Ikasturte honetako bigarren irteera ere ederra izan zen. Oraingo honetan gure berbalagunak Santurtzira joan ziren metroz, eta bertatik Serantes mendia igo, Zierbenara jaitsi, Punta Luzerora igo eta bertako bunkerretan ibili,eta La Arena hondartzan bukatu zuten euren ibilaldia.
Eguna goiz hasi zen; 8:30etan geratu ziren Basauriko udaletxearen aurrean, eta bertatik metrora abiatu ziren. Santurtzirako bidean mingaina berotzen joan ziren, eta hizketaldi alaiak lagun bidaia labur egin zitzaien.Santurtziko metrotik irten eta Serantes mendia igotzeari ekin zioten, erritmo lasaian, igoerak eskaintzen zizkien ikuspegiez gozatuz.Behin Serantesen tontorrera iritsita, gorputzak indarberritu zituzten fruta eta mokadutxo azkar bat janez, eta berriro ere martxan jarri ziren Punta Luzerora bidean.Ikuspegi zoragarriak lagun, erraz egin zuten Punta Luzerorako ibilbidea eta bertako bunkerretan barrena aritu ziren, irteerari emozio eta kutsu historikoa gehituz!
Bidearen zati zailena eginda zegoen jada eta La Arenara jaistea besterik ez zitzaien falta gure mendilagunei. Poliki baina erritmoa galdu gabe iritsi ziren hondartzara eta bertan Santurtzira bueltatzen zen autobusa hartu zuten, bertan, ondo merezitako freskagarria hartzeko!! Berriz ere egun bikaina izan zen, mendiaz eta euskaraz gozatzeko aproposa! Dagoeneko hurrengo irteera prestatzen ari gara, gurekin etortzeko prest??? Ziur guk beste gozatuko duzula!!Praktikatu eta bizi!!
No comments:
Post a Comment