2018-12-27

GALDAKAOKO GURASOLAGUNEN LEHEN TAILERRA: ELUR PANPINAK


Azaroaren 30ean eman genion hasiera ikasturteari, Euskaraldiak antolatutako umeentzako tailer baten aitzakian. Gaurkoa, berriz, gurasolagunek antolatu du, gabonetako oporraldi luzean euskaraz momentu dibertigarri bat igarotzeko asmoz. Arrozez egindako elur panpinak egin dituzte bertaratu diren sei familiek. Orotara 18 lagun bildu dira, eta primeran pasatu dute guztiek.


Galtzerdi zuri zahar bat, beste bat koloreduna,  500g. arroz, artile pixka bat eta botoi pare bat. Horixe izan da erabilitako materiala. Osagai guztiak mahai gainean jarri, eta lanean hasi dira gogotsu umeak zein gurasoak. Eskulanak ez zuen aparteko zailtasunik, baina zenbait pausutan elkarri lagundu behar izan diote partaideek. Beraz, helburu nagusiak, hau da, elkarlana euskaraz uneoro nabaritu dira AEKren gela nagusian



Umeek asko gozatu dute, eskulanak esperotako forma hartu ahala. Gainera, kasu honetan, etxeko arropa zaharrekin ere gauza politak egin daitezkeela ikusi dute; eta horrek birziklatzearen balio erakutsi die. Panpinari bufanda egin eta gero, atalik zailena etorri da: ponpoidun txanoa. Baina proba hau ere aise gainditu dute txikiek, gurasoen laguntzari esker. Azken emaitza begi bistakoa da: elur panpi dotore-dotore bana




Gaurko tailerra familia batek antolatzen duen lehena izan da. Ikasturtearen kronograma egin genuen, eta abenduko hitzorduaren ardura Monicak hartu zuen, Eider eta Enara alaben laguntzarekin. Primeran eman dizkigute argibideak, bai whats app bidezkoak bai euskaltegian bertan sortu diren zalantzak argitzeari dagozkionak. Tailerra amaitzean aitortu digute oso erraza izan dela gaia aukeratu eta jorratzea. Hortaz, seguru gaude urtarrilaren 25ean egingo dugun ekintzari animoz beteta helduko diola hurrengo familiak. Gaurkoz besterik ez.

Eskerrik asko, hirukote!

2018-12-18

HEGO URIBEKO BASKOT GAUA

Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunek eta Aek-ko ikasleek gauza bi baino ez dituzte buruan: bata, Baskot Gaua, eta bestea, argi dago: KAPELA!! kar, kar, kar

Helburua jai parte hartzailea egitea izaten da, eta horretarako partaideek taldeka kapela bat egin behar dute festara eramateko. Aurtengo gaia "GABONAK" izan da, eta horren inguruko kapela desberdin ugari ikusi genituen pasa den ostiralean: opari itxurakoak, xanpain botilak,Mari Domingi josi zuten batzuek...buruari eragin zioten behintzat!!

Hasteko, goiko argazkian ikusten den bezala, Basauriko kaleetatik poteoa  egin genuen, motorrak berotu eta giroa animatzeko ( bide batez, basauriarrek ikus gintzaten). Pote bi hartu ostean, San Jose ikastetxera abiatu ginen, festaren mamia bertan baikeneukan prest.
San Jose ikastetxe barruan jatekoa eta edatekoa zuten prest Berbalagun eta ikasleek, eta argazkian ikusten den bezala koadrila ederra elkartu ginen. 30 minutuz jaten, edaten, hitz egiten...egon ostean,benetako jaiari hasiera eman genion: Taupaka sortzaileen elkarteak antolatutako "Bingo Txou"-a eta ikasle eta berbalagunek prestatutako koreografia mundialak!!
Argazki honetan ikus daiteke Eukene, Bingo Txou-a gidatu zuen artista, zentzu on guztietan, jaialdia bideratzen, gu guztiok barre algaraka aritu ginen bitartean. Oso originala eta dibertigarria izan zen, eta hasiera mailan dauden ikasleentzako oso aproposa, zenbakiak birpasatzeko baliatu baitzuten!
Ordubete pasatxo jolasean aritu eta gero, koreografien ordua iritsi zen. Taldeka atera ziren gure partaide animosoak, eta ordura arte nahikoa barre egin bagenuen ere, hortik aurrerakoa izugarria izan zen! Basaurin euskara eta umorea badabiltza!! Eta lotsa gutxi...kar,kar,kar
Bukatzeko, kapela onena eta koreografia onena saritu ondoren, Basaurin lan ikaragarria egiten ari diren 2 berbalagun omendu nahi izan genituen, haiek baitira martxan ditugun 2 euskal dantza taldeetako irakasle bolondresak: Eskerrik asko bihotz-bihotzez egiten ari zareten lan eskergagatik, Bego eta Ainhoa!!


(Hortxe, Bego Larrea)


                                            ( Eta hortxe, Ainhoa Uriarte)
Honekin, amaiera eman genion jai eder honi. Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren  partaide guztiei, Eukene artistari eta nola ez San Jose ikastetxeko zuzendari Jabiri, hain leku aproposa beste urte batez laga digulako. Zuoi guztioi esker lortu dugu horrelako jai potentea aurrera eramatea!! Hurrengo urtean itzuliko gara indar handiagoz!!
Praktikatu eta bizi!!!


