2018-03-20

SUKALDARITZA TAILLERRA GALDAKAOKO GURASOLAGUNEKIN

Egun borobila izan zen atzokoa Galdakaoko 5 familia eta euskararentzat berarentzat. Izan ere, Gurasolagun proiektuaren lehen harria jarri genuela esan genezake.

Saiakera bat baino gehiago egin dugu herrian, baina orain arte ez dugu taldea osatzea lortu. Aurten, ordea, eskola ezberdinetatik sortutako kuadrilla eder honek aurrera egingo duela ematen du.




Sukaldaritzaren aitzakian elkartu ginen. Talde bitan banatu eta sukaldari txano eleganteak sortu zituzten lehenbizi, banan-banan euren burua aurkeztu baino lehen. Eskulanetan ere primeran moldatzen direla erakutsi zuten nagusiek zein txikiek. Ondoren, gela erdira irten ziren, gehien eta gutxien gustatzen zitzaien jakia besteei esateko. Makarroi asko eta leka gutxi aukeran...


Hona hemen talde arrosa eta talde berdeko txef abilak lanean, labea berotzen zen bitartean. Neurriko kapela egin eta sukaldatzen hasteko prest!



Errezeta Barakaldotik ekarri zigun Leire begiraleak, eta arbelean argibideak idatzi zituzten talde berdeko ama-alaba batek. Esnetan bustitako gailetak, Nocilla, Filipinos, natillak eta gainetik gozoki-txirbila. Edozein haginlarik gomendatuko lukeen postrea! Kar, kar, kar!




Atzo, primeran pasatu genuen denok. Lastima Leirek urteak betetzen zituela esan ez izana. Kandela falta arren, "Zorionak zuri" abestuko genion gustura!



Eta oso gustura egondako talde honek hemendik gutxira beste ekintza dibertigarri bat antolatuko duelakoan gaudenez, penarik ez amaieran. Aitzitik, etxera poz-pozik joateko moduko eguna izan zen atzokoa, bai horixe!

No comments:

Post a Comment