2018-02-27

BARRETERAPIA SAIOAK GALDAKAON

Barre egitea omen da gazte sentitzeko modurik onena. Bada, gaurko barreterapian botatako algarak ikusita, berbalagun bat baino gehiago 10 urte gaztetu dela esango genuke. Izan ere, saio bietan primeran pasatu dugu eta jendea oso pozik joan da etxera.

17:00etarako prest geunden, eta Andoni gidariak proposatutako agur bereziekin eman diogu hasiera lehen saioari.



Lehen txandako partaideek eskola garaia aspaldi-aspaldi utzi zuten atzean, baina umeek beste gozatu dute musikaren erritmora, eskutik helduta jira eta bira aritu diren bitartean. Musuak, besarkadak eta, batez ere, barrea izan da nagusi bigarren ariketa honetan.







Puxikak eskuetan, dantza egiteko momentua heldu da. Hori bai, Andonik txilibitua jo duen bakoitzean, barruko energia guztia inguruko jendearen buruan deskargatu behar izan dugu. Berbalaguneko talde beteranoko kideak asteazkenero tabernan goxo-goxo geratzen diren arren, dinbi-danba ibili dira errukirik gabe.





Eta bigarren taldearen ordua heldu da, eta aurrekoek bezala, aurkezpen jolasa egin eta gero, martxan hasi gara. Kotxeak garbitzeko tunelak ezagunak genituen, baina gaurkoa bezalakorik ez...Garbi, siku eta erlaxatuta irten gara banan-banan tuneletik, hurrengo proban dena emateko prest.





Boleibolean ere aritu gara gaurkoan, baina olinpiadetan ikusten denetik nahiko aldenduta. Puxika guztiak airera eta egurra beste taldeari! Azkenean, izerdi patsetan amaitu dugu guztiok. Argi dago inori ez zaiola gustatzen galtzea, ezta horrelako jolasetan ere. Hori da lehiakortasuna hori!
Ariketa gehiago egon dira, baina dena ez dugu kontatuta, ezta!?







Eguna irakaspen ederra duen ipuin polit batekin borobildu dugu. Gaurkoz nahikoa barre egin dugu, baina irakurritakoa gustatu bazaizu, martxoan, saio bikoitza antolatuko du Basauriko Berbalagunek. Beraz, argi ibili eta gurekin ondo pasatu nahi baduzu, anima zaitez!


No comments:

Post a Comment