Ikasturte berriari hasiera ezin hobea eman dio mendi taldeak.
Iazko mendizaleei lagun berriak gehitu zaizkie lehen irteera honetan. Izan ere, Basauriko aurpegi berri batzuk ez ezik Galdakaoko zenbait berbalagun ere animatu ziren Malmasinera egindako irteerara. Beraz, hemendik aurrera eskualde izaera izango du taldeak, herri bien arteko berbalagunen harremanak sendotu eta lagun gehiago batzeko taldeari.
Basauriko jaietan gaudela kontuan izanda, nahiko erritmo bizian igo ginen goraino, eguraldia lagun. Behe-lainoak inguruko herriak ostontzen zituen, baina are ederrago egin zituen tontorretik ikusten ziren paisaiak. Hura gozamena! Eta ohartzerako, bueltako bideari ekin behar izan genion, hamaiketako arina egin ostean.
Tipi-tapa tipi-tapa, etxerako buelta lasaia egin genuen, Brisketa eta Finagako baserri ederren artean. Azken geldialdia irudietan ikusten duzuen Finagako baselizan egin genuen. Talde honek, berriz, ez du luzaroan gelditzeko asmorik, hurrengo hitzordua dagoeneko jarrita dago eta: azaroaren 1ean Serantesera joango gara. Bertan ikusiko dugu elkar?
No comments:
Post a Comment