2017-12-19

BASKOT GAUA BASAURIN

Urtero bezala ederki pasa genuen Baskot Gau honetan, eta ikasle eta berbalagunek pozik amaitu zutela baieztatu dezakegu!

Hasteko, 20:30etan geratu ginen Bananas tabernan, motorrak ( eta barrena) pixka bat berotzeko asmoz, eta 21ak inguruan San Jose ikastetxera sartu ginen. Bertan, ikasle eta berbalagunek edari eta janaria zuten prest, aurrerago etorriko zenarentzat indarra hartzeko. Eta momentu horretan hasi zen Asier Kidam magoaren ikuskizuna, hurbileko magia eginez.

20 minutuz jaten eta edaten egon ostean, Asierrek bere ikuskizuna oholtzatik jarraitu zuen eta gure ikusleak adi-adi eduki zituen beste 40 minutuz; txundituta utzi gintuen magia erakustaldiak...bejondeizula Asier!!

Eta magoaren ikuskizuna amaitu ondoren irakasle, ikasle eta berbalagunen txanda iritsi zen, hots, benetako protagonisten txanda! Ikasle talde bakoitzak kapela eta abesti bat zeukan prestatuta, baina eredu izateko, lehenbizi irakasleok aritu ginen Zirkorrikaren abestiaren parodia egiten.
J
Jarraian, ikasle eta berbalagunak aritu ziren  eszenatokian eta konturatzerako denok geunden abesten eta dantzatzen!! 3 sari banatu genituen : kapela onena, letra onena eta "performance" onena. Hementxe dituzue irabazleak:
( letra onena)
(performance onena)

Eskerrak eman nahi dizkiogu San Jose ikastetxeari aretoa uzteagatik, baita Asier Kidam magoari ere, ikuskizun harrigarri eta eramangarria egiteagatik! Eta noski, benetako protagonistei: Basauri eta Galdakaoko berbalagunei eta AEK-ko ikasleei, jai eder hau aurrera ateratzeko ezinbesteko aktore/aktoresei!! Segi euskaraz bizitzen eta segi euskarari hauspoa ematen!! Praktikatu eta bizi!!
 


2017-12-14

YOGA IKASTAROA


Astelehenean 18etan geneukan hitzordua Bolintxu euskaltegian, eta bertan agertu ziren gure berbalagunak "esterilla" eskuetan zutela. Lortu ez zutenentzat guk batzuk bagenituen, hortaz, behin denok geure "esterilla" edukita, saioari hasiera eman genion.
Hasteko, beroketa ariketa batzuk eginarazi zizkigun Maite irakasleak, poliki-poliki martxan hasteko: arnasketa ariketak, luzaketa sinpleak... Eta hortik aurrera "master class"- a hasi zen. Egia esan uste baino zailagoa iruditu zitzaigun, baina oso gorputzaldi onarekin amaitu genuen lehen saioa.
Asteazkenean, aurreko eguneko pausuak errepikatu genituen, baina oraingo honetan ariketa eta "postura" landuagoekin. Labur geratu zitzaiela aipatu zuten partaideek eta hori beti gustura egon diren seinale da,beraz, errepikatzeko moduko ekintza dela esan behar!!
Milesker Maiteri, hain ikastaro atsegina egiteagatik eta yoga munduan pixka bat sakontzen irakasteagatik!!
Praktikatu eta bizi!!

2017-12-05

BASKOT GAUA BASAURIN

Gabonetako jai ospetsua hemen dugu!! Urtero bezala aukera paregabea izango duzue euskaraz gozatu eta ondo pasatzeko: janaria, edaria, mago euskalduna, abestiak, koreografiak...eta nola ez, KAPELAK!! Azken horiek baitira festa honen protagonista nagusiak, berbalagun, euskaltzale eta ikasleez aparte, noski!!
Aurtengo gaia MUSIKA da, hortaz, egizue musikarekin zerikusia duen kapela bat eta etorri gurekin gozatzera!! Anima zaitezte ederki pasatuko dugu eta!!
Praktikatu eta bizi!!

