2017-11-20

OSTEGUN ARRATSALDEKO TALDEEN AFARIA


Ikasturteari hasiera emateko eta taldeko kide berriei harrera egiteko afaria antolatzen du urtero ostegun arratsaldeko talde beteranoak.

Aurten, kide berri bi ditu taldeak, baina argazkian jende gehiago agertzen da. Izan ere, ordubete lehenago geratzen den taldeko neska gehienak ere afarira joan ziren. Harreman polita zeukan lehendik ere, baina horrelako afariek elkar ezagutzeko aukera ematen dute, eta begi bistakoa da ederto konpondu zirela.

Afaldu aurretik, pote batzuk hartu zituzten, motorrak berotzen hasteko. Ondoren, urtero legez, pikatzeko zerbait atera zuen Roberrek, akabo tripazorriak! Eta 22:00ak aldera, entsalada eta saiheskiaren txanda heldu zen...itzela!

Jendeak gehiago ahoratu ezin zuela uste zuenean heldu ziren Asierrek prestatutako postreak: etxeko flana eta esne-gain izozkia gatzatuarekin nahastua. Dieta guztietan medikuek gomendatutakoa, kar, kar, kar!

Primerako afaria, giro ezin hobean. Susmoa daukagu ez dela elkarrekin egingo dugun afari bakarra. Biba zuek!

2017-11-13

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA

Urtero Berbalaguni hasiera ematen dion festatxoa da herrietan egiten dugun aurkezpena, eta aurten ere ederki pasatu zuten bertaratutakoek, oraingo honetan Bonboi tabernan.

Aurkezpenaren helburuetako bat talde desberdinetako berbalagunak elkar ezagutzea izaten da, betiere giro alai eta umoretsuan. Horretarako 3 jolas prestatu genituen, baina has gaitzen hasieratik.
Lehenik, berbalagunek energia izan zezaten, pintxo gozo batzuk izan zituzten eskura, baita zurito eta ardoak ere. Jana eta edana eskuan zutela post-it batzuk banatu genizkien, bertan aurten berbalagun dinamikan egin nahi dituzten ekintzak idazteko. Horrek urtean egingo ditugun ekintza osagarriak gauzatzeko ideiak emango dizkigu. Beste post-it batean zein ekintza emateko prest leudeken jarri zuten, hala ekintza horiek aurrera eramateko erraztasuna emanez.

Behin bapo jan eta edan ondoren eta elkarrekin hitz egiteko aukera eman ostean, lehenengo jolasari ekin genion. Jolas honen helburua taldeak sortzea zen eta talde barnean solasaldiak osatzea. Horretarako, 5 familia genituen prest: iraultzaileak, Simpson familia, bertsolariak, kontinenteak eta Asterix. Partaide bakoitzari familia horretako pertsonaia bat itsatsi genion bizkarrean, eta galderak eginez nor zen asmatu eta bere familia topatu behar zuen.
Algaraka ibili eta gero, behin taldeak osatuta euren arten berbetan utzi genituen, 15 minutuz, elkar hobeto ezagutzeko. Jarraian bigarren jolasari hasiera eman genion. Bertsolari Txapelketa nagusia martxan dagoela aprobetxatuz, 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei, bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko. Bertsolari sena piztuko zitzaion inori!!
Eta bukatzeko, 10-12 euskal abesti "mitiko" jarri genituen; abestiaren hasiera entzun, zein zen esan eta abestea zen helburua. Baita ederki bete ere, hortxe ibili baitziren abesten eta dantzatzen gure berbalagun animosoak!
Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren guztiei, eta bereziki Bonboi tabernari, jaia aurrera ateratzeko erraztasun guztiak eman zizkigun eta!

2017-11-06

BARIKU HONETAN, HILAK 10, BERBALAGUN AURKEZPENA BASAURIN


SANTURTZI-SERANTES-PUNTA LUZERO-LA ARENA

Ikasturte honetako bigarren irteera ere ederra izan zen. Oraingo honetan gure berbalagunak Santurtzira joan ziren metroz, eta bertatik Serantes mendia igo, Zierbenara jaitsi, Punta Luzerora igo eta bertako bunkerretan ibili,eta La Arena hondartzan bukatu zuten euren ibilaldia.
Eguna goiz hasi zen; 8:30etan geratu ziren Basauriko udaletxearen aurrean, eta bertatik metrora abiatu ziren. Santurtzirako bidean mingaina berotzen joan ziren, eta hizketaldi alaiak lagun bidaia labur egin zitzaien.Santurtziko metrotik irten eta Serantes mendia igotzeari ekin zioten, erritmo lasaian, igoerak eskaintzen zizkien ikuspegiez gozatuz.
Behin Serantesen tontorrera iritsita, gorputzak indarberritu zituzten fruta eta mokadutxo azkar bat janez, eta berriro ere martxan jarri ziren Punta Luzerora bidean.Ikuspegi zoragarriak lagun, erraz egin zuten Punta Luzerorako ibilbidea eta bertako bunkerretan barrena aritu ziren, irteerari emozio eta kutsu historikoa gehituz!
Bidearen zati zailena eginda zegoen jada eta La Arenara jaistea besterik ez zitzaien falta gure mendilagunei. Poliki baina erritmoa galdu gabe iritsi ziren hondartzara eta bertan Santurtzira bueltatzen zen autobusa hartu zuten, bertan, ondo merezitako freskagarria hartzeko!! Berriz ere egun bikaina izan zen, mendiaz eta euskaraz gozatzeko aproposa! Dagoeneko hurrengo irteera prestatzen ari gara, gurekin etortzeko prest??? Ziur guk beste gozatuko duzula!!Praktikatu eta bizi!!




2017-11-03

GALDAKAOKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA


Urteroko hitzordua dugu herrietako aurkezpena eta urtero legez, primeran pasatu zuten atzoko festara hurbildu ziren berbalagunek eta euskaltegietako ikasleek.

Taldeka joan ohi dira partaideak, ezagutzen duten lagun horrekin hitz egiteko asmoz, baina ekitaldi honek euskaraz hitz egiten duen jende berria ezagutzea du helburu, eta hasiera-hasieratik lortu genuen bertaratutako jendea harremanetan jartzea. Izan ere, 6 laguneko 6 familia osatu genituen: Asterix, Simpson, iraultzaileak, mendia, bertsolariak eta kontinenteak.

Partaideek ikasturte honetan zer ekintzetan hartuko luketen parte jakitea zen atzoko beste helburu bat. Boligrafoa eskuan post-it batean idatzi eta horman itsatsi zuten, mokadu gozo bat jaten zuten bitartean. Ideia politak atera ziren, gerora kontuan hartuko ditugunak bigarren edo hirugarren hiruhilekoan egingo dugun ekintza antolatzeko.

Pintxoek eman ziguten indarra baliatuz ekin genion bigarren jolasari. Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan dago eta horrekin lotutako zerbait egitea pentsatu genuen. 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei, bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko, eta bete-betean asmatu genuen, barre algarak eta asmatzearen emozioa agerikoak izan ziren eta.

Eta euskal kanta mitikoak lantzeko jolas batekin eman genion amaiera ordu biko jai xume bezain txukun honi. Gozategi, Urtz, Alaitz eta Maider, Exkixu...Guztiek hartu nahi zuten mikroa elkarrekin kantuan hasteko, hasierako lotsa bazter batean utzita. Helburu nagusia beteta!