2012-12-27

URTEARI AMAIERA EMATEKO... DANOK GORBEIARA!!



Hurrengo igandean, abenduaren 30ean, goizeko 8:00etan geratuko gara Basauriko Benta auzoko autobus geltokian giro euskaldunean urteko azken txangoa egiteko.

Kotxeetan banatu eta Arratia alderantza joko dugu , gure xedea Gorbeiako gurutzea izango dela.

Animatu eta etorri gurekin!!!

2012-12-26

TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON

"40 URTE ETA GERO HAU"

Hiru pailazoak xelebreak dira dudarik gabe, baina bakoitzaren nortasuna ondo definituta dago. Txirri jakintsua, dotorea, eta azkarra. Mirri bihurri hutsa, inbidiatsua eta zirikatzailea. Harroxkoa gainera. Txiribiton, aldiz, ogi pusketa gozoa, samurra eta adiskide leiala. Hirurak beti elkarri zirika eta elkarrengandik urrutiratu ezinik. Horixe da beren arrakastaren iturburua: hirurak elkartzen dituen adiskidetasuna.


Non: Basauriko Sozial Antzokian
Noiz: abenduaren 29an, larunbata
Ordua:     17:00 lehen  saioa
                 19:00 bigarren  saioa
Prezioa: 6 euro

ZORIONAK ETA URTE BARRI ON!


BASKOT GAUA

Pasa den abenduaren 15ean Baskot gaua ospatu genuen Basaurin. Gabonetako jaitxo honetan kapela janzteko ohitura hartu genuen orain urte bete, eta oraingoan kapela benetan deigarri eta bitxiak ikusi genituen: komekokosa eta fantasmatxoak, Gabon arbolak, tartak... eta baita "Korrika" logodun kapelak ere.

Hasieran eguraldiak lagundu ez arren, poz-pozik eta ondo pasatzeko gogoz geunden danak. Tabernan estu-estu ibili ginen hasiera baten, gure musikari maitiak zer kantatuko zain. Baina dena ez zuten haiek kantatu beharko! Geuk ere geure eztarri finak berotu beharko, eurek jotzen zuten doinu horien erritmoa ondo baino hobeto jarraitu ahal izateko.

Hasierako abesteko lotsa hori gaindituta, ederto baten ibili ginen mikrofonoa eskuan, ea zeinek hobeto egin. Batzuek behin baino gehiagotan hartu zuten mikroa abesteko! Horrek be adikzioa sortuko ote dau? 

Eta noski, abesten jarraitzeko indarberritu beharra! Zer hobe txorizo, pernil, tortila... eta mokadutxo batzuk hartzea baino, berriro ere kantatzea eta dantzatzeari ekin baino lehen.

Indarrak hartu eta gero berriro ekin genion  eta ordu txikiak arte ibili ginen kanta eta dantza gelditu gabe, horrela etxera heltzean lo gozoak hartzeko.

Aurtengoan oso kapela politak ikusi ditugu. Baina hasi buruari eragiten datorren urtean aurtengo marka gainditu beharko da eta!

2012-12-21

BERTSO SAIO MUNDIALA










 
Abenduaren 23an, 18:30ean


Torrezabal Kultur Etxean


Prezioa: 6€, 4,5€ (bazkide eta gazteek)
 
 
 
 
 
Urtero legez, Galdakaoko gabonetako bertso saioa gainean dugu.
 
Oraindik Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren ajea kendu barik, herriko bertsolaria dugun Arkaitz Estiballes txapelduna gai-jartzaile arituko da.
 
Gainerokoak, zein baino zein hobea:
 
 
Durangotik, Igor Elortza txapeldun handia
 
Zumaiatik, Jon Maiaren irudimen poetikoa

Urruñatik, Sustrai Colina pikaroa

Oiartzundik, Alaia Martinen gaztetasuna

Albizturtik, Anjel Mari Peñagarikano "Galdakaoko bertsolari kutuna"

Durangotik, Unai Iturriaga bere ironia finarekin


NORK ESAN DU GABONAK TRISTEAK DIRELA?

ETORRI TORREZABALERA ETA IKUSIKO DUZUE!!!
 