YOGA IKASTAROA

Yoga egitea gustuko duzula eta euskaraz egiteko zailtasunak topatzen dituzula? Bada, hementxe duzu aukera bikaina zure gustuko ekintza hau euskaraz egiteko! Abenduaren 11 eta 13an egingo dugu, arrastiko 18etatik 20etara, Bolintxu euskaltegian. Lekuak mugatuak dira, beraz, izena eman lehenbailehen!! Izena emateko jarri kontaktuan gurekin bai telefonoz, bai emailez.
Praktikatu eta bizi!!

2017-12-04

GALDAKAOKO IV.MINTZODROMOA


Galdakaoko Mintzodromoaren 4.edizioa antolatu dugu gaur, Euskararen Nazioarteko Egunaren ondorengo egunean. Urtero esaten dugu jendetza biltzen dugula ekitaldi honetan, eta aurten ere halaxe izan da. Izan ere, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasle, Eguzkibegi, Elexalde eta Bengoetxeko ikasle, eta berbalagunen artean 120 lagun aritu dira ordu eta erdiz euskaraz hitz egiten, mahaiak dinamizatu dituzten laguntzaileen esanetara.



Laguntzaileena izan da, zalantza barik, aurten nabarmendu beharreko beste
puntu bat, AEK, Udal Euskaltegi, institutuetako irakasle eta euskara zerbitzuko kideez gain, Orreaga, Patakon, Bertso-eskola eta Gure Esku Dago taldeetako ordezkari bana ere bertan izan direlako laguntzen.


Turismoaren gorakadaren ondorioez hitz egin dugu lehenbizi. Gero, herri txiki batean eta hirian bizitzearen alde onak eta txarrak aztertu ditugu; eta azkenik, gaur egungo gizartean dugun estresa izan dugu hizpide.
Aparteko zailtasunik ez daukaten gaiak dira, baina buruari eragiteko tartetxo bat eskatzen dutenak.






Txokolate beroak kaleko hotzari aurre egiten lagundu digu eta hamaiketakoa pastekin borobildu dugu, gozo-gozo berriketan aritzen ginen bitartean. Euskaraz hitz egitea da ekitaldi arrakastatsu honen helburua, baina , batez ere, euskaraz hitzegiteko prest dagoen herriko jendea ezagutzea, bihar ere euskararen eguna izango delako ataritik ateratzen garenean.


Helburua beteta, talde-argazki erraldoia atera dugu, herriko jendearekin osatutako euskararen aldeko bideo bat ikusi ondoren. Zer gehiago eska dakioke Mintzodromoari? Bihar ere ehunka mintzodromo txiki egiteko balio dezala gaurkoak.


2017-11-20

OSTEGUN ARRATSALDEKO TALDEEN AFARIA


Ikasturteari hasiera emateko eta taldeko kide berriei harrera egiteko afaria antolatzen du urtero ostegun arratsaldeko talde beteranoak.

Aurten, kide berri bi ditu taldeak, baina argazkian jende gehiago agertzen da. Izan ere, ordubete lehenago geratzen den taldeko neska gehienak ere afarira joan ziren. Harreman polita zeukan lehendik ere, baina horrelako afariek elkar ezagutzeko aukera ematen dute, eta begi bistakoa da ederto konpondu zirela.

Afaldu aurretik, pote batzuk hartu zituzten, motorrak berotzen hasteko. Ondoren, urtero legez, pikatzeko zerbait atera zuen Roberrek, akabo tripazorriak! Eta 22:00ak aldera, entsalada eta saiheskiaren txanda heldu zen...itzela!

Jendeak gehiago ahoratu ezin zuela uste zuenean heldu ziren Asierrek prestatutako postreak: etxeko flana eta esne-gain izozkia gatzatuarekin nahastua. Dieta guztietan medikuek gomendatutakoa, kar, kar, kar!

Primerako afaria, giro ezin hobean. Susmoa daukagu ez dela elkarrekin egingo dugun afari bakarra. Biba zuek!

