2020-01-31

ILUNTZAR MENDIA NABARNIZETIK

2020ari hasiera emateko, Hego Uribeko Berbalagun mendizaleok Iluntzar mendia igoko dugun otsailaren 9an, igandean. Hitzordua Basauriko udaletxe aurreko markesinan izango da, goizeko 9etan. Bertatik autoz joango gara Nabarnizeraino, eta 2-3 orduko ibilbidearen ostean, bide zirkularra eginez, Iluntzarren tontorra zapaldu eta kotxera itzuliko gara.
Mendi erraza da, ez dauka inongo zailtasun teknikorik, ibilbidea laburra da, eta gainera, gailurretik itzelezko ikuspegiak izango ditugu! Beraz, edozein etorri daiteke gurekin: zahar/gazte, umedun familiak, mendian ohitura handirik ez dutenak... Animatuko?? Goiz pasa ederra eta euskaraz mintzatzeko aukera paregabea izango da!!
Izena emateko, otsailaren 7a baino lehen idatzi watsappa 645 715 621 telefonora.
PRAKTIKATU ETA BIZI!

TUPPER SEX BASAURIN

2020 urteari hasiera emateko, Hego Uribeko Berbalagunok lehen ekintza osagarria antolatu genuen: hitzaldi afektibo-sexuala edota tupper sex-a!
Esan behar da partaideek eskatutako ekintza zela, eta horrez gain, euskaltegietako ikasle asko ere hurbildu zela hitzaldira; horrek guztiak 50 lagun baino gehiago elkartzea ahalbidetu zuen!
Hitzaldia urtarrilaren 23an izan zen, ostegunez, Basauriko Pozokoetxe kultur-etxean, arratsaldeko 18etan. Iritsi ginenerako Ane bertan zegoen, hitzaldia emango zuen sexologo alai eta naturala, bera jostailu eta guzti! (goiko argazkian ikus daitekeenez).
Aulkiekin borobil handi bat egin genuen, partaideok aurpegiak elkar ikus genitzan, eta azalpenak ematen hasi zen, baita jostailu eta gelak aurkezten ere. Harrituta geratu ginen merkatuan dagoen "produktu" kantitatearekin, eta Aneren azalpen zehatzek erabilera ulertzen lagundu ziguten, betiere aholku eta gomendioez lagunduta.
Hitzaldiak ordu eta erdi iraun zuen, eta partaideek lotsa galdu ahala, galderak eta zalantzak jaurti zizkioten sexologoari, berak naturaltasun osoz argitu zituenak. Eskertzekoa izan zen bere jarrera, heziketa sexualari buruz naturaltasun osoz hitz egiteaz gain, jendea eroso sentiarazi baitzuen. Gainera, gauza berri asko ikasi genituen sexuari, gure gorputzari...buruz, eta dena konfiantzazko giro batean!!
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Alborabide elkarteari, euren bitartez antolatu baikenuen hitzaldia; eta nola ez, Ane gure sexologo alaiari, hitzaldi hain erakargarri eta entretenigarria egiteagatik!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!



OTSAILEKO AGENDA


2020-01-26

GATZATUEN POTEAK MARGOTZEN


Beste batzuetan baino familia gutxiago elkartu ginen joan den ostiralean, baina umeek zein gurasoek, beti bezain ondo pasatu zuten. Urreta ikastetxean elkartu ziren, gatzatuen poteak koloreztatu eta luzaroan iraungo dien landare bat landatzeko. Materiala Sergiok eta Nirak eraman zuten, eta primeran eman zizkiguten argibideak, gure lagun berriek hemendik 10 urtera bizirik jarrai dezaten.


 Birziklapenaren garrantzia ikasi dugu, berriz ere, ikastaro polit honetan, zaborrera botatzekoak ziren poteei bigarren erabilera eman baitiete gure txikiek. Eramandako akuarelei esker, estilo askotako lorontziak margotu zituzten: abstraktuak, izendunak, mendia edota animaliak agertzen zirenak...Hori bai, den-denak oso koloretsuak eta zein baino zein politagoa!



10 kolore izan zuten aukeratzeko, baina koloreak nahastuz, beste gama batzuk sor daitezkeela ere gogoratu genuen. Gorria eta berdea, marroia; Gorria eta horia, laranja...Haurtzarora bueltatu ziren guraso batzuk!
Poteak ez ezik, orri zurietan ere gauza  politak sortu zituzten umeek. Gaur egungo artea modernoa ezagututa, batek daki, agian etorkizunean Guggenhein museoan ikusiko dugu baten bat. Beraz, badaezpada, ez bota!


Poteen margoa sikatu behar zen, eta denok dakigu txikiek pazientzia gutxi daukatela. Bada, pinturatik antzerkira egin zuten salto, inork ezer esan barik. Izan ere, eskolako areto-nagusiak daukan antzeztokira igo eta gortinen atzean buruari ez eragitea ez da batere erreza izango. Agian, poteekin baino hobeto pasatu zuten aktorearena egiten. Batean zein bestean, argi geratu zen sormen handiko harrobia dagoela herrian.


Txalo bero bat Nira eta Sergiori, zuek ere artista hutsak zarete!