2021-05-31
2021-05-28
BASAURIKO VI. MINTZODROMOA
Aurten Basauriko VI. Mintzodromoa ospatu da, eta azpimarratu nahi dugu
aurten ere, pandemiaren egoera kontuan hartuta, nahiko arrakastatsua izan dela! Apurka-apurka baina lortzen ari
gara Basauri gero eta euskaldunago eta euskaltzaleago egitea!
Basaurin ohitura den bezala, bi saio antolatu genituen; bata goizeko
10:30etatik 12etara, eta bestea, arrastiko 18:30etatik 20etara,
Solobarria plazan. Egoera berezia dela eta, 4 partaide egon ziren mahaiko (beheko argazkian ikus daitekeenez), eta ez beste urte batzuetan bezala 6. Neurri horri Covid-ak bere barne hartzen dituen besteak gehitu genizkion segurtasuna erabat bermatzeko: musukoa etengabe jarrita, distantzia, sarreran gel hidro-alkoholikoa, kafe eta pastarik ez...
Lehen aipatu bezala, goizeko saioari hasiera 10:30etan eman genion eta aurtengo berritasun nagusia azaldu genien: mahai aldaketarik ez genuen egingo. Horren ostean, ordubete inguru eman zuten aurten proposatutako gaien inguruan euren iritziak plazaratzen: "Euskaraldia eta euskara", " Covid 19-a" eta "Uda eta turismoa" izan zen bukaera eman zion gaia. Gaiak aproposak iruditu zitzaizkien eta horren seinale da, goizean hurbildu ziren 40 bat lagunei labur egin zitzaiela saioa!
Arrastian ere, koadrila polita elkartu zen Solobarria plazan, egoera aintzat hartuta noski, 55 bat lagun, eta goizeko dinamika berberean aritu ginen...ederki egon ziren bertara hurbildu ziren ikasle, berbalagun eta euskaltzaleak!
Datorren urterako lanean gaude dagoeneko!
Milesker parte hartu duzuen guztioi, zuek gabe horrelako ekintza egitea
ezinezkoa bailitzateke!!
Praktikatu eta bizi!!
2021-05-27
"HITANOAREN BALIOA" HITZALDIA
Esan bezala, saioak denetarik izan zuen. Euskal matriarkalismoaren kutsuarekin hasi zen, hitanoaren morfema femeninoa eta maskulinoa azpimarratzeko. Seguru bertaratu zen entzuleren batek ez zekiela etxean katua beharrean, katarra duela.
Euskararen lagunarteko erregistro honek urteetan izan duen desprestigioaz ere aritu zen Manu, eta horretarako, hainbat adibide jarri zituen. Esaterako, Arrazolan, ume batek hitanoa erabili izana aitortu zion herrira heldu berri zen abadeari, hitz egiteko modu hori bekatua balitz bezala. Publikoa parte hartzeko gogotsu egon zen, eta emakume batek gaineratu zuen bere herriko jendeak nobiotan bai, baina behin ezkonduta, ezin zuela erabili.
Abadeari hika egiten zion Arratiako mutiko baten pasadizo barregarri bat ere kontatu zigun hizlariak, eta hitzaldiari amaiera emateko, bertso eder bi bota zituen, gure inguruan gero eta gutxiago entzuten den hitz egiteko modu hurbil honen alde.
Hitanoa jorratzen jarraitzeko gogoa erakutsi zuen atzo kultur etxera joandako batek baino gehiagok, eta Berbalagunek bide eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera. Hortaz, horrelako mintzatalde batean aritzeko interesa baduzu, bidali mezua galdakao_berba@aek.eus helbidera.
Solasaldian erakutsi zigun bezala, 1571an, Leizarragak Jainkoari hika egiten bazion, hitz horietan ez dago errespetu faltarik. Beraz, aditz sinpleekin bada ere, gure artean hitanoa erabiltzen saiatuko gaituk edo ahaleginduko gozak, Manu. Orioketa!
2021-05-07
Kaixo Hego Uribeko euskaltzale guztioi!! Hementxe dugu Basaurin
ospatuko dugun 6. Mintzodromoa eta espero dugu ahalik eta jende gehien
etortzea, segurtasun neurri guztiak errespetatuko baititugu, noski!. Aurreko ekitaldiak bezala, Solobarria plazan ospatuko dugu: bi
saio izango dira, goizez zein arratsaldez, eta euskara kalera atera eta
solasaldi jatorra izan nahi duen ororentzat aukera paregabea izango da.
Zuen zain gaude!! Gogoratu, izena emateko azken eguna maiatzaren 20a
dela! Ezinbestekoa musukoa jantzita edukitzea!
Praktikatu eta bizi
2021-05-05
2021-05-03
KOSMETIKO NATURALEN BIGARREN SAIOA
Apirilaren 24an, larunbatez, egin genuen bigarren saio edo saio praktiko hau, Basauriko Nai Lua Tetegian, berriro ere. Hilabete lehenago egindako saio teorikoaren jarraipena izan zen, eta normala denez, lehen ikastaroan parte hartu zutenak izan ziren bertaratutakoak.
Helburua argia zen: etxean hilabetez beratzen utzitako sendabelarrekin ukendu eta kosmetikoak egitea. Horretarako, partaide bakoitzak sendabelar bat beratu eta saiora ekarri zuen, belar horrek zituen propietate eta abantailak guztiokin partekatuz. Belar horietako batzuk hauek izan ziren: salbia, erromero, kalamua, asunak...
Azkenean, bakoitzak ekarritako "ur-beratu" guztiak nahastea erabaki genuen, sendabelar guztien "popurri" antzeko bat egiteko. Goiko argazkian kozinatzen agertzen dira gure partaideak, beratutako ur hori ondoren kozinatu behar baita!Horrekin guztiarekin ukendu potentea egin genuen.