2017-11-13

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA

Urtero Berbalaguni hasiera ematen dion festatxoa da herrietan egiten dugun aurkezpena, eta aurten ere ederki pasatu zuten bertaratutakoek, oraingo honetan Bonboi tabernan.

Aurkezpenaren helburuetako bat talde desberdinetako berbalagunak elkar ezagutzea izaten da, betiere giro alai eta umoretsuan. Horretarako 3 jolas prestatu genituen, baina has gaitzen hasieratik.
Lehenik, berbalagunek energia izan zezaten, pintxo gozo batzuk izan zituzten eskura, baita zurito eta ardoak ere. Jana eta edana eskuan zutela post-it batzuk banatu genizkien, bertan aurten berbalagun dinamikan egin nahi dituzten ekintzak idazteko. Horrek urtean egingo ditugun ekintza osagarriak gauzatzeko ideiak emango dizkigu. Beste post-it batean zein ekintza emateko prest leudeken jarri zuten, hala ekintza horiek aurrera eramateko erraztasuna emanez.

Behin bapo jan eta edan ondoren eta elkarrekin hitz egiteko aukera eman ostean, lehenengo jolasari ekin genion. Jolas honen helburua taldeak sortzea zen eta talde barnean solasaldiak osatzea. Horretarako, 5 familia genituen prest: iraultzaileak, Simpson familia, bertsolariak, kontinenteak eta Asterix. Partaide bakoitzari familia horretako pertsonaia bat itsatsi genion bizkarrean, eta galderak eginez nor zen asmatu eta bere familia topatu behar zuen.
Algaraka ibili eta gero, behin taldeak osatuta euren arten berbetan utzi genituen, 15 minutuz, elkar hobeto ezagutzeko. Jarraian bigarren jolasari hasiera eman genion. Bertsolari Txapelketa nagusia martxan dagoela aprobetxatuz, 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei, bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko. Bertsolari sena piztuko zitzaion inori!!
Eta bukatzeko, 10-12 euskal abesti "mitiko" jarri genituen; abestiaren hasiera entzun, zein zen esan eta abestea zen helburua. Baita ederki bete ere, hortxe ibili baitziren abesten eta dantzatzen gure berbalagun animosoak!
Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren guztiei, eta bereziki Bonboi tabernari, jaia aurrera ateratzeko erraztasun guztiak eman zizkigun eta!

2017-11-06

BARIKU HONETAN, HILAK 10, BERBALAGUN AURKEZPENA BASAURIN


SANTURTZI-SERANTES-PUNTA LUZERO-LA ARENA

Ikasturte honetako bigarren irteera ere ederra izan zen. Oraingo honetan gure berbalagunak Santurtzira joan ziren metroz, eta bertatik Serantes mendia igo, Zierbenara jaitsi, Punta Luzerora igo eta bertako bunkerretan ibili,eta La Arena hondartzan bukatu zuten euren ibilaldia.
Eguna goiz hasi zen; 8:30etan geratu ziren Basauriko udaletxearen aurrean, eta bertatik metrora abiatu ziren. Santurtzirako bidean mingaina berotzen joan ziren, eta hizketaldi alaiak lagun bidaia labur egin zitzaien.Santurtziko metrotik irten eta Serantes mendia igotzeari ekin zioten, erritmo lasaian, igoerak eskaintzen zizkien ikuspegiez gozatuz.
Behin Serantesen tontorrera iritsita, gorputzak indarberritu zituzten fruta eta mokadutxo azkar bat janez, eta berriro ere martxan jarri ziren Punta Luzerora bidean.Ikuspegi zoragarriak lagun, erraz egin zuten Punta Luzerorako ibilbidea eta bertako bunkerretan barrena aritu ziren, irteerari emozio eta kutsu historikoa gehituz!
Bidearen zati zailena eginda zegoen jada eta La Arenara jaistea besterik ez zitzaien falta gure mendilagunei. Poliki baina erritmoa galdu gabe iritsi ziren hondartzara eta bertan Santurtzira bueltatzen zen autobusa hartu zuten, bertan, ondo merezitako freskagarria hartzeko!! Berriz ere egun bikaina izan zen, mendiaz eta euskaraz gozatzeko aproposa! Dagoeneko hurrengo irteera prestatzen ari gara, gurekin etortzeko prest??? Ziur guk beste gozatuko duzula!!Praktikatu eta bizi!!




