Galdakaoko
Mintzodromoaren 4.edizioa antolatu dugu gaur, Euskararen Nazioarteko
Egunaren ondorengo egunean. Urtero esaten dugu jendetza biltzen
dugula ekitaldi honetan, eta aurten ere halaxe izan da. Izan ere, AEK
eta Udal Euskaltegiko ikasle, Eguzkibegi, Elexalde eta Bengoetxeko
ikasle, eta berbalagunen artean 120 lagun aritu dira ordu eta erdiz
euskaraz hitz egiten, mahaiak dinamizatu dituzten laguntzaileen
esanetara.
Laguntzaileena izan da, zalantza barik, aurten nabarmendu beharreko beste
puntu bat, AEK, Udal Euskaltegi, institutuetako irakasle eta euskara zerbitzuko kideez gain, Orreaga, Patakon, Bertso-eskola eta Gure Esku Dago taldeetako ordezkari bana ere bertan izan direlako laguntzen.
Turismoaren gorakadaren ondorioez hitz egin dugu lehenbizi. Gero, herri txiki batean eta hirian bizitzearen alde onak eta txarrak aztertu ditugu; eta azkenik, gaur egungo gizartean dugun estresa izan dugu hizpide.
Aparteko zailtasunik ez daukaten gaiak dira, baina buruari eragiteko tartetxo bat eskatzen dutenak.
Txokolate beroak kaleko hotzari aurre egiten lagundu digu eta hamaiketakoa pastekin borobildu dugu, gozo-gozo berriketan aritzen ginen bitartean. Euskaraz hitz egitea da ekitaldi arrakastatsu honen helburua, baina , batez ere, euskaraz hitzegiteko prest dagoen herriko jendea ezagutzea, bihar ere euskararen eguna izango delako ataritik ateratzen garenean.
Helburua beteta, talde-argazki erraldoia atera dugu, herriko
jendearekin osatutako euskararen aldeko bideo bat ikusi ondoren. Zer
gehiago eska dakioke Mintzodromoari? Bihar ere ehunka mintzodromo
txiki egiteko balio dezala gaurkoak.
No comments:
Post a Comment