2012-12-20

PRINTZEA ETA AHATEA



Abenduaren 22an, 17:00etan

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean

Prezioak: 3€ (umeak), 5€ (helduak)



Istorio hau hain da txikia, gaztelu bat, zuhaitz bat eta etxetxo bat baino ez dituela behar. Baina istorio txiki honek kontu handiez hitz egiten du. Bertan, elkarbanatzeko eta jolasteko lagun bat edukitzea baino gauza dibertigarriagorik ez dagoela ohartuko dira bi pertsonaiak. Eta lagun bat edukitzea baino gauza handiagorik ez dagoela konturatuko dira.



“PRINTZEA ETA AHATEA" ipuinean printze baten istorioa kontatzen zaigu; 10 urte besterik ez duen haurra da, eta heziketa zurruna izan du, zurrunegia. Gaztelu txiki bat gobernatzeko aukera sortzen zaionean, despota eta anker agertzen da dituen menpeko gutxien aurrean, eta horien artean dago Maddi, bere adineko neskato bat.

Maddik printzeari aurre egiten dio, eta sekula izan ez duen zoriontasuna bere arau zurrunetatik kanpo dagoela jabearaztea lortzen du. Izan ere, zoriontasuna hezi duten oskoletik harago dago. Kementsua izaten lagunduko dio, ordura arte ukatu dioten zoriontasuna noizbait lor dezan.


ANIMA ZAITEZTE, GALDAKAOKO AITATXU ETA AMATXU BERBALAGUNOK!!!

2012-12-10

"HIRIAK ETA NOBELA BELTZA"


Jon Arretxeren azken nobeletan oinarritutako hitzaldia. Morto Vivace, Fatum, Xahmaran eta Tangerko ametsak. Esperientzietan inspiratu, nahiz idazteko erabili dituen baliabidez jardungo da Arretxe. Gainera, nobeletako protagonistak diren hiri horietako irudiak erakutsiko ditu.


Eguna:   abenduaren 12an, asteazkena
Ordua:   19:00etatik 20:30era arte
Lekua:   Pozokoetxeko Kultur Etxea

Animatu eta etorri!!! Debalde da eta!!!

ASTELEHENETAKO BERBATALDEA EUSKARAREN EGUNA OSPATZEKO AFARITXOA

Euskararen eguna zela eta poteoan gustura ibili ostean, afaltzera joan ziren asteleheneko berbataldekook! Ederto pasatu genuen eta hurrengo egunean lanera joan behar bagenuen ere, eguna bukatuta itzuli ginen etxera.



Gustua ematen du horrelako talde animosoarekin afaltzeak!!! Gora zuek koadrila!!! Egunero ospatu euskararen eguna! Egunero gosaldu, bazkaldu eta afaldu euskaraz!

BASAURIN BE BAGARA

Pasa den abenduaren 2an, goiz-goizetik, hainbat berbalagun aritu ginen gora eta behera egun horretan euskararen aldeko 12 orduko maratoian egin behar ziren ekintzetan parte hartzen... eta, noski, ederto pasatzen.

Goizetik mendira joan zein bizikleta gainean igo ziren berbalagun batzuk, eta gelditu barik ibili ziren arratsaldeko 8etan maratoitxoa bukatu zen arte. Jakin badakigu, berbalagun batzuk egun horretako zirrara barruan, goizeko ordu txikiak arte ospatu zutena.

Eta Basaurin berbalagunok be bagarela erakutsi genuen! Eta aurreko ostiralean Kantukan hainbestetan entsaiatutako kanta gogotsu abestu genuen, dantza eta guzti arratsaldeko 7etako ordu aldaketan!!!



Gogoratu euskaren eguna egunero dela! Eta egunero 24 orduko maratoia egitea dela euskaldun guztion helburua!!! Beraz, badakizue... hurrengo abenduaren 3a arte segi maratoian!!! Bizi zaitezte euskaraz!!!

2012-12-04

BERBALAGUNON JAIA eta KANTUKA

Pasa den ostiralean hainbat berbalagun elkartu ginen Basaurin berbalagunak garela eta euskaraz ederto pasatu nahi dugula argi eta ozen esateko. Bertan eskualdeko berbalagunak elkartu ginen, Galdakao eta Basaurikoak.



Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, baita urte hauetan zehar egindako hainbat argazki ikustekoa ere. Bertan ibili ginen mokadutxua eskuan eta solaskideak alboan argazkiei adi-adi, ager litezkeen aurpegi ezagunak ikusteko zain.



Mokadutxoari bukaera emateko guztion artean topa egin eta kalera irten ginen, bertan ere bagarela ikus zedin, eta, noski, kantuka hitzordura orduan ailegatzeko asmoz.


Negua gainean dugu ,eta nahiz eta hotzak estutu, poz-pozik elkartu ginen betiko tokian eta betiko orduan kantutegia eskuan eztarriak berotzen hasteko asmoz. Oraingoan gure herriko bertsolari den Aratzek prestatuako bertsoarekin eman genion hasiera saioari.


Musikariek ederto girotu zuten gaua, eta oso gustura ibili ginen eurek irakatsitako kantekin. Eguraldiak lagundu ez zuen arren gauerdia arte ibili ginen kantuan. Ordu horietan zehar hainbat aldiz entsaiatu genuen  igandean kantatu beharko genuen "Basaurin be bagara" kanta eta egindako ahaleginek fruitua eman zuten. Eta bukatzeko Aratzek prestatutako bertso bera kantatu genuen berriro ere. 

Hemen daukazue hemendik aurrera hasteko eta bukatzeko kantatuko dugun bertsoa; beraz, oso ondo entsaiatu hurrengoan ederto gera dadin!!!

Basaurin Kantuka
Doinua: Habanera
Kantatu nahiko genuke
Prosan edota puntuka
Euskaldunon abestiak
Espain ertzean gomuta
Horregatik gatoz hona
Kaleak okupatuta
Euskaldun zahar eta berri
guztiak elkar hartuta
Ez geratu kale ertzetik
Begiratuz harrituta
Etorri zaitez gurekin
Lotsak erabat galduta
Euskaraz kantatuz ondo
Pasatzea nahi dugu-ta
Ongi etorri laguna,
Hau da “Basaurin Kantuka”


2012-11-26

BERBALAGUNON JAIA


2011n Berbalagun egitasmoa abian jarri genuen Basaurin. Eta denbora honetan beste eragile askoren laguntzaz, euskaraz hitz egiteko espazio berriak sortu ditugu eta nola ez, norekin hitz egin ez zutenei mintzapraktika egiteko aukera eskaini diegu.

Basaurin Berbalagunok euskararen alde gure ekarpen txikia egiten ari gara, orain Basauriko gainontzeko euskaldun guztiokin ospatu nahi dugu.

Azaroaren 30ean Berbalagunon jaia Basaurin. 

Egitaraua:
       19:00etan Berbalagunon topaketa, elkar ezagutzeko jokoak, pintxo dastaketa, zozketak... Zehatza tabernan.
       20:30etik aurrera Basaurin Kantuka Urduña tabernan hasita, kantu kalejira erdiguneko tabernetan zehar Bentazaharreko mutiko alaiak taldeak girotuta.

ZATOZ GUREKIN ! Ederto pasatuko dugu eta!

2012-11-15

BILBOKO ITSAS-MUSEORA BISITA


Geratzeko lekua: Galdakaoko udaletxe aurreko autobus geltokian

Eguna: Azaroaren 21ean

Ordua: 16:00etan

Sarrera: 12€




Informazioa gehiago nahi izanez gero, 675 717 530 telefonora deitu.

ANIMA ZAITEZ!!!

Abenduaren 1ean EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA aldarrikatzera goaz



Euskaldunen komunitatea indartzera eta "Euskaraz bizi nahi dugu" lemapean abenduaren 1ean burutuko den manifestazioan parte hartzera dei egin du Kontseiluak gaur (urriak 30). Miramar Jauregian egin dute agerraldia eta AEK-k bat egin du deialdiarekin, Kontseiluko hainbat bazkiderekin batera (Ikastolen Elkartea, Berria, EHE, Topagunea, EIZIE, Elkar, Bertsozale elkartea...).  Zeuk ere zure atxikimendua eman dezakezu HEMEN.

Manifestua:

Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait.
Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.

Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza-komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea.  Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubidea izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea.

Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada.

Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu.  Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea

2012-11-12

BASAURIN BE BAGARA

Abenduaren 2a, Basauriko euskaldunek auzolanean sortu, antolatu, parte hartu eta gozatzeko ospakizun eguna:
Euskaldunon komunitatearen topagune eta bizipoz sortzaile

Basaurin Be Bagara lelopean abenduaren 2an ospatuko da jaia. Jaiaren berri emango dugu, baina joan zaitezte zuon agendetan egun hori betetzen!!! 12 ordu kalean eta euskaraz emango ditugu eta!!! Eta ez soilik 12! Bizitza euskaraz eman nahi dugu! Horretarako izango da jaia hau euskaraz bizi nahi eta ahal dugulako argi uzteko.

Gogoratu egun horretan bazkaria izango dugula eta aurretiaz tiketak erosi beharko ditugula. Menua honakoa da: Sarrerako mokadua, indaba-jana, postrea, kafea eta likorea. Dagoeneko tiketak honako lekuetan daude salgai.
  • Arizen: Beitia Zaharra
  • Erdialdean: Urduña
  • Bidebietan: Paulino
  • Kareagan: Kareaga auzo elkartearen taberna
  • San Migelen: Tximintxe

Prezioa:
  • Helduek 10€
  • Haurrek 5€

Informazio gehiago izateko egin klik hemen.
 
Hementxe ikusgai egun horretarako Dangiliske taldeak egindako kanta.


Animo, denon artean lortuko dugu BASAURIN BE BAGARELAKO!

BIZKAIKO BERTSO TXAPELKETA


Bizkaiko bertso txapelketaren finala abenduan izango da, baina bien bitartean finalaurrekoak ere ikusi beharko ditugu, ezta? Eta hara! Lehenengo finalaurrekoa non eta gure herrian ospatuko da, Basaurin. Azaroaren 18an, igandea, bertsoekin gozatu ahal izango dugu arratsaldea 17:30ean hasita, Basauriko kiroldegian. Animatu eta ez zaitez sarrerarik gabe geratu!!!

Lehenengo finalaurrekoa
Datorren azaroaren 18an, 17:30ean, Basauriko Kiroldegian jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Kantauko daben bertsolariak: Eneko Abasolo, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra, Gorka Lazkano eta Iñaki Iturriotz.
Bigarren finalaurrekoa: Azaroarenaren 25ean, Durangoko Landakon. Bertsolariak: Arrate Illaro, Etxahun lekue, Fredi Paia, Jone Uria, Igor Elortza eta Gorka Ostolaza.
Hirugarren finalaurrekoa:
Abenduaren 2an, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Bertsolariak: Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Joseba Artza, Miren Amuriza eta Peio Ormazabal

Finala
Abenduaren 15ean,  larunbata, arratsaldeko 17:30ean, Bilboko Miribillan.

"BOLIBIAKO IZPIAK ETA HIZKIAK" HITZALDIA BASAURIKO ARIZKO DORRETXEAN



Urtero bezalaxe, aurtengoan ere, urriaren 30etik abenduaren 5era bitartean "PLANETA BASAURI" izango dugu. Oraingoan AYMARA UTA (Bolibia) herria ezagutzeko aukera paregabea izango dugu.

Horretarako jakin azaroaren 7tik abenduaren 5era erakusketa izango dela Arizko Dorretxean, nahi duenak bisita dezakeena eta erabat doan dena.

Azaroaren 14an, arratsaldeko 19:00etan Amets Arzallus (bertsolari eta kazetaria) eta Txomin Txuekaren (argazkilaria) eskutik  "BOLIBIAKO IZPIAK ETA HIZKIAK" hitzaldiaz gozatu ahalko dugu  Arizeko Dorretxean.

Animatu eta etor zaitez euskaraz beste herri batzuetako kultura ezagutzera!!!

