2017-11-13

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA

Urtero Berbalaguni hasiera ematen dion festatxoa da herrietan egiten dugun aurkezpena, eta aurten ere ederki pasatu zuten bertaratutakoek, oraingo honetan Bonboi tabernan.

Aurkezpenaren helburuetako bat talde desberdinetako berbalagunak elkar ezagutzea izaten da, betiere giro alai eta umoretsuan. Horretarako 3 jolas prestatu genituen, baina has gaitzen hasieratik.
Lehenik, berbalagunek energia izan zezaten, pintxo gozo batzuk izan zituzten eskura, baita zurito eta ardoak ere. Jana eta edana eskuan zutela post-it batzuk banatu genizkien, bertan aurten berbalagun dinamikan egin nahi dituzten ekintzak idazteko. Horrek urtean egingo ditugun ekintza osagarriak gauzatzeko ideiak emango dizkigu. Beste post-it batean zein ekintza emateko prest leudeken jarri zuten, hala ekintza horiek aurrera eramateko erraztasuna emanez.

Behin bapo jan eta edan ondoren eta elkarrekin hitz egiteko aukera eman ostean, lehenengo jolasari ekin genion. Jolas honen helburua taldeak sortzea zen eta talde barnean solasaldiak osatzea. Horretarako, 5 familia genituen prest: iraultzaileak, Simpson familia, bertsolariak, kontinenteak eta Asterix. Partaide bakoitzari familia horretako pertsonaia bat itsatsi genion bizkarrean, eta galderak eginez nor zen asmatu eta bere familia topatu behar zuen.
Algaraka ibili eta gero, behin taldeak osatuta euren arten berbetan utzi genituen, 15 minutuz, elkar hobeto ezagutzeko. Jarraian bigarren jolasari hasiera eman genion. Bertsolari Txapelketa nagusia martxan dagoela aprobetxatuz, 8 bertsoko ariketa bera jarri genien talde guztiei, bertsoei falta zitzaizkien errimak hutsuneetan kokatzeko. Bertsolari sena piztuko zitzaion inori!!
Eta bukatzeko, 10-12 euskal abesti "mitiko" jarri genituen; abestiaren hasiera entzun, zein zen esan eta abestea zen helburua. Baita ederki bete ere, hortxe ibili baitziren abesten eta dantzatzen gure berbalagun animosoak!
Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren guztiei, eta bereziki Bonboi tabernari, jaia aurrera ateratzeko erraztasun guztiak eman zizkigun eta!

No comments:

Post a Comment