Pasa den igandean ikusten duzuen koadrila eta argazkilaria (ni neu) Urkiolara joan ginen goiza pasatzera. Eguraldia lagun izan genuen, nahiz eta hasiera batean lainotuta egon, argazkian ikusten den bezala lainoak zeharkatu ostean eguzkia izan genuen nagusi, hodeiak gure oinetan utziz.
Urkiolako santutegitik Urkiolamendi igo genuen eta hortik pol-poleko iturrira jaitsi ginen. Bertan freskatu ostean, Larranoko lepora igo ginen, mendilerro zoragarri honen ipar-aurpegia ikustera. Bertan fruta pixka bat jan ondoren, berriro pol-polera jaitsi ginen ganorazko hamaiketakoa egitera, berbalagun bik patata tortilla ekarri baitzuten!!
Bapo jan eta gero, apurka-apurka itzuli ginen santutegira, goiz itzelaz gozatu eta gero.
No comments:
Post a Comment