2012-11-07

BARRURA BEGIRATZEKO LEIHOAK DOKUMENTALA



AZAROAREN 8an 19:30ean

GALDAKAOKO TORREZABAL KULTUR ETXEAN

IRAUPENA 90 MINUTU

SARRERA DOHAINIK




SINOPSIA
Bost euskal presoren erretratuak, bost zinegileren eskutik. Atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea. 17 urteren buruan, Euskal Herrira itzultzen den gizona. Preso den alabarekin izandako telefono elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama. Intelectual bat, zeldaren bakardadean bere burua topatu nahian. 20 urte beranduago, gaztetako lagun zaharrarekin harremana berreskuratzen duen ETAko buru ohia. Letra tipiz kontatutako bost istorio. Barrura begiratzeko bost leiho.

FITXA TEKNIKOA
Zuzendariak: Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Eneko Olasagasti.
Argazkia: Juantxo Sardon.
Soinua: Beñat Gantxegi.
Musika: Pascal Gaigne.
Muntaia: Maialen Sarasua.




2012-10-15

BODOLOGUAK ANTZEZLANA

 
Antzerkia eta umorea atsegin badituzu, adi egon!

Urriaren 19an, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean
21:00etan BODOLOGUAK antzezlana ikustera joango gara.
 
Antzezleak: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa, Nagore Aranburu
Salneurriak: 10 €. 7,5 € berbalagunekin joanez gero.


Sinopsia:

Nork esan zuen euskalduna izatea erreza zela? Eta oporretara joatea mundiala dela? Zein kristori bururatu zitzaion elkarte gastronomikoak sortzea? Eta Fox Terrierrai txubaskeroa jaztea?

Galdera hauei eta beste zenbaitei erantzuteko elkartu dira Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Serio hartu nahi dituzte gaiak baina, ezin, barrea, algara eta umorea dariola daukate eta.

Dena prest dago. Kasualitatea ordea! Justu emanaldia baino lehen ezkontza bat izan dute eta funtzioa “bodologo” bihurtuko da. Elegante, zorrotz, petral eta xelebre, baina beti umorez gainezka.

Hauxe da “bodologuen” helburua: guk esan eta zuek barre egitea.


ANIMA ZAITEZ BERBALAGUN.

BERBALAGUNEKIN JOATEKO ASTEAZKENERAKO ABISATU:

- 94 456 4119 telefono zenbakira deitu
- hegouribe@aek.org helbidera mezua bidali
- Facebook-eko orrialdera mezua bidali

2012-10-10

ALBERTOREN ERAKUSKETA




Polita bentan aurreko asteartean ikusi genuen arte erakusketa.Alberto Martinez Galdakaoko berbalagunak Torrezabal kultur-etxean ikusgai zituen azken urteotan egindako obrak.





Bertan denetarik zen: Hainbat teknika erabilita egindako margoak, argazkiak eta eskulturak. Arte kontutan batere adituak izan ez arren, interesgarria iruditu zitzaigun Albertok erakutsi ziguna. Nork bere interpretazioa egin behar izan zuen, margoak oso abstraktua zirelako; abstraktuak, baina ederrak.



Ikasturteko lehen hitzordua izateko nahiko ondo, ez? Segi horrela!!! 

2012-10-03

GALDAKAOKO BERBALAGUN ARRISKUAN!




Euskararen erabilera gure herriko kaleetan sustatzeko 2006an ilusio osoz sortu zen proiektua arriskuan da.

2009ra arte gure lana aurrera ateratzeko udalaren laguntza izan dugu, baina ordutik hona, egitasmoa diruz laguntzeko eskaera behin eta berriro baztertu dute.

Ekintzak antolatu behar dira, kartelak kalean ipini, blog-a elikatu, facebook-eko orria kudeatu, posta elektronikoa, deiak eta horrelako zereginek denbora asko eskatzen dute.

Guk aurrera jarraituko dugu, baina denon laguntza beharrezkoa dugu Galdakao euskalduntzeko bidean.

BERBALAGUN AURRERA!!!
ARGI BERDEA EUSKARARI!!!

2012-10-02

BERBATORTILA EGITEKO PREST?

Adi, adi !!! Badatoz Basauriko jaiak !!! Jaietan ere euskararen alde !!!

Urrian sartu berri gara eta dagoeneko jai usaina antzeman daiteke Basauriko kaleetan. Basauriarrek arropak garbitu, lisatu... eta faltan dituztenak eskuratzen dihardute.