2017-11-03

GALDAKAOKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA


Urteroko hitzordua dugu herrietako aurkezpena eta urtero legez, primeran pasatu zuten atzoko festara hurbildu ziren berbalagunek eta euskaltegietako ikasleek.

Taldeka joan ohi dira partaideak, ezagutzen duten lagun horrekin hitz egiteko asmoz, baina ekitaldi honek euskaraz hitz egiten duen jende berria ezagutzea du helburu, eta hasiera-hasieratik lortu genuen bertaratutako jendea harremanetan jartzea. Izan ere, 6 laguneko 6 familia osatu genituen: Asterix, Simpson, iraultzaileak, mendia, bertsolariak eta kontinenteak.

Partaideek ikasturte honetan zer ekintzetan hartuko luketen parte jakitea zen atzoko beste helburu bat. Boligrafoa eskuan post-it batean idatzi eta horman itsatsi zuten, mokadu gozo bat jaten zuten bitartean. Ideia politak atera ziren, gerora kontuan hartuko ditugunak bigarren edo hirugarren hiruhilekoan egingo dugun ekintza antolatzeko.

Pintxoek eman ziguten indarra baliatuz ekin genion bigarren jolasari. Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan dago eta horrekin lotutako zerbait egitea pentsatu genuen. 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei, bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko, eta bete-betean asmatu genuen, barre algarak eta asmatzearen emozioa agerikoak izan ziren eta.

Eta euskal kanta mitikoak lantzeko jolas batekin eman genion amaiera ordu biko jai xume bezain txukun honi. Gozategi, Urtz, Alaitz eta Maider, Exkixu...Guztiek hartu nahi zuten mikroa elkarrekin kantuan hasteko, hasierako lotsa bazter batean utzita. Helburu nagusia beteta!

2017-10-25

IKASTURTEKO BIGARREN IRTEERA: AZAROAREN 1EAN, SERANTESERA


Ikasturtea hasi baino ez da egin, eta Mendilagun taldeak bigarren txangoa antolatu du dagoeneko. Serantesera igo eta gero, ibilbide polita egingo dugu, Punta Luzerotik pasatuz, Zierbenaraino joango gara.

Zeuk ere goiz pasa ederraz gozatu nahi baduzu, jakinarazi lehenbailehen, zure zain gaude eta!

2017-10-14

MENDILAGUN BERRIAK MALMASINEN

Ikasturte berriari hasiera ezin hobea eman dio mendi taldeak.
Iazko mendizaleei lagun berriak gehitu zaizkie lehen irteera honetan. Izan ere, Basauriko aurpegi berri batzuk ez ezik Galdakaoko zenbait berbalagun ere animatu ziren Malmasinera egindako irteerara. Beraz, hemendik aurrera eskualde izaera izango du taldeak, herri bien arteko berbalagunen harremanak sendotu eta lagun gehiago batzeko taldeari.



Basauriko jaietan gaudela kontuan izanda, nahiko erritmo bizian igo ginen goraino, eguraldia lagun. Behe-lainoak inguruko herriak ostontzen zituen, baina are ederrago egin zituen tontorretik ikusten ziren paisaiak. Hura gozamena! Eta ohartzerako,  bueltako bideari ekin behar izan genion, hamaiketako arina egin ostean.




Tipi-tapa tipi-tapa, etxerako buelta lasaia egin genuen, Brisketa eta Finagako baserri ederren artean. Azken geldialdia irudietan ikusten duzuen Finagako baselizan egin genuen. Talde honek, berriz, ez du luzaroan gelditzeko asmorik, hurrengo hitzordua dagoeneko jarrita dago eta: azaroaren 1ean Serantesera joango gara. Bertan ikusiko dugu elkar?

