2017-05-22

V.PINTXO TXAPELKETA GALDAKAON


Aurten ere, azken bost urteotan bezala, V. Pintxo-txapelketa ospatu dugu Galdakaoko berbalagunok. Pepeto Kultur Elkartean geratu ginen ostiralean, 20:00etan. Batzuek bertan egin zuten pintxoa, beste batzuek etxetik ekarri zituzten eginda, eta tertulia goxoan itxaron zuten, zerbait hartzen zuten bitartean. Orotara, 11 pintxo puntuagarri aurkeztu dira bosgarren edizio honetan, zein baino zein goxoago!

Lehiaketan ostegun arratsaldeko talde bietako hamar partaidek eman zuten izena, eta hemendik aurrera taldeko beste kide bat izango den AEK-ko ikasle bat ere animatu zen. Ongi etorri, Rakel!

21:30ean hasi genuen dastaketa, papera eta bolia eskuan genituela. Zaporea, aurkezpena eta originaltasuna baloratzen ditugu urtero, eta badirudi urterik urte gorago jartzen dugula langa. Aurten, besteak beste, txipiak tipula gorrituarekin, odolostea piperrak eta galeper arrautzarekin, txorizo taloak eta zerba ezti eta berakatzarekin osatutako pintxoak geratu dira podiumetik kanpo. Kontuak atera!

Hauexek dira aurtengo brontzea, zilarra eta urrea lortu dituzten pintxoak:



1. Postua: 103 punturekin "Sagarra-manzana, ikatza-carbón..." Sagar xerra eta foie errea, tipula gorritua eta modena ozpinarekin (Rakel Dominguez)

2. Postuan: 83 punturekin "Barazki bizidunak" mota guztietako barazkia tartarra (Andoni Vargas)

3. Postuan: 67 punturekin "Galdakaoko txalupa" urdaiazpikoa, kuiatxo krema, pestoa eta pinaziak (Virginia Blasco)

Hona hemen podiumera igo ziren partaideak, puntuak zenbatzen egon ziren berbalagunekin. Irabazlearen poz aurpegiak dena esaten du, asteazkeneko berbalagun jostunek jositako amantala irabazi ondoren.

Eta hona hemen beste txapeldunen talde argazkia. Kasu honetan inoiz baino argiago geratzen delako irabaztea gutxienekoa dela. Bejondeizuela!



No comments:

Post a Comment