2012-09-25

BASAURIN KANTUKA

  
Pasa den ekainean "Basaurin Kantuka"-ri hasiera eman genion. Kantu-poteoan ibili ginen hiruzpalau orduz, giro polit eta euskaldunean. 


Hainbat euskaldun batu ginen berton euskaraz kantatzeko irrikaz eta tabernaz taberna aritu ginen;  gune bakoitzean kide berriak hurbilndu zitzaizkigun. 


Jakin hilabetero elkartuko garela, hilaren azken ostiraletan, arratsaldeko 20:30ean Urduña tabernaren aurrean. Ideia hiru orduz edo aritzea bada ere, beti bezala goizeko ordu txikiak arte geratzen denik ere bada.


Ostiral honetan, irailak 28, berriro elkartuko gara; beraz badakizue...
Animatu eta etorri gurekin!!! Euskal kantak ikasi, euskaraz mintzatu eta ederto pasatzeko aukera polita duzu eta.

2012-09-19

IZAN BERBALAGUN. PRAKTIKATU GUREKIN!

 
Ikasturtea hastear da eta, urtero legez, Berbalagunok gure herriko bazter guztiak euskaraz koloreztatu nahi ditugu. Honezkero nortzuk garen eta zer egiten dugun jakingo duzu, baina badaezpada berriro ere gure jardunaren berri emango dizugu, beti despistaturen bat egoten baita.
 
 
Mintzapraktika egitasmoak euskararen erabilera kalean sustatzea du helburu:
Euskaraz norekin hitz egin ez duen horri, euskaraz hitz egiteko lagunak aurkitzea.
Euskaraz ondo moldatzen ez denari, trebatzen lagunduko dion jendea ezagutaraztea.
Euskaldun berri bati lagundu nahi dion euskaldun zaharrari bide ematea.
 
Azken batean, giro atseginean euskaraz bizitzen laguntzea da gure lanaren funtsa.
 
ETA GAINERA DOHAINIK 
 
Zeren zain zaude?
Etorri guregana. Ezagut gaitzazu, eta atsegin baduzu, gure familia hazten lagundu.
 
 

2012-09-04

EUSKARAZ BIZIPOZ LEHIAKETA

EUSKARA BIZIPOZ lehiaketako parte-hartzaileak 2011/12 ikasturteko negu edo udako ikastaroetan (trinkoak, barnetegiak...) matrikulatuta egotea da bete beharreko baldintza nagusia. Saria hurrengo ikasturterako doako matrikula izango da.

Zer egin behar da parte hartzeko?
1. Ikasleak euskara ikastearekin lotutako bizipen bat aukeratu behar du.
2. Gero, bizipen hori irudikatzen duen argazki bat egin behar du.
3. Azkenik bizipen horri buruzko testu labur bat (ipuina, bertsoa, zirtoa, poema, iruzkina...) idatzi behar du.

Bizipenaren esanahia, argazkiaren indarra eta testuaren originaltasuna baloratuko ditugu. Jasotako lanak matrikulazio kanpainaren osagarri erabiliko ditugu sare sozialetan, eta hiru lanik onenek jasoko dute saria: 2012-2013 ikasturteko matrikula doan.

Ikasleek argazkia eta testua irailaren 14a baino lehen bidali behar dituzte euskarabizipoz@aek.org helbide elektronikora.

EUSKARAK KRISIRIK EZ !!!


Ekonomia, krisia, langabezia, murrizketak ... ditugu danok ahotan azkenaldi aldapatsu honetan. Egia da hainbat gauzek murrizketak jaso dituztela, murrizketa ekonomikoak dira ordea.

Sentimenduak, ideiak eta desioak inoiz baino piztuago ditugula erakutsi nahi diogu herriari. Jakin euskarak, euskaldun sentimenduak eta euskaraz bizitzeko nahiak inoiz baino indartsuago ditugula.

Gure herrian euskaraz maitatu nahi dugu, euskaraz ikastaroak egin, euskaraz jendea ezagutu, euskaraz ondo pasatu... eta dena DEBALDE !!! %100eko BEHERAPENAREKIN!!!!

Animatu eta etorri gurekin!!!!

BERRIRO MARTXAN

Kaixo berriro berbalagun maitiok,

Oporrak atzean utzi eta lanari gogotsu heldu diogu iraila heldu bezain pronto. 2012-2013 ikasturtea inoiz baino indartsuago nahi dugu, eta horretarako zu zara gakoa.

Gizarteak pairatzen duen egoerak grisez estali ditu kaleak, baina guk euskaraz koloreztatu nahi ditugu gure herrietako txoko guztiak, euskara gure herrietako bazter guztietara eramanez.

KALEAK EUSKARAZ KOLOREZTATZEKO, ERDU GUGAZ!!!