2017-03-13

ANDOAINGO GAZTAÑAGA SAGARDOTEGIAN


Ohitura bihurtzen ari den irteera bikaina burutu dugu martxoaren 11n hego-uribeko berbalagunok, eskualdeko ikasle, irakasle eta hainbat euskaltzalerekin batera. Andoaingo Gaztañaga sagardotegiaren sarrera duzue irudietan.





Irteeraren lehen geltokia, ordea, Berria egunkariak Martin Ugalde Kultur Parkean duen egoitzan egon zen. Kazetaritzaren alde ezkutua erakutsi zigun bisita gidatu zuen Berriako langile batek. Etxean bezala sentiarazi gintuzun, Andoni!








Egoitzatik irten eta eztarriak berotzen hasi ginen tabernaz taberna, trikitilari, txistulari eta panderojoleen erritmora. Eskerrik asko, Janire, Ainhoa,Bego eta Antxon! Zeuen musikarik gabe irteera ez zen gauza bera izango






Sagardotegiko menua primeran egon zen: Txistorra, antxoa-nahaskia, bakailaoa eta txuleta. Eta postrea... gazta eta menbrilloa, jakina!
Goizean hasitako kanta sortari jarraipena eman genion, Euskal Herriko beste herri batzuetatik joandako euskaltzale askok lagunduta. Giro eta bazkari paregabea!


Eta herriko bazter guztiak musikaz janzten bukatu genuen eguna. Nekatuta, ahotsa azken momentura arte urratu genuelako, baina poz-pozik, beste behin ere erakutsi dugulako euskara kalean eta lagun artean gozatzen dela ondoen.

Datorren urtera arte, lagunok!

2017-03-07

BERBA-TXOTX!!

Aupa, euskaltzale!!
Urtero bezala hemen dugu Hego Uribeko Berbalagunek Euskarabilla elkartearekin batera antolatzen dugun sagardotegi irteera.
Aurten Andoainera joango gara; bertan Martin Ugalde parkean Berria egunkariaren egoitzari bisita egingo diogu, eta horren ostean, guk eramandako trikitilari, txistulari eta panderojolei esker, kantu-poteo alaia egingo dugu sagardotegira bidean. Gaztañaga sagardotegia da aukeratutako lekua, eta bertan bapo bazkaldu ostean, gaueko 22ak arte Andoainen ibiliko gara tabernaz taberna, potez pote eta abestiz abesti, euskara praktikatu eta ederki pasatzeko aukera ederra izango delarik.

Irteera:     -9:30etan Basaurin (San Jose ikastetxeko bus geltokian)
                 - 10:00etan Galdakaotik pasa eta jendea jaso (udaletxe parean)
Andoainen:    - 11:15-12:15 Berriari bisita
                       - 12:15- 14:45 Kantu-poteoa kaleetan zehar
                       - 15:00-17:30 Sagardotegian bazkaldu eta edan
                       - 18:00-22:00 Parranda Andoaineko tabernetan
Itzulera: 22:00etan Andoainetik atera, Galdakaora 23:15 iritsi eta Basaurira 23:45 inguru
Prezioa: 40 euro dena barne.
Anima zaitez eta egizu Txotx!! euskaraz!


  

2017-03-06

SAIBIGAINERA IGO ETA KANPORAMARTXO URKIOLAN



Mendi irteera bikaina igande honetan Ganguren Mendi Taldearekin betara antolatu duguna! Dimako aireportu zaharrean utzi gintuen autobusak, laino ilunak mehatxuka genituela. Zira jantzi eta euritakoa eskuan ekin genion bideari, poz-pozik.


Aldapan gora hasi eta 5 minutura atertu zuen, hura zortea gurea! Aurreko egunetako eguraldiaren iragarpena ez zen batere ona, eta Saibigainera igotzea baztertuta genuen, baina eguraldiak hobera egin zuela ikusita, batzuk goraino igo ziren, Arratia eta Durangaldeko bista ederrez gozatzeko.



Tontorrera heldu eta Gangureneko kide den Eguzkik Saibigainen inguruko historia eta istorioak kontatu zizkigun. Mendiaren edertasunaz gozatzea zoragarria da, baina bertako kondaira eta benetan gertatutako gertakizunez jabetzea da goraino iristea merezi izan duela konfirmatzen dizuna. Eskerrik asko, Eguzki, den-dena hain ondo azaltzeagatik.
Eta hauxe da gurutzeraino heldu ginen berbalagunon argazkia. Besteak Urkiolako santutegian zain genituen.







Irteeran eguraldia izan genuen lagun, umeak poz-pozik ibili ziren mendian gora, historiaren zatitxo bat eraman genuen etxera eta hori guztia gutxi balitz, Gangurenek prestatutako hirugihar ogitartekoek borobildu zuten datorren urtean errepikatu nahi dugun kanporamartxo irteera.


"Tipi-tapa, tipi-tapa Korrika!!" oihuka egin genuen talde-argazkia, Urkiolako santutegiko eskaileretan. Hurregoan errepidean ikusiko dugu elkar ;)