2018-12-17

BASAURIKO GURASOLAGUN SAIOA ATZERATUTA

Sentzitzen dugu hain berandu abisatzea, baina gaur Basaurin ospatuko genuen Gurasolagun saioa atzeratu behar izan dugu, azken momentuko ustekabe bat dela eta. Ahal bezain pronto jakinaraziko dizuegu noiz izango den saioa.
Barkatu eragozpenak. Basauriko berbalagun dinamizatzailea.

2018-12-03

GALDAKAOKO 5.MINTZODROMOA IRUDIETAN


Begi bistakoa da mintzodromoaren arrakasta, argazkiari  begiratzea baino ez dago, horretaz jabetzeko. Orain dela bost urte hasi ginen Urreta kiroldegian, gogotsu bezain urduri, eta beste urte batez bete dugu Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia, euskaltegietatik, institutuetatik, Berbalagunetik, Euskara Sailetik eta herriko elkarteetatik etorritako jendeari esker.



Gainera, gaurkoa egun berezia izan da, Euskaraldiaren azken egunarekin bat egin duelako Mintzodromoak. Goiz osoan izan du protagonismoa euskara hauspotzeko dinamika berri honek. Izan ere, pantaila erraldoian ez ezik, hirugarren gaian ere izan dute presente mahaietan egon diren 120 solaskideek. Geuk ere Euskaraldiaren aldeko aletxoa ipini nahi izan dugu, eta kontzientziaren bat astintzeko balio izan badu, ongi etorria saiakera.



Beste gai biak ere interesgarriak izan direla esan digute parte hartzaileek. Lehen gaian, Reality show-ei buruz hitz egin dute. Bigarrenean, berriz, plastikoaren kontsumoaz. Oso gai ezberdinak dira, bertaratutako jendea ere oso ezberdina delako. Sexu, adin, ohitura eta pentsaera aniztasun nabaria ikusten dugu urtero; eta hori dela eta, gaiekin guztiak eroso egotea nahi dugu.





Gaiak, giroa eta txokolate beroa zein pastak primeran egon dira, eta ziur gaude datorren urtean ere halaxe egongo dela dena . Bai horixe! Aurtengoa amaitu aurretik, eskerrik beroena laguntzaile aritu diren AEK, Udal Euskaltegi, Euskara saila, Berbalagun, institutuetako irakasle, Erabide, Zizpa eta Patakoneko kideei; mahaiak eta aulkiak jarri dituzten brigadako langileei eta baita argia kontrolatzeaz arduratzen den teknikariari. Denoi esker atera da dena hain ondo!

Datorren urtean ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, segi euskaraz gozatzen!

GURASOLAGUN MARTXAN BASAURIN

Aurten lortu dugu azkenean Gurasolagun berriz ere martxan jartzea Basaurin!! Pare bat urtez saiatu eta ez lortu arren, egoskor lan eginez kapaz izan gara Basauriko gurasoentzako ekimen interesgarri eta baliagarri hau martxan jartzeko.
Helburu nagusia guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskalduntzea da, elkarrekin egingo ditugun tailer ezberdinen bidez. Hona hemen lehen tailerra: Kortxozko barkuak gauzatuko ditugu gure seme-alabekin batera.
Beraz, anima zaitez zeure seme-alabekin parte hartzera, euskara praktikatzeaz gain, familia-harremanak estutzeko ekimen ezin aproposagoa baita!!
Animatuz gero, jarri kontaktuan gurekin material nahikoa eramateko. Izena emateko azken eguna abenduaren 14a izango da.

EGUNA: abenduaren 17a, astelehena
LEKUA: Bolintxu euskaltegia
ORDUA: 17:00etan
Praktikatu eta bizi!!

BASKOT GAUA

Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunen eta euskara ikasleen jai ospetsua ospatzen dugu: Baskot Gaua.
Dakizuen moduan, urteari bukaera alaia emateko antolatzen dugun festa da, euskara ikasleek eta berbalagunek parte har dezaten. Bi baldintza soilik bete behar dira: kapela buruan duzuela etortzea eta euskal abesti baten koreografia prestatzea; biak taldeka.
Aurten kapelaren gaia "GABONAK" da, eta horren inguruko kapela sortu beharko du talde bakoitzak; gainera, prestatutako koreografia eszenatoki gainean aurkeztuko dugu, partaideen gozamenerako!!
Hortaz, anima zaitez giro ederra egongo baita: 20etan geratuko gara Bananas tabernan poteoarekin hasteko. 21etan, San Jose ikastetxera joango gara, eta bertan edari eta pintxoak izango ditugu zain. Pilak kargatu ostean, " Bingo Txou" dibertigarria izango dugu animatzaile, eta bukatzeko, ikasle, berbalagun eta irakasleen koreografiak!!
 Galduko duzu?? Ez, ezta? Hortaz, hasi kapela eta koreografia prestatzen eta arrasti hori libre eskatu etxean, ederki pasatuko dugu eta!!
EGUNA: ABENDUAREN 14a
ORDUA: 20:00etatik aurrera
LEKUA: Poteoa Bananas tabernan,eta jaia San Jose ikastetxean( azken momentuko aldaketarik balego, abisatuko genuke)
Praktikatu eta bizi!!!