2018-04-27

BASAURIKO 4. MINTZODROMOA

Kaixo Hego Uribeko euskaltzale guztioi!! Hementxe dugu Basaurin ospatuko dugun 4. Mintzodromoa eta espero dugu ahalik eta jende gehien etortzea. Aurreko ekitaldiak bezala, Solobarria plazan ospatuko dugu, bi saio izango dira, goizez zein arratsaldez, eta euskara kalera atera eta solasaldi jatorra izan nahi duen ororentzat aukera paregabea izango da. Zuen zain gaude!! Gogoratu, izena emateko azken eguna maiatzaren 10a dela!
Praktikatu eta bizi

MAIATZEKO AGENDA


2018-04-24

BARRETERAPIA BASAURIN

Askotan esan ohi da ez dagoela barre egitea baino gauza osasuntsuagorik, eta euskaraz eginez gero hobe!! Bada, premisa hori ondo baino hobeto bete genuen Basaurin gauzatu genituen bi barreterapia saioetan.

Deialdiak arrakasta itzela izan zuenez bi saio egitea erabaki genuen; bata goizez eta bestea arrastiz. Argazki honetan ikus dezakegu goizeko taldeko partaideak aurkezpenak egiten mihia kanpoan zutela. Talde hau txikiagoa zenez, Bolintxu euskaltegian egitea proposatu genuen; baita asmatu ere!! Kalean egiten zuen berotik babestuta ederki pasatu baikenuen Andoni irakasleak eginarazi zizkigun jolas eta ariketekin, barreterapia ez baita barre egitea soilik, mugitzea, jolastea, sozializatzea ere baita!
Hurrengo argazkian arrastiko taldea ageri da, eta nabaria denez, goizekoa baino dezente handiagoa izan zen ( 32 lagun). Hori dela eta, areto handiago bat bilatu genuen, eta Basozelaiko kultur etxeak aukera paregabea eman zigun gustura egoteko.
Dinamika antzekoa izan zen: taldekako aurkezpenak mihia kanpoan zutela edo "gameluen hizkuntza " erabiliz; taldekako jolas dinamikoak; musika; barreak... horiek guztiak uztartu genituen Andoniren laguntzaz.
Jolasek irabazle eta galtzaileak dituzte, baina Barreterapia saio honetan ikasi genuen galtzea ez dela beti txarra izan behar, argazki honetan ikus baitezakegu jolas baten galtzaileek zelan "gozatu" zuten "masaje  tuneletik" igarotzean...kar, kar, kar!
Bukatzeko erlaxazio ariketa batzuk egin genituen eta banakako autoebaluazioan partaide guztiek azpimarratu zuten zein ondo pasatu zuten eta zein gorputzaldi onarekin bukatu zuten!! Zalantzarik gabe, errepikatzeko moduko bi saio izan ziren!! Milesker Andoni hain tarte atsegina pasaratzeagatik, eta nola ez, parte hartu zuten Berbalagun eta ikasle guztiei, zuek gabe guzti honek ez baitu zentzurik!!
Segi dezagun euskaraz gozatzen, ahal dela  alai eta irribarretsu! Gu ,behintzat, saiatu egiten gara!
Praktikatu eta bizi!!



2018-04-23

2018KO SAGARDOTEGI IRTEERA

Urtero bezala, eta dagoeneko ez dakit zenbatgarrenez, Gipuzkoako sagardotegi batera joan gara Basauri eta Galdakaoko berbalagunok, AEK-ko ikasleekin batera. Egitaraua, ordea, inoiz baino oparoagoa izan da, ekintza AEKrekin elkarlanean antolatu dugu eta. Goizean goiz autobusa hartu eta 11:00etarako Astigarragako sagardoaren museoa ikusteko prest geunden irteerara animatutako 60 kideok.




Kopurua hain handia izanik, hiru taldetan banatu behar izan gintuzten, giden azalpenak entzuteko.
Eguzkiak gogoz kolpatzen zituen geure buruak, baina primeran ulertu genuen sagardoaren ekoizpena zertan datzan, eta, baita, "kiski", "dolare" edota "kirikoak" bezalako hitz politak ikasi ere.

Alde teorikoa, gainera, berehala uztartu zuten alde praktikoarekin, eta gure berbalagunak lanean jarri zituzten gidek. Hona hemen, Dabidek eta Hiartek kirikoak dantzan jarri behar izan zuteneko momentua. Ederto batean burutu zuten euren eginbeharrekoa, begiak gainetik kentzen ez zizkien gidaren erritmora.



Haizerik ez zebilen, eta  eskertu egin genuen museoaren barruko tartea. Sagardoak historian izan duen pisuaz aritu ziren  hasieran, eta dastaketa egin genuen ondoren.


Berandu, baina dastatzaile profesionalen plantak egin ostean, eztarriak freskatu genituen, azkenean. Eskerrak!






Aurten, inoizko planik osoena izan dugula aipatu dugu lehen, eta, neurri handi batean, AEK-k kontratatutako bertsolariei esker izan da. Fredi Paiak eta Arkaitz Estiballesek girotu zuten bazkaldu aurreko poteoa, bertsoz zein kantuz, eta eguneko momenturik dibertigarrienak izan zirela esan daiteke. Primeran pasatu geunen denok, batez ere, ondoko lagunari jo ziotenean adarra.



Eta poteoan primeran pasatu bagenuen, txotx egiteko momentuan, zer esanik ez! Talde ezberdinetako kideek elkar ezagutzeko aukera paregabea ematen du sagardotegiak, eta halaxe egin dugu aurten ere. Ez dakigu museoan jasotako aholkuak baliatuko zuen baten batek, baina ez ginen denbora luzez mahaian jarrita egon, behin eta berriro altxarazten baikintuen txoooooootx oihuak.





Andoaingo Gaztañaga sagardotegian oso gustura egon ondoren, Hernanira jo genuen, ohikoa den bazkalosteko poteoarekin jarraitzeko. Hortik aurrerako argazkirik ez dugu jarriko, badaezpada. Kar, kar, kar! Beraz, hurrengo batean, zein ondo pasatzen dugun jakin nahi izanez gero, adi martxoa heltzean, sagardotegikoa urtero-urtero errepikatuko dugun hitzordua da eta!

2018-04-13

BARRETERAPIA BASAURIN

Barre egitea baino gauza osasuntsuagorik ez omen dago, eta euskaraz eginez gero, are gehiago!! Bada, Berbalagunek aukera ematen dizu arratsalde ederra pasatzeko barreak eta euskara uztartuz!
Barreterapia saio honen ostean gorputzaldi bikainarekin etxeratuko zarela ziurtatzen dizugu, eta euskaraz gozatzeko beste modu interesgarri bat ezagutuko duzu!!
Ez egin zalantzarik eta eman izena gure posta elektronikora idatziz!! Nola ez, beti bezala ekintza hau dohainik izango da!!
Praktikatu eta bizi!!