Luze hitz egin dezakegu Kontxi Belandiari buruz, baina, zalantzarik gabe, euskarari zion maitasuna zen pertsona honen ezaugarririk azpimarragarriena. Hutsune handia utzi du herrian eta gure asteazken goizeko taldean; izan ere, 90 urte izan arren, Kontxi ez zen edozein gauzagatik etxean geratzen zen horietakoa. Aitzitik, udaberrian zein neguan taldera txintxo-txintxo joaten zen beti eta baita antolatzen genituen ekintza guztietara, euskaraz aritzeak ematen baitzion bizipoz eta indar hori.
Gogoan dut Usurbilen egindako 18.Korrikaren aurkezpenera ere etorri zela. Egun pasa luzea egin behar genuen, eta, gainera, kalean. Egoera ikusita, AEK-ko irakasle batek, Kontxik ezer jakin barik, kotxea eramatea pentsatu zuen, hura nekatzean, etxera eta eroso eramateko. Aurrera egin zuten orduek, eta joateko gonbidapena egin zion, baina Kontxik zera erantzun zion: "Ni hemen lotuko naz". Eta halaxe egin zuen, gurekin geratu zen gaua sartu eta etxera bueltatu ginen arte, kaleko txosna batean. Handik egun gutxira harrapatu zuen kotxea batek, eta, hala ere, ekintza guztietara joateko gogotsu jarraitu zuen hobera egin zuenean. Ez dugu ezagutuko bera baino partaide kementsuagorik!
Euskararen alde egiten dugun lana eskertzen zigun beti, baina ez zen konturatzen gerra garaian eta diktaduran bera eta bere belaunaldiko euskaltzaleek egindako ahaleginagatik egin ahal dugula guk orain egiten duguna. Gorazarre pertsona horiei guztiei!
Gaur utzi gaitu, baina transmititutako euskaltzaletasuna eta emandako eredua gurekin geratuko dira betiko. Tira, hori eta emandako mosu guztiak :)
Hona hemen Berbalagun eta AEKide guztion omenaldi txikia
"GORA EUSKADI, IUPI!. GORA GU TA GUTARRAK"
Gora zu!