Gu ere horretan gabiltza, baita jaietan euskaraz bizitzeko ekintzak bultzatu nahian ere. Horietako bat Herriko Taldeak antolatzen duen tortila txapelketan parte hartzea da, baina, noski, euskara hutsean. Hainbat berbalagun elkartuko gara urriaren 10eko arratsaldean Solobarria plazan, tortilarik euskaldunena egiteko asmoz.

Zu ere gurekin ari zaitezke patatak zuritu, arrautzak irabiatu... eta mingainari eragiten!!!

Askaritxo ederra prestatuko dugu, baina aurretiaz zenbat garen jakin beharko genuke; beraz ziurtatu etorriko zarena.

Animatu!!! Erdu gugaz!!!

IRAILEKO KANTUKA


Pasa den ostiralean, irailak 28, kantuan aritu ginen Basauriko erdigunean zehar, ikasturtea ganoraz eta indarrez hasteko asmoz!!! Ea bertan landutako kantak hain gogotsu entzuten ditugun Basauriko San Faustoetan ere!!!


Hilabetero lez Urduña aurrean elkartu ginen arratsaldeko 20:30ean; kantak banatu, eztarriak berotu eta lanari ekin genion...

Oraingoan soinua, panderoa eta kitarra izan genituen lagun, baita ahots paregabeak ere.
 
Adi-adi ibili ginen kanten haria ez galtzearren eta ederto kantatu genituen. Ezetz hurrengoan paper barik kantatu!!!

Gogoratu hurrengo KANTUKA saioa urriaren 26an izango dela. Sorpresarik egongo ote da!!! Adi ibili, zaindu ahotsak eta erdu gugaz!!!


2012-10-01

EUSKARAZ ETIKETATU


Hementxe daukazue kontseiluak, azkenaldian euskarak kontsumoaren arloan jasandako erasoei aurre egin nahian, ateratako manifestuaren inguruko informazioa. Beheko partean agertuko diren esteken bidez manifestua bera eskuratu edota atxikimendua eman dezakezu.

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO!!! ETIKETATU EUSKARAZ!!! 

Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak ofizialtasuna eta aitortza duen arren, eta lurralde hauetako berezko hizkuntza izanik, kezka handiz ikusten dugu geure Herrian kontsumoaren arloko hizkuntza-paisaia eta produktuen gaineko informazioa erabat erdalduna eta arrotza dela.
Testuinguru horretan ikusten dugu Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskaraz ere etiketatuta egotea bermatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak euskara hutsez etiketatzeagatik prozedura ireki eta isuna eta debekua iragarri dituela. Hori dela eta, honakoa aldarrikatu nahi dugu:

1.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Euskarari ofizialtasuna aitortu zitzaionetik 30 urte igaro diren honetan, produktuak euskara hutsez etiketatzeko mugek eta arazoek ezerezean uzten dituzte kontsumitzaile euskaldunei bermatu beharreko eskubide guztiak.

2.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak, gutxienez, euskaraz etiketatu beharko lirateke. Kontsumitzaile gisan badugu eskubidea euskara ezagutzeko produktuek dituzten osagaiak, erabiltzeko argibideak eta gomendioak.

3.- Ez dugu onartzen euskaldunon eskubideak bermatzeko urratsak emateagatik inolako isunik jasotzea. Zentzu horretan publikoki galdegiten diogu Eusko Jaurlaritzari euskaraz etiketatzearren Euskal Herria Esnearen kontra irekitako prozedura zehagarria bertan behera utz dezan.

4.- Kontsumo-harremanetan euskarak duen egoeraz ohartuta, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideen ikuspegitik, bada garaia euskaldunon aurkako muga eta zigorrak alde batera utzi eta administrazio publikoek produktuen etiketetan euskararen aldeko politika positiboak sustatzeko, saritzeko eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

5.- Euskal ekoizle eta banatzaile guztiak euren etiketetan euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, kontsumitzaileek eskertu eta baloratu egiten baitugu informazioa gure hizkuntzan jasotzea.




Manifestu osoa irakurri edota atxikimendua eman nahi baduzue klikatu hemen.








2012-09-25

BASAURIN KANTUKA

  
Pasa den ekainean "Basaurin Kantuka"-ri hasiera eman genion. Kantu-poteoan ibili ginen hiruzpalau orduz, giro polit eta euskaldunean. 


