIAKO IZPIAK ETA HIZKIAK" HITZALDIA BASAURIKO ARIZKO DORRETXEAN



Urtero bezalaxe, aurtengoan ere, urriaren 30etik abenduaren 5era bitartean "PLANETA BASAURI" izango dugu. Oraingoan AYMARA UTA (Bolibia) herria ezagutzeko aukera paregabea izango dugu.

Horretarako jakin azaroaren 7tik abenduaren 5era erakusketa izango dela Arizko Dorretxean, nahi duenak bisita dezakeena eta erabat doan dena.

Azaroaren 14an, arratsaldeko 19:00etan Amets Arzallus (bertsolari eta kazetaria) eta Txomin Txuekaren (argazkilaria) eskutik  "BOLIBIAKO IZPIAK ETA HIZKIAK" hitzaldiaz gozatu ahalko dugu  Arizeko Dorretxean.

Animatu eta etor zaitez euskaraz beste herri batzuetako kultura ezagutzera!!!

2012-11-07

BARRURA BEGIRATZEKO LEIHOAK DOKUMENTALA



AZAROAREN 8an 19:30ean

GALDAKAOKO TORREZABAL KULTUR ETXEAN

IRAUPENA 90 MINUTU

SARRERA DOHAINIK




SINOPSIA
Bost euskal presoren erretratuak, bost zinegileren eskutik. Atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea. 17 urteren buruan, Euskal Herrira itzultzen den gizona. Preso den alabarekin izandako telefono elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama. Intelectual bat, zeldaren bakardadean bere burua topatu nahian. 20 urte beranduago, gaztetako lagun zaharrarekin harremana berreskuratzen duen ETAko buru ohia. Letra tipiz kontatutako bost istorio. Barrura begiratzeko bost leiho.

FITXA TEKNIKOA
Zuzendariak: Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Eneko Olasagasti.
Argazkia: Juantxo Sardon.
Soinua: Beñat Gantxegi.
Musika: Pascal Gaigne.
Muntaia: Maialen Sarasua.