Azaroaren 30ean eman genion hasiera ikasturteari, Euskaraldiak antolatutako umeentzako tailer baten aitzakian. Gaurkoa, berriz, gurasolagunek antolatu du, gabonetako oporraldi luzean euskaraz momentu dibertigarri bat igarotzeko asmoz. Arrozez egindako elur panpinak egin dituzte bertaratu diren sei familiek. Orotara 18 lagun bildu dira, eta primeran pasatu dute guztiek.
Galtzerdi zuri zahar bat, beste bat koloreduna, 500g. arroz, artile pixka bat eta botoi pare bat. Horixe izan da erabilitako materiala. Osagai guztiak mahai gainean jarri, eta lanean hasi dira gogotsu umeak zein gurasoak. Eskulanak ez zuen aparteko zailtasunik, baina zenbait pausutan elkarri lagundu behar izan diote partaideek. Beraz, helburu nagusiak, hau da, elkarlana euskaraz uneoro nabaritu dira AEKren gela nagusian
Umeek asko gozatu dute, eskulanak esperotako forma hartu ahala. Gainera, kasu honetan, etxeko arropa zaharrekin ere gauza politak egin daitezkeela ikusi dute; eta horrek birziklatzearen balio erakutsi die. Panpinari bufanda egin eta gero, atalik zailena etorri da: ponpoidun txanoa. Baina proba hau ere aise gainditu dute txikiek, gurasoen laguntzari esker. Azken emaitza begi bistakoa da: elur panpi dotore-dotore bana
Gaurko tailerra familia batek antolatzen duen lehena izan da. Ikasturtearen kronograma egin genuen, eta abenduko hitzorduaren ardura Monicak hartu zuen, Eider eta Enara alaben laguntzarekin. Primeran eman dizkigute argibideak, bai whats app bidezkoak bai euskaltegian bertan sortu diren zalantzak argitzeari dagozkionak. Tailerra amaitzean aitortu digute oso erraza izan dela gaia aukeratu eta jorratzea. Hortaz, seguru gaude urtarrilaren 25ean egingo dugun ekintzari animoz beteta helduko diola hurrengo familiak. Gaurkoz besterik ez.
Eskerrik asko, hirukote!