Hainbat euskaldun batu ginen berton euskaraz kantatzeko irrikaz eta tabernaz taberna aritu ginen;  gune bakoitzean kide berriak hurbilndu zitzaizkigun. 


Jakin hilabetero elkartuko garela, hilaren azken ostiraletan, arratsaldeko 20:30ean Urduña tabernaren aurrean. Ideia hiru orduz edo aritzea bada ere, beti bezala goizeko ordu txikiak arte geratzen denik ere bada.


Ostiral honetan, irailak 28, berriro elkartuko gara; beraz badakizue...
Animatu eta etorri gurekin!!! Euskal kantak ikasi, euskaraz mintzatu eta ederto pasatzeko aukera polita duzu eta.

2012-09-19

IZAN BERBALAGUN. PRAKTIKATU GUREKIN!

 
Ikasturtea hastear da eta, urtero legez, Berbalagunok gure herriko bazter guztiak euskaraz koloreztatu nahi ditugu. Honezkero nortzuk garen eta zer egiten dugun jakingo duzu, baina badaezpada berriro ere gure jardunaren berri emango dizugu, beti despistaturen bat egoten baita.
 
 
Mintzapraktika egitasmoak euskararen erabilera kalean sustatzea du helburu:
Euskaraz norekin hitz egin ez duen horri, euskaraz hitz egiteko lagunak aurkitzea.
Euskaraz ondo moldatzen ez denari, trebatzen lagunduko dion jendea ezagutaraztea.
Euskaldun berri bati lagundu nahi dion euskaldun zaharrari bide ematea.
 
Azken batean, giro atseginean euskaraz bizitzen laguntzea da gure lanaren funtsa.
 
ETA GAINERA DOHAINIK 
 
Zeren zain zaude?
Etorri guregana. Ezagut gaitzazu, eta atsegin baduzu, gure familia hazten lagundu.
 
 

2012-09-04

EUSKARAZ BIZIPOZ LEHIAKETA

EUSKARA BIZIPOZ lehiaketako parte-hartzaileak 2011/12 ikasturteko negu edo udako ikastaroetan (trinkoak, barnetegiak...) matrikulatuta egotea da bete beharreko baldintza nagusia. Saria hurrengo ikasturterako doako matrikula izango da.

Zer egin behar da parte hartzeko?
1. Ikasleak euskara ikastearekin lotutako bizipen bat aukeratu behar du.
2. Gero, bizipen hori irudikatzen duen argazki bat egin behar du.
3. Azkenik bizipen horri buruzko testu labur bat (ipuina, bertsoa, zirtoa, poema, iruzkina...) idatzi behar du.

Bizipenaren esanahia, argazkiaren indarra eta testuaren originaltasuna baloratuko ditugu. Jasotako lanak matrikulazio kanpainaren osagarri erabiliko ditugu sare sozialetan, eta hiru lanik onenek jasoko dute saria: 2012-2013 ikasturteko matrikula doan.

Ikasleek argazkia eta testua irailaren 14a baino lehen bidali behar dituzte euskarabizipoz@aek.org helbide elektronikora.

EUSKARAK KRISIRIK EZ !!!


Ekonomia, krisia, langabezia, murrizketak ... ditugu danok ahotan azkenaldi aldapatsu honetan. Egia da hainbat gauzek murrizketak jaso dituztela, murrizketa ekonomikoak dira ordea.

Sentimenduak, ideiak eta desioak inoiz baino piztuago ditugula erakutsi nahi diogu herriari. Jakin euskarak, euskaldun sentimenduak eta euskaraz bizitzeko nahiak inoiz baino indartsuago ditugula.

Gure herrian euskaraz maitatu nahi dugu, euskaraz ikastaroak egin, euskaraz jendea ezagutu, euskaraz ondo pasatu... eta dena DEBALDE !!! %100eko BEHERAPENAREKIN!!!!

Animatu eta etorri gurekin!!!!

BERRIRO MARTXAN

Kaixo berriro berbalagun maitiok,

Oporrak atzean utzi eta lanari gogotsu heldu diogu iraila heldu bezain pronto. 2012-2013 ikasturtea inoiz baino indartsuago nahi dugu, eta horretarako zu zara gakoa.