2017-10-10

DANTZALAGUN TALDE BERRIA

Aupa , euskaltzale!! Euskal dantzak ikasi nahi dituzula eta ez dakizula non? Garestiegia dela?? Ba hementxe aukera ederra duzu euskal dantzak ikasi eta euskara praktikatzeko!
Urriaren 20tik aurrera, ostiralero 18etatik 19etara, Basauriko Pozokoetxeko kultur-etxean euskal dantza hastapen ikastaroari ekingo diogu, eta gainera musu-truk. Aukera ezin hobea da dantza errazak ikasi eta euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutzeko.
Interesatuta bazaude jarri zaitez kontaktuan gurekin ahalik eta lasterren, izen- emateak  mugatuak izango baitira!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!

2017-10-09

MALMASINERA MENDI IRTEERA

Aupa, medizale!! Hemen gaude berriro hego uribeko berba mendi taldea martxan jartzeko!! Aurtengo lehen irteera ostegun honetan, 12an, izango da eta Malmasin mendi famatura joango gara. Mendiaz disfrutatu eta euskara praktikatu nahi baduzu, etor zaitez gurekin!! Goizeko 9:00etan geratu gara Basauriko Udalaren parean dagoen autobus geltokian. PRAKTIKATU ETA BIZI

2017-09-21

MATRIKULA EPEA ZABALIK!!

Gaurtik aurrera, zabalik dago Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan izena emateko epea.

Astean behin tabernan gustura mintzatzeko elkartzen den herritar taldea, bizikleta hartuta txangoa elkarrekin egiten duten lagunak, etab. Ekimen arrakastatsuak dira; izan ere, bermatuta dago hainbat helburu erdiesteko aukera: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz egiteko plaza eskaini euskaldun orori, zuzeneko bidea izan inguruko euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, abagune aparta eskaini gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko.

Mintzapraktika egitasmo berriak herriz herri aurkeztuko dira gaurtik aurrera. Ikasturte honetan, gainera, herri gehiagotan sortuko dira taldeak, euskararen erabilerak indarra hartzen jarrai dezan.

2017-18 ikasturtean mintzapraktika programaren batean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Euskal Herrian osatuko diren 100dik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara, euskara-elkarteetara edota euskara-zerbitzuetara jo dezakete, edota  izena emateko fitxa bete.

2017-09-15

GALDAKAOKO JAIETAKO TOPAKETA


Urtero bezala, jaietan eman diogu hasiera ikasturteari Galdakaon.
Udako istorioak elkarri kontatu eta lagun berriei ongi etorria emateko aprobetxatzen dugu hitzordu hau.
  
"Praktikatu eta bizi euskaraz" argazki erraldoia ateratzeko plana genuen, baina berbalagunak baino ez dira argazkian agertu. Dena dela, baginen batzuk eta gero eta gehiago izatea da lortu nahi dugun erronka.

Adi, beraz, urriaren hasieran hasiko baitira taldeak geratzen.
Zeure beharrizanetara egokitzen den taldea aurkitzea nahi baduzu, etorri lehenbailehen gugana.

2017-06-19

URKIOLAN MENDIBUELTA

Pasa den igandean ikusten duzuen koadrila eta argazkilaria (ni neu) Urkiolara joan ginen goiza pasatzera. Eguraldia lagun izan genuen, nahiz eta hasiera batean lainotuta egon, argazkian ikusten den bezala lainoak zeharkatu ostean eguzkia izan genuen nagusi, hodeiak gure oinetan utziz.
Urkiolako santutegitik Urkiolamendi igo genuen eta hortik pol-poleko iturrira jaitsi ginen. Bertan freskatu ostean, Larranoko lepora igo ginen, mendilerro zoragarri honen ipar-aurpegia ikustera. Bertan fruta pixka bat jan ondoren, berriro pol-polera jaitsi ginen ganorazko hamaiketakoa egitera, berbalagun bik patata tortilla ekarri baitzuten!!
Bapo jan eta gero, apurka-apurka itzuli ginen santutegira, goiz itzelaz gozatu eta gero.


