2018-02-27

BARRETERAPIA SAIOAK GALDAKAON

Barre egitea omen da gazte sentitzeko modurik onena. Bada, gaurko barreterapian botatako algarak ikusita, berbalagun bat baino gehiago 10 urte gaztetu dela esango genuke. Izan ere, saio bietan primeran pasatu dugu eta jendea oso pozik joan da etxera.

17:00etarako prest geunden, eta Andoni gidariak proposatutako agur bereziekin eman diogu hasiera lehen saioari.



Lehen txandako partaideek eskola garaia aspaldi-aspaldi utzi zuten atzean, baina umeek beste gozatu dute musikaren erritmora, eskutik helduta jira eta bira aritu diren bitartean. Musuak, besarkadak eta, batez ere, barrea izan da nagusi bigarren ariketa honetan.







Puxikak eskuetan, dantza egiteko momentua heldu da. Hori bai, Andonik txilibitua jo duen bakoitzean, barruko energia guztia inguruko jendearen buruan deskargatu behar izan dugu. Berbalaguneko talde beteranoko kideak asteazkenero tabernan goxo-goxo geratzen diren arren, dinbi-danba ibili dira errukirik gabe.





Eta bigarren taldearen ordua heldu da, eta aurrekoek bezala, aurkezpen jolasa egin eta gero, martxan hasi gara. Kotxeak garbitzeko tunelak ezagunak genituen, baina gaurkoa bezalakorik ez...Garbi, siku eta erlaxatuta irten gara banan-banan tuneletik, hurrengo proban dena emateko prest.





Boleibolean ere aritu gara gaurkoan, baina olinpiadetan ikusten denetik nahiko aldenduta. Puxika guztiak airera eta egurra beste taldeari! Azkenean, izerdi patsetan amaitu dugu guztiok. Argi dago inori ez zaiola gustatzen galtzea, ezta horrelako jolasetan ere. Hori da lehiakortasuna hori!
Ariketa gehiago egon dira, baina dena ez dugu kontatuta, ezta!?







Eguna irakaspen ederra duen ipuin polit batekin borobildu dugu. Gaurkoz nahikoa barre egin dugu, baina irakurritakoa gustatu bazaizu, martxoan, saio bikoitza antolatuko du Basauriko Berbalagunek. Beraz, argi ibili eta gurekin ondo pasatu nahi baduzu, anima zaitez!


2018-02-19

YOGA IKASTAROA BASAURIN

Abenduan antolatutako ikastaroak edukitako arrakastaren ondorioz, hementxe duzue aukera berriz ere yoga euskaraz egiteko, Bi saio izango dira, bi egun desberdinetan, eta bertan yogarekin lehen kontaktua izateko parada edukiko duzue, eta gainera euskaraz!!
"Esterilla" eta arropa erosoa eramatea beharrezkoa da, hortaz, esterillarik ez duenak abisa dezala denboraz, guk bat lortzeko.Asko disfrutatu eta osasuna euskaraz zaindu! Praktikatu eta bizi!!!

2018-02-05

ZEATARA (BEDIA) MENDI BUELTA ETA KANPORAMARTXO


Kuadrilla ederra batu ginen atzo, Bediako Zeata mendira igotzeko. Eguraldiaren aurreikuspenak ez ziren batere onak, baina argi geratu da ,beste behin ere, jendea gogotsu dagoenean, edozein oztopori egin dakiokeela aurre. Horixe dio esaerak: "Gogoko tokian, aldaparik ez"






Eta aldapa egon bazegoen. Izan ere, jende gutxik ezagutzen duen Zeata mendia oso garaia izan ez arren, igoera maldatsua dauka. Bai horixe! Tontorrera heldu, talde argazkia egin eta inguruko paisaiaz gozatzeko tartetxo bat hartu genuen, bueltako bideari ekin aurretik.Upo eta Mandoia hurbiletik, baina baita Gorbeialdeko mendirik altuenak ikus zitezkeen laino artean.




Atzokoa ez zen ohiko irteera izan. Usansoloko Burtotza Mendi Taldeak eta Apario Euskera Elkarteak kanporamartxoren aitzakian antolatutako ekintza izan zen. Eta mendiaren edertasunaz gozatzeaz gain, hainbat azalpen eman ziguten inguruko baserriei buruz, eta, batez ere, kanporamartxo egunari buruz.

Asto honek ere zerbait esan nahi zigun, baina ez genion oso ondo ulertzen!





Ibilbidea amaitu baino lehen, euskera taldeko kide baten baserrian egin genuen geldialdi bat, txorizoa, hirugiharra, gazta eta baserriko beste gutizia batzuk jateko. Eta horrelako eguraldi kaskarra izanda, egia esan, ez zait hamaiketako hoberik bururatzen, mendian utzitako indarra berreskuratzeko.Zoragarria!!!





Aspaldiko ohitura da kanporamartxo; atzo, gainera, Agate deuna bezperarekin bat egin zuen. Guk espero dugu ohitura bihurtzea atzo bezalako irteerak egitea, Usansoloko kuadrillarekin edonora joan daiteke eta. Badakizue, "Lagun onekin, orduak labur"