Gizarteak pairatzen duen egoerak grisez estali ditu kaleak, baina guk euskaraz koloreztatu nahi ditugu gure herrietako txoko guztiak, euskara gure herrietako bazter guztietara eramanez.

KALEAK EUSKARAZ KOLOREZTATZEKO, ERDU GUGAZ!!!

2012-05-22

GALDAKAOKO BERBALAGUNAK BARATZEAN


Krisiak eraginda zein denbora pasatzeko, gero eta gehiago dira ortutxo bat daukaten lagunak.
Lurra lantzeko garaian gaudela aprobetxatuz, Galdakaoko Gazte Asanbladak ikastaro praktikoa egitea proposatu zigun.
Astelehenean talde ezberdinetako berbalagunok Gazte Asanbladak herriaren erdi-erdian daukan baratzera joan ginen.
Azenarioak, patatak, azelgak, letxugak, porruak...gazte hauek denetarik daukate.




Aitzurra hartu eta lanean hasi ziren berbalagun batzuk.

Hemen ere bizitzan askotan gertatzen dena gertatu zen: gutxik lan egin eta asko begira egon...bizilegea.

Politena izan zen landutako eremuan "Euskararen produktuak" izeneko txokoa egin zigutela, kartela eta guzti. Hurrengorako, lurrak emandako barazkiekin askaritxoa egiteko aitzakia ederra daukagu.







ESKERRIK ASKO GAZTEOK!!!

2012ko Mintza Eguna. Ekainaren 2an danok Santurtzira!


Ekainaren 2an Euskal Herriko berbalagun guztiok elkar ezagutzeko urtero egiten dugun eguna ospatuko dugu.

Aurten Santurtzik hartu dio lekukoa Baztani.

Hauxe da egun osoan zehar aurkituko duzuena:

11:00 Harrera eta hamaiketakoa, Santurtziko portuan
12:00 Ibilaldi gidatua / Ume eta gurasolagunentzako jolasak
13:30 Berba Kalejira
14:30 Bazkaria Gernika Parkean
16:30 Sari banaketa
17:00 Euskal Erromeria “Aldats” taldearekin
20:00 Kantu-triki-poteoa

… eta sorpresa gehiago!





OHARRA:

Bazkarirako txartelak maiatzaren 23ra arte eskuratu ditzakezue, zuen herriko mintzapraktika arduradunaren bidez. Helduen menua 20€tan dago, eta umeen menua ere egongo da. Gainera, zeliakoek eta barazkijaleek menu berezia eska dezakete.




2012-05-02

GALDAKAOKO BERBALAGUNAK ELORRIO EZAGUTZEN



Bizkaiak oso herri politak ditu; mendebaldetik ekialdera, iparraldetik hegoaldera. Guztietan zein den politena esatea zaila da, baina ederrenetakoen artean Elorrio dagoela ezin da ukatu. Bada, bertako udalak antolatutako bisita gidatu batera joan zitzaizkigun lehengoan Galdakaoko zenbait berbalagun. Azalpenak entzuteko, telefono mugikorren antza zuen traste bitxia eskuan hartu eta kalez kale ibili ziren herriko erdigunean.


Gero eguerdi partean indarra hatzeko herriko jatetxe batera bazkaltzera joan ziren. Ummmmmmm....!!!

Amaitzeko, nola ez, Argiñetako nekropolia ikustera joan ginen. 
Elorrio: Iragana, oraina eta geroa bat eginik. Zoragarria benetan!

2012-04-26

OROIMEN HISTORIKOAREN ERAKUSKETAKO ARGAZKIAK



     



Azalpenak entzun aurretik gure kabuz ibili ginen aretoan.
Argazkiak, dokumentuak, lubakien maketak, gerraren inguruko datuak, gudarien arropa.... Bazen zer ikusi.




Galdakaoko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Galdako Gogora taldeko hiru kidek erakusketako argazkien gaineko informazioa eman ziguten, baita gerra bizi izan zuen zenbait Galdakoztarren  pasadizu bitxiren bat kontatu ere.





Eskerrik asko Galdako Gogorako kideoi egindako lanagatik.