2011-05-26

Asteazkeneko taldearen bazkaria















Ikasturtea amaitzear dago eta baita Berbalagunen ikasturte honetako hitzorduak ere. Horregatik atzo, asteazkeneko lagunok elkarrekin bazkaltzeko geratu ginen. Astearteko taldekoa den Miren gurekin etortzera animatu genuen, konpainia onean bazkaltzeko eta bide batez beste taldekoak ezagutzeko.




Astero-astero kafetxua hartzen dugun taberna bisitatu barik ezin izan genuen utzi, eta horregatik bazkaldu baino ordubete lehenago geratu ginen ohitura onak ez galtzeko. Bazkari ederra prestatu ziguten astero elkartzen garen tabernatik metro eskasera dagoen jatetxean. Eta bazkalostean, kantuari ekin zioten berbalagun batzuk, gonbidatua besteen artean, beraz hori ondo pasatu zuen seinale izango da.




Aurreko urtearen aldean gizonezkoon presentziak apur bat gora egin arren, oraindik ere, emakumeak nagusi gure taldean ere. Ez gara kexatuko bada...




Ea orain arte bezain ondo jarraitzen dugun, bai aurten bai datozen urteei begira. Taldeak hazten jarraituz gero ez gara tabernan sartuko datorren urtean. Ea egia den, hori oso seinale ona izango litzatekeelako.





2011-05-19

Maiatzaren 29an, BOGA Ondarrura!

Maiatzaren 29an Bizkaiko ikastolen festarekin dugu hitzordua.

Aurten Ondarrun ospatuko da Ibilaldia eta urtero bezala, euskaltzalez lepo egongo dira berez euskaldunak diren kostadeko herri honetako kaleak.
Lortutako dirua, hezkuntza eredua herriratzeko, eskualde osoan euskara lau haizeetara zabaltzeko eta beharrezkoak dituzten baliabideak lortzen laguntzeko bideratuko da.

Egitaraua kultura euskaintza zabal batek osatzen du. Adin guztietako jendeak du Ibilaldian gozatzeko eta bide batez, euskarari laguntzeko aukera.

Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak, bertara joateko autobusa antolatu du,
Galdakaotik 9:30ean irten eta 18:30ean bueltako bidea hartuko duena.

Gurutzeko frontoitik irtengo da autobusa.
Izena emateko azken eguna Maiatzaren 23a.
94 456 02 64 deitu edo Barandiaran AEK euskaltegian izena eman.
Autobusaren prezioa: 8€ joan-etorria.


Berbalagun eta euskaltzale guztiok BOGA Ondarrura!!!

2011-05-18

Maiatzaren 13ko afaria

Maiatzaren 13an, Galdakaoko Pepeto kultur elkarte gastronomikoan, Arkaitzen eta Ainararen urtebetetzeak ospatzeko afaritxu bat egin genuen. Ainara sukaldari finak prestatu zuen txerri solomilloa muxikarekin labean.Uuuuummmmm....Sukaldari ikastaro bat eman beharko digu hurrengo batean, bene-benetan oso goxo egon zelako dena.

Afaria amaituta, gaurdian "Zorionak zuri" abestu genien biei eta oparien txanda heldu zen. Mendiko bisera Arkaitzi eta eskumuturrekoa Ainarari. Eta irtetzear genudela, denontzako opariak agertu ziren bapatean.

Sukaldariarentzat amantala. Mendizalearentzat linterna-txiskeroa eta irrati txikia. Pisua erosi behar duen bati itzulapikoa. Botea eraman behar zuenari karteratxoa. Dantza ikastaroan dabalen bati dantza egiteko zapatilak. Eta bukatzeko, terrazan piperrak dituenari ureztailua. Zenbat barre egin genuen...

Hurrengo afariaren data jarrita dago, beraz honetan egon ez zaretenok animatu hurrengora!

2011-05-17

Mintza eguna 2011

Urtero legez, heltzear dago berbalagunon eguna. Aurten Elizondon, Baztango hiriburuan, ospatuko dugu ekainaren 4an.

Beste eskualde eta herrietako berbalagunak ezagutzeaz gain, Euskal Herriko herri ederrenetakoa ezagutzeko aukera izango duzue.

