2018-10-23

PRENTSAURREKO BATERATUA BASAURIN


Ostegun honetan, urriaren 25ean, Hego Uribeko berbalagun ikasturteari hasiera emango dion prentsaurreko bateratua egingo dugu Basaurin, Izarra tabernan, goizeko 11:30etan.
Prentsaurrekoan, Basauri eta Galdakaoko berbalagun dinamikako eragileok proiektuaren nondik norakoak azalduko ditugu  eta herritarrei deia zabalduko diegu izena eman dezaten.
Gainera, berbatalde baten funtzionamendua irudikatuko dugu, datozen partaideak mahaitan eserita, gai baten inguruan hitz egiten egongo baitira. Horrela, proiektua ezagutzen ez duenak ideia bat egingo du berbalagun zertan datzan argituko diona.
Gonbitea luzatzen diegu herritar, ikasle eta berbalagunei prentsaurrekora joan daitezen eta sostengua eman diezaioten beste urte batez euskararen alde eskualdean egiten den dinamika garrantzitsu honi!!
Aldez aurretik eskerrak emanez, ostegunean elkar ikustea espero dugu! Animatu, praktikatu eta bizi!!            

EREÑOZAR ETA OMAKO BASOAN MENDIBUELTA

Egun ederra izan genuen Hego Uribeko mendi-taldeko kideok aurreko igandean, ikasturteari hasiera eman zion lehen irteeran.
Goizeko 10etan ekin genion bideari Ereño herritik, apurka-apurka, aldapa pikua baitzen! Igotzen joan ahala, Urdaibai inguruko ikuspegiez gozatu genuen, lanbroak uzten zigun heinean...guzti horrek kutsu miragarria eman zion ibilbideari. Gora iritsi ginenean (argazkian ikus daitekeen moduan), lanbroa ia erabat desagertua zen, eta bizkaiako mendi esanguratsuenak begiztatzeko aukera ederra oparitu zigun egunak: Gorbeia, Lekanda, Oiz, Anboto, Sollube...
Mokadutxua jan ostean, jaitsierari ekin genion Ereñorantz, bertan kotxeak hartu eta Santimamiñeko aparkalekura abiatu ginen. Autoa utzi ostean, Omako basorantz joan ginen ibilbide zirkularra eginez. Goitik ailegatu ginen, Ibarrolaren artelan berezia ikusi, eta beheko partetik itzuli ginen aparkalekura, ordu eta erdiko ibilaldia egin eta gero.
                                 (Hego Uribeko mendi-taldea Oman)
Bukatzeko, mendi-buelta guztiek merezi duten moduan, garagardo freskoa hartu genuen Leizika tabernan, goiz polit honi amaiera emateko!! Eta noski, hurrengo mendi irteera antolatu genuen, baita egun eta lekua erabaki ere:
azaroaren 11n, igandean, Tologorrira joango gara. Gurekin etorriko??
Praktikatu eta bizi!!

2018-10-08

SANTIMAMIÑE ETA OMAKO BASOTIK IBILALDIA

Ikasturteari hasiera polita baina lasaia emateko asmoz antolatu dugu irteera hau: lehenbizi Santimamiñe inguruko kobak ( Santimamiñe bera, Lezika...) ikusiko ditugu, eta 90 minutuko bisita gidatu baten bidez euskal kulturaren ikur adierazgarrienetakoa den leku miragarri honen sekretuak ezagutuko ditugu.
Ondoren, kobaren sarreratik bertatik ateratzen den bideari segituz, Omako baso margotura hurbilduko gara, eta Ibarrola artistaren obra "eko-modernoa"z gozatzeko aukera izango dugu.
Plan hoberik igande baterako? Zaila, ezta? Gurekin  etorri nahi baduzu eman izena lehenbailehen urriaren 15a baino lehen, lekuak mugatuak baitira!
Praktikatu eta bizi!!