2018-12-03

GALDAKAOKO 5.MINTZODROMOA IRUDIETAN


Begi bistakoa da mintzodromoaren arrakasta, argazkiari  begiratzea baino ez dago, horretaz jabetzeko. Orain dela bost urte hasi ginen Urreta kiroldegian, gogotsu bezain urduri, eta beste urte batez bete dugu Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia, euskaltegietatik, institutuetatik, Berbalagunetik, Euskara Sailetik eta herriko elkarteetatik etorritako jendeari esker.



Gainera, gaurkoa egun berezia izan da, Euskaraldiaren azken egunarekin bat egin duelako Mintzodromoak. Goiz osoan izan du protagonismoa euskara hauspotzeko dinamika berri honek. Izan ere, pantaila erraldoian ez ezik, hirugarren gaian ere izan dute presente mahaietan egon diren 120 solaskideek. Geuk ere Euskaraldiaren aldeko aletxoa ipini nahi izan dugu, eta kontzientziaren bat astintzeko balio izan badu, ongi etorria saiakera.



Beste gai biak ere interesgarriak izan direla esan digute parte hartzaileek. Lehen gaian, Reality show-ei buruz hitz egin dute. Bigarrenean, berriz, plastikoaren kontsumoaz. Oso gai ezberdinak dira, bertaratutako jendea ere oso ezberdina delako. Sexu, adin, ohitura eta pentsaera aniztasun nabaria ikusten dugu urtero; eta hori dela eta, gaiekin guztiak eroso egotea nahi dugu.





Gaiak, giroa eta txokolate beroa zein pastak primeran egon dira, eta ziur gaude datorren urtean ere halaxe egongo dela dena . Bai horixe! Aurtengoa amaitu aurretik, eskerrik beroena laguntzaile aritu diren AEK, Udal Euskaltegi, Euskara saila, Berbalagun, institutuetako irakasle, Erabide, Zizpa eta Patakoneko kideei; mahaiak eta aulkiak jarri dituzten brigadako langileei eta baita argia kontrolatzeaz arduratzen den teknikariari. Denoi esker atera da dena hain ondo!

Datorren urtean ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, segi euskaraz gozatzen!

No comments:

Post a Comment