2020-05-15

AZKEN ERRONKA: BIZIPENAK KONTATZEKO NARRAZIO LABURRA

Badirudi pixkanaka itxialdia bukatzen doala eta normaltasun berrirantz abiatzen ari garela, eta hori dela eta, Hego Uribeko Berbalagunok ere erronken aroa bukatutzat emango dugu. Baina parte hartze eta irudimen aldetik oparoa izan den garai hau borobiltzeko azken ekintza proposatzen dizuegu: itxialdian izandako bizipenak kontatzeko narrazio laburren lehiaketa! Ekintza guztiz kulturala dela uste dugu, eta edonork parte hartzeko modukoa. Xehetasunak eta bete beharreko puntuak behean dagoen kartelean dituzue!
Ez zalantzarik egin eta bidali zure narrazioa! Narrazio onenek kultura-bonoa jasoko baitute saritzat!

 

2020-05-12

ARGAZKIA BALKOITIK/LEIHOTIK ETA KALETIK: IRABAZLEAK

Orain arteko erronka guztietan bezala, parte hartze handia izan dugu azken honetan ere. Beraz, ezer baino lehen eskerrik asko guztioi! Hori dela eta, aitortu behar dugu zaila izan zaigula onenak/politenak aukeratzea, argazkien maila eta originaltasuna handia izan baita! Baina tira, norbaitek irabazi behar zuen  lehiaketa eta hauexek dira hautatu ditugunak; espero dugu zuon gustukoak izatea!

Nuria  Garcia Naveira
(leihotik)

( kaletik)

Itxaso Perez
(balkoitik)

(bertatik)

Zorionak irabazleei! Oso irudimentsuak izan zarete!

2020-05-06

8. ERRONKA: ARGAZKIA LEIHOTIK ETA KALETIK

Berrogeialdiari aurre egiteko Hego Uribeko Berbalagunen 8. erronka:

51 egun joan dira kalera irtetea mugatu zigutenetik, eta, zorionez, ematen du amesgaiztoa bere azkenean dela. Hori ospatzeko, argazkiak ateratzen eta mezu laburrak idazten zelan moldatzen zareten ikusi nahi dugu!
Ariketa argazki bat edo bi ateratzean datza, eta argazki horiek zer adierazten dizuten letraz idatzi beharko duzue. Bi ateratzen dituena saia dadila biak erlazionatzen. Argazkien baldintzak hauexek dira:
1- Leihotik/balkoitik argazki bat atera behar duzue eta esaldi bat gehitu
2- Etxetik kanpo zaudetenean, askatasun hori islatzeko, argazki bat atera eta esaldi bat gehitu

Argazkia(k) eta testua(k) bidaltzeko 3 aukera daukazue: (azken eguna: domeka, hilak 10)

1- Zuzenean dinamizatzaileari bidali
2- Euskaltegiko zure irakasleari 
3- hegouribe@aek.eus helbidera

Testuak argazkiari gehitzeko arazorik baduzue, ez keztatu, geuk egingo dugu eta. Eta beti bezala, lan dotoreenak opari sortatxoa edukiko du! Anima zaitezte!
Hementxe duzue adibide bat...
(lehena etxetik)
(bigarrena bertatik)


2020-05-04

7. ERRONKA: EMOJIEKIN JOLASEAN

7. erronka honetarako jolas bat proposatu genien Berbalagun, ikasle eta irakasleei.
Goiko irudian dituzue aukeratu zituzten emojiak, tartean jolasa zertan zetzan jakin gabe. Ondoren, aukeratu zuten emoji horren antzezpena-edo egin behar zuten argazki baten bidez, eta hementxe duzue zein irudimentsu jokatu zuten!
Topatu dituzue baliokideak? Kar, kar, kar. Irudimentsu aritu ziren partaideak gero!! Gogotik barre egin genuen batzuen burutazioekin!! Aupa zuek!!
Beti bezala mila esker parte hartu zenuten guztioi, mundialak zarete eta!!

Hurrengo erronkaren zain dagoeneko, ezta? Ba adi-adi jarrai ezazu gure blogga, egunotan proposatuko baitugu datorrena!!
Birusak ez gaitu mututuko!

"PASILLOAN GORA" BIDEOKLIP ARRAKASTATSUA

  
 


Joan den astelehenean, bideo polita, baina tristea eskaini genion Kontxi Belandia berbalagunari. Gaurkoa, ordea, barrea eragiteko pentsatu genuen berrogeialdiari aurre egiteko dinamikaren barruan.

Hirugarren asteko erronka duzue hurrengo bideoa. Lau aste joan dira ordutik, bideo-muntaia lantsua izan delako eta mimoz egin nahi izan dugulako dena. Emaitza zeuek baloratu beharko duzue, baina gu, behintzat, poz-pozik gaude lortutakoarekin.
Eskerrik asko parte hartu duzuen ikasle eta berbalagun guztioi, eta, batez ere, Janire Egaña, Roberto Awanari eta Itziar Ituñori. Mundialak zarete!