Bazkaria: Paella, oilasko "pilotak", solomoa eta postrea izango da.
Menuaren prezioa: 20€
Izena emateko azken eguna: Maiatzaren 24a

Egitaraua:

11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa Merkatu plazan
12:00etan: Ibilaldi girotua
13:30ean: Mintza bermuta
14:30ean: Bazkaria Merkatu plazan/Baztango frontoian
16:00etan:Sari banaketa
16:30ean: Euskal erromeria

Autobusa Santutxu eta Getxoko Berbalagunek antolatu dute eta eurekin joango ginateke. Izena, ahalik eta azkarren eman. Sarrera 10€ inguru.

Erlaxatuta irten ginen ikastarotik bai















Maiatzaren 13an egindako erlaxazio ikastaroko argazkiak dituzue ikusgai.

Fontso berbalagunak azaldu zigun arnasa hartzeak duen garrantzia. Hasieratik, elkar ezagutzen ez genuen jendea, bikoteka jarri gintuen eta elkarri begietara zuzen begiratzeko agindu zigun.
Honek tentsio sortzen zuela nabaritu genuen eta tentsio hori askatzeko indioen pare jarri gintuen zarata ateraz borobil bat eginez bueltaka geundela. Jarraian zentzumenen garrantziaz jabetu ginen. Begiak itxita entzumena eta gero ukimena landu genituen. Bikotearen eskuak eta hauen energia sentitzeko ariketa bat egin genuen ondoren. Masajeen antzeko zerbait izan zen, eta zeinen gustora egon ginen!
Amaitzeko, hasiera batean tentsio unea sortu zigun bikotea besarkatzeko esan zigun. Oso sentsazio goxoa izan zen eta emozioak adierazteko modu bikaina.

Hurrengorako badakizue, anima zaitezte eta etorri gurekin!

2011-05-09

Erlaxazio ikastaroa

Maiatzaren 13an, Galdakaoko Berbalagunek erlaxatzen
ikasteko ikastaroa eskainiko du.

Hitzordua 10:00etan izango da Barandiaran AEK euskaltegian eta sarrera debaldekoa duzue.

Egun bateko saioa izango da, ez da astero astero geratzeko taldea. Hala ere, Berbalaguneko dinamika ezagutzeko aukera polita da.

Iaz ikastaroan parte hartu zutenak oso pozik geratu ziren, berriz egiteko gogoz. Ez galdu aukera eta etorri gurekin, lanak, ikasketek edota etxeko gorabeherek eragindako antsietateari aurre egiten ikastera.

Zita ostiral goizean izanik, baliteke jende asko lanean egotea. Zaudete lasai, oraingoan etortzerik ez duzuenoi, beste egun eta ordu bat jarriko zaizue, jende kopuru nahikoa egotekotan. Beraz, ostiral honetan etorri ezin duzuenok ere izena eman, hurrengoa antolatzen hasteko.

Izena emateko hiru aukera dituzue:
- Barandiaran AEK euskaltegira etorri
- 944 564 119 telefono zenbakira deitu
- galdakao_berba@aek.org helbidera mezua bidali

2011-05-02

Maiatzaren 8an, denok Senpererat.


Maiatzaren 8an, Seaskak urtero iparraldeko ikastolen alde antolatzen duen Herri Urrats festara joateko proposamena.

Urtero bezala Lapurdiko Senpereko aintziraren inguruan antolatuko dira ekitaldi guztiak. Aukera ugari dago egun zoragarria pasatzeko: Kontzertuak, dantzariak, bertsolariak, haurrentzako txokoa eta abarrek borobilduko dute euskal giro paregabea izango duen eguna.

Aurtengo leloak, laku bat munduan du izena eta ateratako dirua, Kanboko Xalbador kolegioan egingo diren obren finantziazioan laguntzeko erabiliko da.

Etxebarriko euskara zerbitzuak, hara joateko autobusak antolatu ditu, irteera 8:30ean udaletxe ondoko bus geltokian izango da. Txartelak erosteko deitu Etxebarriko euskara zerbitzura (94 449 50 43) edo euskaltegira (94 426 28 02).

Egun polita pasatzeko eta euskararen alde egiteko aukera bikaina daukazue igandean. Beraz, gu ere euskararen aldeko laku horretan tanta bat izan gaitezen.