Urteroko hitzordua
dugu herrietako aurkezpena eta urtero legez, primeran pasatu zuten
atzoko festara hurbildu ziren berbalagunek eta euskaltegietako
ikasleek.
Taldeka joan ohi
dira partaideak, ezagutzen duten lagun horrekin hitz egiteko asmoz,
baina ekitaldi honek euskaraz hitz egiten duen jende berria ezagutzea
du helburu, eta hasiera-hasieratik lortu genuen bertaratutako jendea
harremanetan jartzea. Izan ere, 6 laguneko 6 familia osatu genituen:
Asterix, Simpson, iraultzaileak, mendia, bertsolariak eta
kontinenteak.
Partaideek ikasturte
honetan zer ekintzetan hartuko luketen parte jakitea zen atzoko beste
helburu bat. Boligrafoa eskuan post-it batean idatzi eta horman
itsatsi zuten, mokadu gozo bat jaten zuten bitartean. Ideia politak
atera ziren, gerora kontuan hartuko ditugunak bigarren edo hirugarren
hiruhilekoan egingo dugun ekintza antolatzeko.
Pintxoek eman
ziguten indarra baliatuz ekin genion bigarren jolasari. Bertsolari
Txapelketa Nagusia martxan dago eta horrekin lotutako zerbait egitea
pentsatu genuen. 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei,
bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko, eta
bete-betean asmatu genuen, barre algarak eta asmatzearen emozioa
agerikoak izan ziren eta.
Eta euskal kanta
mitikoak lantzeko jolas batekin eman genion amaiera ordu biko jai
xume bezain txukun honi. Gozategi, Urtz, Alaitz eta Maider,
Exkixu...Guztiek hartu nahi zuten mikroa elkarrekin kantuan hasteko,
hasierako lotsa bazter batean utzita. Helburu nagusia beteta!
No comments:
Post a Comment