2017-06-09

URKIOLAN MENDI BUELTA

Eguraldi ona aprobetxatuz, igande honetan Basauriko mendi taldeko berbalagunak Urkiolara joango gara goiz-pasa. Ziur aski ikasturteko azken mendi irteera izango da, hortaz, animatzen zaituztegu gurekin egun pasa egitera etortzera!! Goizeko 8:30etan Basauriko udaletxearen parean geratuko gara, eta kotxez Urkiolaraino joan eta gero, bertatik 3-4 orduko mendi-ibilaldi lasaia egingo dugu. Ibilaldi erraza izango da, adin eta maila guztietako pertsonentzat egokia. Kotxera itzuli aurretik hamaiketako ederra egingo dugu, eta espero dugu bazkalordurako Basaurin egotea!! Mendiaz eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea izango dugu, Mari gure Jainkosaren zaintzapean! Anima zaitezte, parajeak merezi du eta! Praktikatu eta bizi!!

2017-06-05

MOZOILO EGUNA

Aurten, ikasturte amaierako bazkaria antolatu beharrean, Mozoilo egunaren bigarren ediziora joan gara Galdakaoko 20 berbalagun.


Jai herrikoi honetan herriko elkarte eta norbanako askok hartzen dute parte, eta Galdakaoko Berbalagunek ere bere aletxoa jarri nahi izan du geure kultura, ohiturak eta hizkuntza sustatzeko asmoz sortu zen egun polit honetan. Bazkaltzera joan gara, baina baita euskararen aldeko mezua zabaltzera ere.
Hona hemen gure berbalagunak "Praktikatu eta bizi" dioen pankartari eusten, bertaratutako gainontzeko galdakoztarrek gure pegatina eskuetan dutela. Egitasmoan parte hartzeko gonbitea ere utzi dugu mahaietan, mezu baten bidez. Ea besoa altxatu duen horietako baten batek pankartari heltzen dion datorren urtean!

Baina eguna ez da bazkarian amaitu, ez horixe! Terraza batean pilak kargatu ostean, EZ3 taldearen kontzertu akustikoaz gozatzen jarraitu dugu, Zarama, EH Sukarra, Urtz, Baldin Bada, Hertzainak eta beste hainbat talde mitikoren bertsio ederren erritmora. Taberna lepo eta jende guztia gure mezua paparrean eta begien aurrean.

Eta ostiraleko berbalagun gehienak ezin izan zirenez bazkarira joan, kontzertua ikusteko eta urte osoko botearekin afaltzeko geratu ziren txoko batean. Mozoilo egunean parte hartu duzuen guztioi, baina, batez ere, bazkarian, bazkalostean eta afarian egon zareten hiru ausartei bi hitz baino ez: Biba zuek!!!

2017-05-29

PIRAGUAK BILBON-KRONIKA


Giro ederra zapatuan Bilboko itsasadarrean barrena eduki genuena! Errepikatzeko modukoa!
Goizeko 10etan Basaurin geratu eta gero, metroz joan ginen San Mameseraino, eta handik oinez Bilboko Itsas-museoaren parean dagoen Bilbobenturaren espaziora. Aldageletan bainujantzi eta txankletak jantzi ostean, uretara sartu baino lehen Markelek piraguei eta arraunei buruzko azalpen batzuk eman zizkigun, gero uretan nola jokatu argi izateko.
 Behin teoria argituta, uretara sartzeko unea iritsi zen, eta bertan ikaragarri gozatu genuen, piraguetan ibiltzeaz gain, Bilboko leku esanguratsuenetako istorioak ikasi, jolasak, uretara saltoak...egin baikenituen. Itsas-museotik hasi eta udaletxeraino joan ginen, eta hortik berriz ere buelta...2 orduko kontua, partaide guztiei labur geratu zitzaiena!!! Gustura egon ziren seinale!
Partaide guztiek nabarmendu zuten oso interesgarri eta dibertigarria izan zela, ongi pasatzeaz aparte, Bilboko ikuspegi desberdin bat ezagutu zutelako.
Ahaztu gabe, milesker Bilbobenturako arduradun Txomini, gurekin hain adeitsu jokatzeagatik, eta nola ez, gurekin aritutako Markel monitoreari, egonaldia hain entretenigarri egiteagatik, eta guzti-guztia euskara jator eta argian!! Eskerrik asko guztioi!! Datorren urtean itzuliko gara, ekintza errepikatzekoa izan baitzen!
Praktikatu eta bizi!

