2018-03-26

YOGA IKASTAROA 2

 yoga berbalagun bilaketarekin bat datozen irudiak


 Yoga ikastaroaren bigarren zatiarekin hasteko ( aurrekoa gabonetan egin genuen)martxoaren 5ean, astelehenean, 18etan geneukan hitzordua Pozokoetxeko kultur etxean,aurreko ikastaroan baino espazio gehiago behar genuelako.Bertara aurreko ikastaroan parte hartu zuten berbalagunak eta partaide berriak hurbildu ziren, baina denak yoga egiteko gogo biziz.
Hasteko, beroketa ariketa batzuk eginarazi zizkigun Maite irakasleak, poliki-poliki martxan hasteko: arnasketa ariketak, luzaketa sinpleak... Eta hortik aurrera "master class"- a hasi zen, aurreko ikastaroaren antzera. Trebatutakoak errazago aritu ziren berriak baino, baina badakizuenez, "ezina ekinez egina!"
Asteazkenean, martxoaren 14an, aurreko eguneko pausuak errepikatu genituen, baina oraingo honetan ariketa eta "postura" landuagoekin, ikasitako gogoratuz eta barneratuz. Labur geratu zitzaiela aipatu zuten partaideek eta hori beti gustura egon diren seinale da,beraz, errepikatzeko moduko ekintza dela esan behar!!
Milesker Maiteri, hain ikastaro atsegina egiteagatik eta yoga munduan pixka bat sakontzen irakasteagatik!!
Praktikatu eta bizi!!

 

2018-03-23

SAGARDOTEGIRA IRTEERA

Urtero bezala, aurten ere Hego Uribeko berbalagunok sagardotegira joango gara. Eta aurtengo irteerak sorpresa batzuk ditu gainera:
Astigarragan dagoen sagardoaren museoa bisitatuko dugu, ondoren Andoaingo berbalagunekin elkartuko gara Astigarragan bertso-triki-poteo animatua egiteko, Fredi Paya eta Arkaitz Estiballesek lagunduta. Segidan Gaztañaga sagardotegian bazkalduko dugu, eta bazkalostean, kafea hartu bitartean bertsolariek gure belarriak freskatuko dituzte euren bertso umoretsuekin! Bukatzeko, Hernanin pasatuko dugu arrastia eta itzulerarako bi ordutegi desberdin izango dira aukeran: gaueko 22:00etan eta parrandazaleentzat goizeko 3:00etan. Plan ezin hobea, ezta?
Bada izena eman ezazu ahalik eta lasterren hegouribe@aek.eus helbidean, 607 14 68 55 telefonoaren bidez edota Bolintxu euskaltegian! Ederki pasatzeaz gain, egun oso bat euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko aukera aparta baita!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!

2018-03-20

SUKALDARITZA TAILLERRA GALDAKAOKO GURASOLAGUNEKIN

Egun borobila izan zen atzokoa Galdakaoko 5 familia eta euskararentzat berarentzat. Izan ere, Gurasolagun proiektuaren lehen harria jarri genuela esan genezake.

Saiakera bat baino gehiago egin dugu herrian, baina orain arte ez dugu taldea osatzea lortu. Aurten, ordea, eskola ezberdinetatik sortutako kuadrilla eder honek aurrera egingo duela ematen du.




Sukaldaritzaren aitzakian elkartu ginen. Talde bitan banatu eta sukaldari txano eleganteak sortu zituzten lehenbizi, banan-banan euren burua aurkeztu baino lehen. Eskulanetan ere primeran moldatzen direla erakutsi zuten nagusiek zein txikiek. Ondoren, gela erdira irten ziren, gehien eta gutxien gustatzen zitzaien jakia besteei esateko. Makarroi asko eta leka gutxi aukeran...


Hona hemen talde arrosa eta talde berdeko txef abilak lanean, labea berotzen zen bitartean. Neurriko kapela egin eta sukaldatzen hasteko prest!



Errezeta Barakaldotik ekarri zigun Leire begiraleak, eta arbelean argibideak idatzi zituzten talde berdeko ama-alaba batek. Esnetan bustitako gailetak, Nocilla, Filipinos, natillak eta gainetik gozoki-txirbila. Edozein haginlarik gomendatuko lukeen postrea! Kar, kar, kar!




Atzo, primeran pasatu genuen denok. Lastima Leirek urteak betetzen zituela esan ez izana. Kandela falta arren, "Zorionak zuri" abestuko genion gustura!



Eta oso gustura egondako talde honek hemendik gutxira beste ekintza dibertigarri bat antolatuko duelakoan gaudenez, penarik ez amaieran. Aitzitik, etxera poz-pozik joateko moduko eguna izan zen atzokoa, bai horixe!

2018-03-12

VI.BERBAPINTXO TXAPELKETA GALDAKAON


Ohitura onei eutsi behar zaiela esaten dugu beti, eta horixe egiten dute osteguneko Somerako berbalagunek. Pintxo txapelketaren seigarren edizioa ohi baino lehenago antolatu dugu aurten, sagardotegiko irteera ere gogotsu hartzeko. Bada, bete betean asmatu dugula esango nuke, ostiraleko betekadaren ostean, hilabeteko atsedenaldia behar izango dugu eta!

Goiko argazkian dituzue, aurkeztutako pintxo guztiak, euren egileen ondoan;
kategoriko mahaia, bai horixe! Aurten, beste urte batzuetan baino pintxo gutxiago egon dira, baina inoizko kalitaterik altuena. Izan ere, urterik urte epai-mahaikoen puntuak geureganatzeko estrategiak gero eta landuagoak dira. Eta aurkeztu aurretiko sukalde lana da arrakastarako gakoa


Eta hona hemen 6.edizioko podiuma eta "Hurrengoan hobeto" sariaren irabazlea. 1.saria Rakelek lortu du "Ohe kontuak" pintxoarekin. 2.saria Robertok "Marte" odoloste kroketa bereziarekin. 3.saria aurten debutatutako Evak lortu du "Berenjena atseginak" lanarekin. Eta iazko bigarren postua lortu zuen Virginiak lortu du azken postua "Azken momentuan" postrearekin.





 Puntu bakarraren aldea egon da lehen bi sailkatuen artean. Ezin lehiatuago egon da aurtengo podiuma.


Parte hartzaileen lehiakortasuna ez da txapelketara mugatzen, ondo afaldu eta trago batzuk edan ondoren, beti geratzen baitira mahai-jokoren baten aitzakian, ordu txikiak arte. Aurten, Mihiluzeri tokatu zaio, eta ezin hobeto pasatu dute, beti bezala. Beraz, hurrengo urtean zeuk ere euskaraz egun borobila igaro nahi baduzu, hasi pentsatzen pintxoa gaurdanik, datorren urtean ere leku berean elkartuko gara eta.


Bien bitartean, maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago 365 egunez!