2017-05-22

V.PINTXO TXAPELKETA GALDAKAON


Aurten ere, azken bost urteotan bezala, V. Pintxo-txapelketa ospatu dugu Galdakaoko berbalagunok. Pepeto Kultur Elkartean geratu ginen ostiralean, 20:00etan. Batzuek bertan egin zuten pintxoa, beste batzuek etxetik ekarri zituzten eginda, eta tertulia goxoan itxaron zuten, zerbait hartzen zuten bitartean. Orotara, 11 pintxo puntuagarri aurkeztu dira bosgarren edizio honetan, zein baino zein goxoago!

Lehiaketan ostegun arratsaldeko talde bietako hamar partaidek eman zuten izena, eta hemendik aurrera taldeko beste kide bat izango den AEK-ko ikasle bat ere animatu zen. Ongi etorri, Rakel!

21:30ean hasi genuen dastaketa, papera eta bolia eskuan genituela. Zaporea, aurkezpena eta originaltasuna baloratzen ditugu urtero, eta badirudi urterik urte gorago jartzen dugula langa. Aurten, besteak beste, txipiak tipula gorrituarekin, odolostea piperrak eta galeper arrautzarekin, txorizo taloak eta zerba ezti eta berakatzarekin osatutako pintxoak geratu dira podiumetik kanpo. Kontuak atera!

Hauexek dira aurtengo brontzea, zilarra eta urrea lortu dituzten pintxoak:



1. Postua: 103 punturekin "Sagarra-manzana, ikatza-carbón..." Sagar xerra eta foie errea, tipula gorritua eta modena ozpinarekin (Rakel Dominguez)

2. Postuan: 83 punturekin "Barazki bizidunak" mota guztietako barazkia tartarra (Andoni Vargas)

3. Postuan: 67 punturekin "Galdakaoko txalupa" urdaiazpikoa, kuiatxo krema, pestoa eta pinaziak (Virginia Blasco)

Hona hemen podiumera igo ziren partaideak, puntuak zenbatzen egon ziren berbalagunekin. Irabazlearen poz aurpegiak dena esaten du, asteazkeneko berbalagun jostunek jositako amantala irabazi ondoren.

Eta hona hemen beste txapeldunen talde argazkia. Kasu honetan inoiz baino argiago geratzen delako irabaztea gutxienekoa dela. Bejondeizuela!



PIRAGUAK BILBON

Kaixo, euskaltzale!! Oraingo honetan, eguraldi ona aprobetxatuz, kanpo-ekintza bat proposatzen dizuegu: piraguak Bilbon. Maiatzaren 27an, zapatuan, egingo dugu irteera. Goizeko 10etan Nagusia kaleko metro-geltokian geratuko gara, hortik Bilbora, eta Bilboko itsas-museoan dagoen Bilbobentura enpresarekin egingo dugu ekintza; Bilboko historia, jolasak, katxondeoa...eta dena euskaraz.
Eraman beharreko bakarra toalla, aldatzeko kamiseta, bainujantzi eta txankletak dira, eta ongi pasatzeko gogoa, noski!!
Anima zaitez gurekin etortzera, ederki pasatzeko aukera galanta baita, Bilboko beste ikuspegi batez gozatzeko aukera emango diguna.
Prezioa: Berbalagunentzat 5 euro/ gainontzekoentzat 11 euro
Praktikatu eta bizi!!